|
Segundo Kalonje
Dirua ta deabrukeriak
1
Milla bederatzireun larogei ta iru,
nun da nork ote dauka nai aiña diru?
Aberatsenak ere pilla azi nai du,
nundik arrapatuko ogeitik amairu;
arrano ta miru,
gogor datozkigu
millaka kastigu,
sarritan gaizki gu;
ez ote da izango iñor testigu?
|
2
Munduan badaudela ainbat aurrerapen,
gizonaren buruan etziranak len.
Ondraduak balira zeiñen on liraken!
Artaraka legoke zedozer iraupen.
Or zer dabilkiten
ez degu jakiten,
gaude irakiten
odol txar egiten;
deabruen mendetik gu noizko irten?
|
3
Lurralde askotxotan ezin konpondua,
kontzientziak jota dauka ondua;
biotza gogorra ta kopeta illundua,
adiskidetutzeko pranko berandua;
maitasun sendua
oso urrundua,
gizon lizundua,
astoki, mandua;
alkarri laguntzeko au da mundua!
|
4
Alkar ikusi nai ez iñondik iñora,
zorigaiztokoa da gure denbora.
Laguna azpiratu, geuk altxa nai gora,
deabruaren naia beran izango da;
gorrotoa lora,
barrutik kanpora,
txarrerako moda,
sartu aretora,
argiak itzalita goaz linbora.
|
5
Gaurko aurrerapenak dira bildurgarri,
noraiño joango diran zeiñek igerri?
Tximixta bezelaxe sutsu ta biurri
ikusten ditugunak ainbat adar gorri;
maitasuna urri,
gorrotoa sarri,
tranpan erriz erri,
bizioak jarri,
gazteak ondatzeko prendak ekarri.
|
El Diario Vasco, 1983-III-24
|