Gaur aiña eskale


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Kalonje Segundo »  Egunkari eta aldizkarietako bertsoak »  Gaur aiña eskale

Segundo Kalonje

Gaur aiña eskale...



1
Donosti ontan ere gaur aiña eskale,
bestek emandakotik jan da edan zale.
Abiatzen bazera iñoiz kalez kale,
ikusiko dituzu makiña bat ale.
2
Ez dizute esango alperrak diranik,
alaxe ote diran irudipena nik.
Lotsagabe ausartak seitik bost izanik,
oieri ematea ez det beste penik.


3
Eliz aurrean ere eska eta eska,
agure eta atso, mutil edo neska.
Jarriko dizkitzute besoak trabeska,
nor errukituko dan or daude ameska.
4
Zenbat ijito-mota eskaka ari dan,
sortzen ez dago errez danentzat segiran.
Langilleak alperra asko dauka jiran,
gaiñera nork daki noiz gutxituko diran?


5
Eskale gutxi-gutxi ez degu ikusten,
ari dira oitura gaiztoak ikasten.
Ezpadute bizio trakets ori uzten,
ia laister labanaz larrutzen gaituzten.
6
Gaur entzuten deguna palta dala lana,
ori ere urritu len geiegi zana.
Nundik osatuko da guztientzat jana?
Nabarmenena dabil lotsik ez daukana.


7
Emaleak badauzka makiña bat ezten,
artzailleak pakean ez baidio uzten.
Emen zer gertatzen dan ez al da ikusten?
Emale piñik ez da iñoiz aberasten.
8
Ni ez nai gezurretan ariko iñori,
egi galanta dala noski badirudi.
Beti eska ta eska lagun urkoari,
besterena artzeko maitasuna lodi.


9
Eskale gaixo oiek ezin zaizkit aztu.
Jainkoarekin ere ibili nai justu.
Guretzako badago makiña bat gastu,
esku zabala dana ezin aberastu.
10
Mundua zuzentzeko dabillen ainbat itz,
otar bat egiteko amar milla zumitz.
Artzaille dagon dana emalea balitz,
nik ere obe nuke eskalea banintz.


11
Gu gera emaleak daukagun pixkatik,
aterako badegu anima kezkatik.
Lau aixa tranposoak badaude bostetik,
nik ez det bizitzerik izandu esketik.
12
Keja jendeak emen badauka naikoa,
beartsuenak ere nai degu goikoa.
Lana eskatu baiña neke gabekoa.
Ortik nun izango da? Or dago kakoa.


13
Goiko mailla nai degu lan gutxi egiñez,
nola artu liteke orrenbeste laiñez?
Ontziak betetzean egiten du gaiñez,
len nola bizitzen zan gaur askok jakiñ ez.


Leenengo sei bertsoak: El Diario Vasco, 1983-X-12. Gaiñontzekoak: S. Kalonjeren esku-idazkietatik













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org