Karlisten gerrateko oroipenak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Kalonje Segundo »  Ataria »  Karlisten gerrateko oroipenak

Segundo Kalonje

Karlisten gerrateko oroipenak



SEGUNDO Kalonjeren jaiotetxeak, Oriamendi baserria alegiak, ondo ezagutu zituan karlisten bi gerrateetako zalapartak. Alako lekuan dago izan ere: liberalak Donostian eta karlistak erriaren jira guzia artuta. Baserri orren inguruan gertatu zan Oriamendiko burruka esaten dana, karlistak leenengo gerratean lortu zuten garaipenik aundievetako bat. Ordutik dator karlisten himno edo kanta nagusia, Oriamendiko martxa izenarekin ezagutzen dana. Zer arriturik ez dauka, beraz, baserri ortako familian guda oietako oroipen asko gorde izana. Kontatu ere oietxek egingo ziran neguko arratsetan sukalde artan. Ala, ona emen Segundok bein batez esan zizkigunak.

Gure aiton ori artean sasoi onekoa. Baiña gazterik ezkondua eta iru aur zituena. Orrelakoa gerratik libre izaten zan. Baiña soldadu zebiltzanak baiño askoz ere bizimodu txarragoa pasa zuela esaten zuen arek, eta ala pasako zuen gaiñera.

Karlistak noiznai kax-kax atean, gauez etorrita edo eguna argitu baiño leen beintzat. Ori baiño tristeagorik ez da. Deitu eta kargu artu:

Gure berri zuek esaten diezute beltzei!

Eta egunez beltzak:

Gure ibillerak zuek salatzen dizkiezute karlistei.

Bi aldeetako jendea dabillen lekua baiño txarragorik ba al da, bada?

Ikaragarrizko sagar-urtea izan omen zan orduan, eta egin beiñepein sagardoa nolabait, garai artan tolarea nurrnai edo ia baserriero zanez.

Eta karlista oiek gauean, beren pusillekin, baserriz baserri, erdi berdoztu eta batere inportik etziela.

Kax-kax ateetan, eta iriki bearko. Ura bizimodua! Gure aiton ori esaten zuenez, batean alaxe etorri omen dira bi soldadu, leen berotuak, eta:

Sagardorik bai al dek? Gureak: Bai.

Nola edo ala beiñepein txarroa bete eta eman; eta aiek bat edan eta bestea zurrut.

Gero, or asi omen dira gure Oriamendi jaiotetxe ortatik Oriamendiko fuertera tiroka, an beltzak ziran eta. Baiña aiek gauean tiroen sua goitik beera ederki ikusten eta kaiñonazoka ekin. Egiñalak egin zituzten. Baiña ez bajatzen kañoia bear bezela, eta gure etxearen gaiñetik pasa eta Miramungo sagastitik onuntz jotzen omen zuten. Gure aitonak ikusi omen zuen, bai, nun sartu ziran aiek.

Bitartean, gure aiton orrek:

Mutillak, zaute geldirik! Duroa badiat eta emango dizuet geratzeagatik!

Benga, bada, benga duroa!

Eta duroa, zillarrezkoa noski, leiotik bota die; baiña lurrean erori eta denbora-mordoa pasa omen zuten aiek poxpoloak piztuta lurrera begira eta bueltaka, eta ez billatu. Urrengo egunean bista-bistan an omen zegoan.

Egunez tropa etortzen omen zan Donostitik, beltzetakoa; ta Benta eta Oriamendi artean kamio-buelta aundi ura nola da? Ba, an eta Laxtueneko ortan gelditzen omen ziran eguna pasatzen; eta illunabar aldera erretira.

Baiña gora zetozenean, or erreleboan, egun batean etxe batekoak eta bestean bestekoak, baxtar-bideetatik joan bear karlistarik ba ote zan begira. Auek, ordea, bestela frenterik zeratzeko indarrik ez; eta ez egunero, baiña tarteka beren gordelekuetatik tarra eta tarra tiroka ekin, eta bota egiten soldaduak. Ura ere bizimodu ederra!

Gure aitak esaten zuanez, Maximo izena zuan mutilzaar bat ba omen zan Laxtuenen, oso bitxo gogorra, eta egun artan ari tokatu:
tropa zetorrela eta aurretik ikusteko ea karlistarik bazan. Eta joan egin bear. Maximo ori bialdu dute eta etzala iñor. Baiña aurreragi etzan joango, bestela bera ilko zuten eta.

Eta zer dek eta egun artan tokatu. Danba!, eta soldaduren bat-edo or bota dute karlistak. Gure jaiotetxetik beera, Pakea ba al daki etxe aundi ura: Txendarmene? Aren aurrean omen zan.

Orduan afusillatu egin bear zala Maximo ori. Errezatzeko “nere Jesukristo Jauna”. Jarri omen dute eta Maximo orrek deitu omen zuan:

Ez al da emen euskaldunik?

Izan orregatik bat, eta:

Zer nai dezu?

Ni joan eta ortxe ibili naiz, baiña ez det inor ikusi. Eta nik al det kulpa? Ea zer esaten duan nagusiak!

Au eta ura, ola eta ola, eta azkenean errukitu pixkaren bat; eta bizirik utzi omen zuten beintzat, desafioak eginda:

Urrengoan obeto erreparatu!

Zakur galduak nola ibiltzen dira? Ba alaxe orduan karlistak esaten zuten. Gu ere keja izaten gera, baiña gure aitak esaten zuan:

Guk ere pasa diagu miseria pranko. Baiña gure aurrekoak geiago pasa ziten.

Etzan ederra izango gerra-ondo ura ere. Etxean orduan iru arreba zaarragoak eta gure aita laugarrena, gerra asi zanearredo jaioa; eta esan dedana: urte aietan ikaragarriak ikusiak. Beintzat, bat mutil koxkorretan il omen zan, baiña amar izanduak izan bear zuten. Ala ere azi; bizi nolabait ere aiek ere.

Gero, beste gauza bat, gure aita zanak makiña bat bider esan zuana. Etxekoandreak bi neskazar omen zituzten, eta aiek Prantzira joan omen ziran, ta andikan abisatzen omen zuten:

Kontu egin gure etxeari! Bestela, ez esperantzik eduki gerorako!

Alegia, orduan etxe asko erre omen ziran, eta gureak ere eskapada ederrak egin omen zituen, baiña ezer ere gabe ondo atera. Eta orregatik esaten omen zioten kontu egiteko etxeari.

Orduan ala bizituta, zer dek eta, gerra bukatu zanean, gure etxea ez bezelako baserriak, baserri bikaiñak, maizterrik ezin billaturik egon omen ziran. Ara gauzak nola aldatzen diran.

Gure aiton ori eztaietan tobera jotzen batera eta bestera asko ibiltzen zan. Kanta zaar asko zekizkian. Karlistetako bertso batzuk ere bai:

Kolumna igo dute
Arkosko torrera...


Banekizkian nik oiek. Leengoan pastel batzuk ekarri zituzten etxera, eta garai bateko kanta batez gogoratu nintzan:

Pasteleroren andriari
deitzen ziyoten Ana Mari;
atoz oiera, poliki-poliki...


Ni ori kantatzen asten banaiz, andrea berealaxe det errita ematen:

Zaude ixilik, olako nazkagarrikeririk esan gabe!

Gure aitona reumarekin gizarajo ura; eta gu, mutil koxkorrak. Ari bolara etortzean, erruz kantatzen zuan. “Aita gureak erakutsi zidan neri ori” esaten zigun. Orrelakoak zenbat ikasi nizkion nik? Baiña danak aaztu zaizkit, edo ia ez dakit nola asi ere.












     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org