|
Aita Larroka
Panplonako obispo jaunak
ematen ditu berrogei eguneko
Induljentziak gutxi edo asko liburu
honetan irakurtzen den aldi
bakoitzerako.
Nirea da.
Irakurleari Abisua
IRAKURLE ONA; ez arren berehala, askoren gisa ikaratu; liburu bat ireki orduko guztia beren gustura ez badago, itxi nahi dute. Zuk horrela izan behar ez duzu; guztia berehala aditzea, horren erraz ez da. Elizako gauzak, edo dotrina aditzeko, gauza asko latinetik hartu behar dira. Meza santuak eta komunioak guk esan ahal baino misterio ezkutuagoak dituzte; gure ditxa guztien iturri original edo jatorrizkoak, horiek dira. Fede eta gogo onaz irakurtzen hasi zaitez, eta laster edo nola ez dakizula, elizako dotrina eta misterio handiak gustuz eta debozioz diren guztiak adituko dituzu.
Bizkaitar asko gogotik hasi eta beren modura eta gurera txit erraz eta laster egin dira. Iaz irakurtzen batere ez zekien neskatxa baserriko bizkaitar bat aurten euskarazko ondo hiltzeko liburutik bere aitari, pietate eta debozio miragarriaz, hiltzen laguntzen apaiz jaunak eta beste askok harriturik ikusi dute. Honek eta beste baserrietako askok jaietan bakarrik lezioa hartu eta beste gabe, ederki ikasi dute. Nagi alperrari ez zuk sinistu. Dotrinarik ere euskaraz ikasi nahi ez dute, eta Jaungoikoaren beldur gabe, ikasi nahi dutenei ere gogoa kentzeko, mila gauza euskararen kontra esaten dituzte. Haurrak erraz ikasten dutena, berak lotsaz edo lotsagabe ikasi nahi ez dute. San Agustinek ziona: Onari jarraitzeaz lotsa gera.
Animu bada kristau ona: Irakurtzeari gogotik ematen badiozu, egina dago guztia.
Nahiz Bizkaitarra nahiz hemengoa zarela hitz guztiak berehalakoan ez adituagatik, laster horretara, eta ondo aditzera egingo zara. Guk eskolan kartilako orazioak, miserikordiazko obrak eta kontriziozko aktoraino, zer esaten genuen ez genekiela, goiz guztietan kantatzen genuen euskaraz, eta arratsaldeetan erdaraz. Eskola maisuek hau kontuz eragiten balute, guztien buruetan ezer kosta gabe laster eta ondo orazio guztiak sartuko lirateke; eta buruz dakiten hori ederki irakurtzeko lukete bide erraza; goizean euskaraz, arratsaldean gaztelaniaz kartilako orazioak irakurri ondo, eta liburu guztietan. Maisu eta dizipuluak, irakurtzen seguru jakingo dute.
|