Patxi Lazkano, bertso biltzen asi berria nintzan artan ezagutu nuan, 1959 urtean. Otxoki bere jaiotetxean ezagutu ere.
Otxoki baserri ori Ametzagaña mendiaren babesean zegoan, Donosti’tik Altza’ra zijoan mendi-bidearen bazterrean. Bañan orain urte batzuk bota egin zuten, beste emeretzi baserrirekin batera.
Bertsolari zarren makiña bat bertso ta ateraldi jaso nion Patxiri, beraren baserriko sukaldean edo inguruko fruta-arbolen itzalpean.
Baña beste bertso batzuk ere eman zizkidan, bere-bereak oiek, orain artean izkutuan egon diranak, Patxiren eta nere gogoaren kontra bada ere.
Izan ere, Patxi bera ere bertsolaria degu, gerra aurretik lagun-artean-eta kantatzen asia.
Gerra asi zanean, ordea, bera 37’ko kintoa izanik, aren kinta deitu zutenean, joan egin bear izan zuan, beste ainbestek bezela.
Bañan Patxik, naiz tiro tartean ibilli, etzion bertso paratzeari erabat utzi. Burgos edo Aragon aldetik, Albacete’tik edo Kataluña’tik, bere eskutitzetan bertso ale batzuk sarritan bialtzen zituan etxera, batean iru, bestean lau, urrengoan sei.
Bertso oiek ere jarri zituan Patxik gure eskuetan. Batzutan, berak andik bialdutako papera bera. Bestetan, berriz, orduko papera galduta zegoan, bañan Patxiren anai Iñaxiok buruz ikasiak zituan eta aren aotik artu genituan.
Bañan bertso oiek, orain urte batzutako agintarien aurka bein edo bitan zerbait esaten baitute, ezin aien denboran argitaratu.
Gauzak aldatu ziranean, Patxirengana joan eta onela esan nion:
Orain lengo konturik ez dago. Zure bertso oiek argitara aterako al ditugu?
Bai, nigatik -erantzun zidan.
Ederki. Bañan sail bakoitzaren aurretik bertso oiek nundik bialduak diran jarri bear da, ta bai gañontzeko argibideak ere, jendeak ondo ulertuko baditu.
Ea, ba: irakurri bertsoak. Esango dizut.
Ala, bertsoak irakurtzen asi nintzan eta Patxik onela esaten zuan:
Bai. Oiek, Pirineos’etan giñala jarri nituan. Beste oiek, berriz, Almansa’n. Ola ta ola giñan, au ta ura gertatu zitzaigun, lagun bat etorri zitzaidan bertso-eske...
Bai kontaera aberatsa aren aotik zetorrena. Ni papereratzen alegindu nintzan. Bañan bereala etsi nuan. Aren ugaritasunak gañez egiten baitzidan. Onela esan nion:
Alperrik ari gera. Orrela ez degu itxurazko lanik egingo. Urrengo batean, manetofon ta guzti etorriko naiz, tresna orrek bildurtzen ez bazaitu beintzat.
Aren erantzuna:
Katxarro orren aurrean bertsotan ere jardun izan gera. Ez gera ba izketan ikaratuko. Etorri lasai.
Ala, urrena alkarrengana bildu giñanean, manetofonoa mai gañean jarri nuan, Patxi kontu-kontari asi zan eta iru orduko jarduna jaso nion.
Oiek papereratu nituanean, berriz joan eta aldi artan ordu t’erdiko saioarekin etxeratu nintzan.
Urrengo joan-aldian, berriz, ordu betekoa artu nion.
Kontaera oiek danak, bertsoak tartean dirala, paper garbira pasa nituanean, laugarren bixita egin nion Patxiri, bion artean esan moduan egindako liburua berak arretaz irakur zezan, okerrik baldin bazan zuzentzeko eta zerbait falta baldin bazan osatzeko.
Berak lan ori bukatutakoan eta nik azken orrazketa egindakoan, Patxi eta bion alegiñak eman duan frutua eskeintzen diogu irakurleari.
Beste iru bertso-sail ere baditu Patxik gerraz geroztik moldatuak. Oiek liburuaren bukaeran jarri ditugu. Baita bera bertsotan nola asi zan eta bertsolaritzari buruz zer iritzi dauzkan adierazten duan beste atal bat ere. Bañan gerrako kontuak eta bertsoak betetzen dute zatirik nagusiena ta zabalena.
Erderazko esaera zar batek onela dio: las guerras las oigamos, no las veamos . Euskeraz onela esan genezake: Gerrak, ikusteko baño, entzuteko obeak.
Entzuteko ez-ezik, irakurtzeko ere bai. Batez ere, Patxik egin duan bezela, batere gorrotorik gabe gauzak kontatzen badira, gerrarik ezagutu ez dutenen eskarmentagarri izan ditezen.
|