Crucero de la Montija


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Lazkano Patxi »  Crucero de la Montija

Patxi Lazkano



Crucero de la Montija





Gu, 37’ko kintakoak, Otsaillean deitu ginduzten. Ez dakit zein egunetan zan. Nik Altza’ra joan bear presentatzera, ango aiuntamentura.

Iru lagun baziran an bizikletarekin, eta nik aietako batena artu. Rafael Etxarri’rena zala uste det. Goitik beera abitu, bazterra jo ta ezurra autsi; clavícula aditu det nik beti.

Martxoaren 4’ean sartu zan gure kinta soldadu.. Loiola’ko kuartelean bildu zituzten. Bañan ni ospital militarrean sartu ninduten, Donosti’ko Atotxa’n.

Gero, Martxoaren 25’ean edo ola bialdu ospitaletik alta emanda, ta Loiola’ko kuartelean lau egun pasa.

Martxoaren 30’ean, ogei ta bat urte egin nituan egunean, Donosti’tik atera eta Burgos’a gaberdian allegatu.

An mantak eta abar eman zizkiguten, eta artu kamioitan eta Villarcayo’ra.

Villarcayo’n amabost bat egunean egon giñan, instruzioa ikasi ta egiñez. Ikasi edo... tiro tiratzen erakutsi. Nik ordurako banekian, bai. Eizean amabi urtetarako asi nintzan eskopetarekin-da.

Villarcayo oso erri polita da. Peria egiten zan astelenetan, eta peri ona gañera. Ganadu asko: idi, zezen, bei eta klase guztiak.

Alderdi ori ere oso polita. Euskalerriarekin tankera puska bat badu. Euri, emen baño gutxixeago, nik uste. Oinbeste ez. Toki legorxeagoa. Bañan ez oso legorra ere. Castilla’ko gorri ori ez beintzat. Kanpo berdea.

Belar-soro eta patata-sail ederrak. Bañan emen baño jende atzeratuxeagoa nekazari-lanetan. Kaskarrak erremintak. Ala ere, baserri ederrak baziran, bai.

Erri artan bazan euskaldun bat. Kontratista-edo kamioak egiten ibilli ta bertan geratu. Villa batean bizi zan. Iru bei zeuzkan, ederrak beiak.

An amabost bat egun egin eta rak!, martxa. Crucero de la Montija’ra eraman ginduzten.

Or kamio bat dago, Burgos aldetik eta Villarcayo’tik datorrena, beetik gorakoa. Ta Crucero de la Montija ortan kruzea egiten du: ezkerretik Santander’a ta eskubitik Bizkai’ra. Ta, Bizkai’koa artuta, andik laixter beste kruze bat, ezkerretik Santander aldera joateko ura ere.

Frentea ortxe zegoan. Or denbora askoan egon giñan, agoztuaren ogei ta laua arte-edo.

Joan berrian, erreleboa egiten genduan. Konparazio batera, batalloi batek bi edo iru egun eta atzera, eta beste batalloia ara.

Gu giñan Sexto Batallón de Bailén, infantería, 61 División, Columna Sagardía .

Kamiotik berealaxe giñan, toki berdin xamarrean. Bañan eskubitara mendi aundia genduan. Eta ezkerretara, urruti xamar, Santander aldeko mendiak.

Bertan beste erri bat genduan txokoan. Izena orain etzait gogoratzen bein ere. Erri baztar bat. Eta erritik bereala mendia: arkaitza goiko gañean eta pagoa egalean.

Ara etortzen giñan gu, esan bezela, frentean bi edo iru egun pasatutakoan. Ango etxe eta ikullu zarretan sartzen giñan. Bañan gero, beste batalloia andik norabait eraman zuten eta gu frentean fijo egon bear.

Frentean txabola ona genduan, gerok egiña. Egurrak bota eta egur oiek jarri tellatu bezela; ta zotalak atera eta aiekin tapatu.

Gure batalloia, erdia riojanoa eta erdia euskalduna zan.

Emengoxea zan bat: Inazio Orbegozo uste det zituala izen-apellidoak. Orain kontadore-fabrika nola dago? Or bazan baserri bat: Esnabiro. Orko semea León’go mendi batean il zuten: Peña Lasa’n.

Bestea, Frantzisko Maritxalar, nerekin soldadu ibillia, Antxo’ko estankeroa. Bizi da oraindik.

Mirakruz’ko gain-gañean aroztegi ttiki bat zuana, bestea: Joxe Isasa. Motx-motx bat. Biok Altza’koak, eta ari Altza-Txikia eta neri Altza-Aundia esaten. Ori ere gurekin joan zan. Bañan gero, entxufatuta-edo, txofer bazekiala edo etzekiala, txofertzako aitzekian ekarri egin zuten.

Ernani ta oietatik ere baziran. Enporru pulsolariaren aditzera bai aldezu? Orren anaia gurekin zan: Juanito. Illa da, orain dala dozen erdi bat urte-edo.

Bestea, Felix Aranburu, altu bat, Ernani’ko Urkola baserrikoa. Beste konpañi batean zan ura. Beste bat, Dionisio Uzarraga. Joxe Elortza ere bai, Ernani’ko baserri batekoa. Txiki bat.

Bestea, beste konpañi batean zana, ez dakit izena nola duan, bañan Artola apellidoa. Ereñozu’koa ori; andik goraxeago, kaxko-kaxko batean dagoan baserri batekoa.

Emengo jende asko zan, bai. Oiartzuarrak ere bai, bañan alerik ez dakit etxeen izenik. Ez baitziran nere konpañikoak.

Irun’goa ere bai, Joxe Ramon Artola, nere konpañikoa, alkarrekin ibiltzen giñanak. Baserri txiki batekoa zala esaten zuan. Bi bei edo ola edukitzen zituztela.

Zenbait irundarri galdetzen diot, gu Irun‘en tokan da bolan beti or ibiltzen gera-ta; bañan iñork ez dit arrastorik ematen mutil arenik.

Euskaldunak riojano jende orrekin oso ondo etortzen giñan. Riojanoa jende ona da. Baziran txarrak ere, e? Bañan emendik ere bai.

Asieran, bai, zailtasun puxka bat izan genduan. Nik erderaz gutxi nekian. Orain ezer asko ez ta orduan gutxiago, berriz. Bañan nola edo ala pixka bat moldatzen nintzan. Guk etxea Donosti ixkiñan genduan, ta orduantxe ere erdaldun asko etortzen ziran ta entenitzeko aña.

Bañan emengo mutil askok batere ez baitzekiten. Errezil, Azpeiti, Alegi, Segura, Zerain eta alde ortakoak, itzik ere ez. Ta riojanoak euskeraz ere ez, ba.

Ala, euskeraz itzegitea galerazi egin ziguten. Ori ere xelebrea zan, bañan euskeraz ez itzegiteko.

Ofizialak ordena eman zuten eta geiago etzuten kasorik egin. Gero, parrez ler gaizto egiten zuten. Etzekitenak, koraje puxka bat artu eta itz batzuk ikasten asi baitziran, ta kapitanari-ta esan ere bai.

Aiek bazekiten auldadea nun zegoan. Ikusten zuten, bai, mutillen borondatea, bañan abildaderik etzegoala.

Denborarekin poliki ikasi zutenak baziran. Edade ortan, deziditzen dana jartzen da. Bañan kobardeatzen dana ez.

Badakizu zeñek kargu artu zioten? Emengo batek. Beste euskaldunai arek esan, ea etzekiten euskeraz itzegitea etzala libre.



Nigana etorri ziran:

I, Altza-Aundi.

Zer?

Zerak kargu artu ziguk, euskeraz egiten degulako.

Joño! Euskeraz itzegin eta orrek kargu artu?

Bai, motell.

Aiek kobardeatuta zeuden. Esan nien:

Egon pixka batean.



Arrapatu nuan ta:

I, ator onera! Ik kargu artu omen diek oiei, euskeraz ari diralako.

Ez al dakik ik ordena zer eman duten?

Bai. Ta ik orain kunplitzen al dituk ordenak? Alpargata zuriak zinta gorri ta berdeakin jantzi ta dantzan ibiltzen intzanean, ez ituan, bada ordenak kunplitzen. Orain kanbiatu al aiz? Iri ez baditek kalte egiten, utzi itzik pakean, gutxienaz; ere erderaz ez dakitenak, eta berak moldatuko dituk.

Akabo. Etzien geiago kargurik artu, ez.

Aurreneko egunetan, jatekoa guretzat txarra zan. Noski, emen etxean oitu potaje ederra jaten, ta jartzen zana, patatak baziran ere, txukun jarrita. An, berriz, perola aundiak, eta aietan patata ta aragia, oinbeste lodiko piper gorriakin. Piper gorria, kolorea emateko ttantto bat-edo, ona da. Bañan an geiegi botatzen zuten. Ta koipea ere asko.

Asi aragiarekin eta ezin; bei zarren bat igual izango zan-da.

Motellak, au etzegok jaterik -esaten genduan.

Bañan gero, olakoa arrapatu izan bagendu, pozik jango gendukela, askotan ibilli giñan, bai.

Gañontzean, arrantxo-modu bat ematen ziguten. Konpañi bakoitzak bereai. Konpañi bakoitzak kozina bana, alegia. Ta naiko ondo. Oitu ere bai gu.

Gure arrantxeroa riojanoa zan: Ramon Pastor. Jatorra mutilla. Arek, edozer gauza eskatu ta:

Toma .

Kozina-laguntzea-edo izaten zan: patatak zuritzera ta egur pixka bat egitera-edo, egunean bi edo iru mutil joan bearra, ta arek:

Tomad un vaso de vino .

Bestea, gurekin ibillia, emengo Barkaiztegi’ko sagardotegikoa: Barkaxtei. Orko semea. Agustin Irizar. Orain ere or bizi da. Ura, irugarren konpañiko kozinero egon zan.

Goizean, zazpi t’erdiak aldean, jeiki danak eta gosaltzera. Kafe pixka bana eta ogi barra bana, ogi beltz bat, ematen ziguten.

Eguerdian, arrantxoa. Launaka jartzen giñan. Ematen zuten: kantinplora batean laurentzat ardoa; gero, platera batean potajea; gañetik beste zerbait baldin bazan, ura beste plateran; eta laugarrenak ogia. Danak artu, launaka-launaka jarri eta lau soziok jaten genduan beti.

Gu, al bagenduan, euskaldunak izaten giñan beti. Len esan bezela, euskaldun asko baigiñan.

Zestua aldeko eta Itziar’koak ere bai. Periodikoan letu det bat illa dala: Jose Maria Arrizabalo, Arbalitz baserrikoa.

Eta bestea Andoain’goa: Jose Santa Kruz, Etxabe’koa berez, bañan gero beste baserri batera ezkondu ta bizi zana. Ura ere illa da.

Beste bat, Igeldo’koa. Biziko da noski. Tomas Zubeldia. Ez dakit zein baserritakoa dan.

Beste konpañikoa bazan beste bat. Ikustean beti saludatzen dit. Bañan ez dakit orain izenik-eta nola duan. Orduan banekizkian danak; bañan nere konpañikoak etziranak, lenago aztu.

Aparia ere berdintsu ematen ziguten: garbantzuak-edo, lentejak-edo, patata-mordoska beñepein-edo, otordua pasa modukoa. Beren ordu garaian arrantxoa preparatu, gu oituta bezela ez bazan ere.

Bañan oiek pakean edo trintxeran geundela. Andik atera bitarte. Bein abitu ezkero, eguna argitzerakoan bakoitzari berea egun guziko: sardiña-lata, atun-lata, txuskoa, ogia alegia, eta baso aundi bat ardo.

Trintxeran giñala, bi ordutik bi ordura guardia aldatzen zan, eta retena ere antxe beti, ordu berean. Erreleboa gabeko ordubietan tokatzen bazan, orduan ordubietan jeiki. Gañontzean an etzegoan ordurik. Egoarteko amarretan berdin lotara.

Ango jendearekin guk ez genduan traturik izan. Erri artan gañera, batzuk etxe utsak, besteetan beste iru edo lau baserritar bazeuden eta akabo; an etzan besterik. Guk alkarrekin egiten genduan geren bizimodua.

Batean, aiton zar bat an ari zan sega kaskar batekin belar ebakitzen; eta utziko ote zigun eta baietz.

Errezildar bat ere bazan gurekin, Jose Antonio Unanue. Illa da orain ura ere. Ta arek:

Ea, motellak, segan egin bear diagu ta!

Zortzi-amar bat lagun bageunden ta txandan-txandan aritu giñan. Bat ari zala, besteak:

Orain nik! Ekatzak onera!

Ordu betean belar-soroa ebaki genion eta aitona kontentu. Guri, berriz, inportik ez. Denbora pasa.

Bañan sega kaskarra zuan. Ttiki-ttikia. Eta eskutea kontrara jarria. Eskutea deitzen diogu, kertenari eltzeko bi eskute izaten ditu segak, eta aiei. Emen danean, atzera begira ibiltzen degu guk; bañan an, eta Bizkai aldean ere bai, aurrera begira. Eta nekosoagoa da.

Bean, kamio-kruzean, taberna ttiki bat zan. Ara joan da guk euskeraz. Eta ango jendeak ala esan alkarri:

Estos serán alemanes .

Jakin ba alemanak-eta bazirala, ez konprenitzen guk zer esaten genduan, eta alemanak al giñan galdezka.

An gizon ttiki bat bazan, bozeoan-ta ibiIlia zala ta arek ba omen zuan indarra. Onela esaten zidan:

Venga: pega aquí fuerte. Yo lo aguanto todo .

Nik parre egiten nion eta lagunak:

Jo zak! Jo zak! Bota egin zak!

Eta jo eta bota egin nuan. Akabo aren arronkak.

Kapellaua, batalloi guzirako bat. Or izan giñan arte, meza jaiero izaten genduan. Gero ez.

Gau batean, festa ederra jarri genduan. Zentinelak, zer edo zer, mendiko piztiren bat-edo, nabaituko zuan alanbradan. Alanbrada ura, trintxeratik ogei bat metrora edo ogei ta amarrera jartzen zan, kontrarioa pasa etzedin. Ta an zerbait nabaitu ta asi da zentinela tiroka ta bonba tiratzen.

Lotan geundenak ere, danak altxa ta parapetora. Ta ametralladorak eta fusiilak eta bonbak-eta, fuego!

Ori zan tokian, pareta legorrak izaten ziran salletan, masarik gabe egindakoak, bakoitzak bere belar-soroak eta terrenoak itxi eta ganadua ibiltzeko.

Ta, tiroa tiratzean, an zer egiten zuan?

Gerok tiratzen genduan balak sua ateratzen zuan arria jotzean, ta orduan ta geiago tira guk, kontrarioak tiratzen zutelakoan, ta sua ere geiago an.

Noizbait ere, bañan ordurako tira ta tira fusil-kañoiak ezin aguantatu zala berotuak, ofizial batek:

¡No vienen balas! ¡No vienen balas! ¡Alto el fuego!

Ori esatean, pixkanaka-pixkanaka geratu ziran tiroak eta ez-ta ezer ere. Ez genduan ezer ikusi guk. Azeriren bat alanbre tartean tarrapataka edo auskalo zer izango zan. Arek, tiroak entzutean, alde egingo zuan ta akabo.

Beste gau batean, guretik ara bat edo, bat pasa-edo egin zan; eta bestean andik gurera besteren bat ere bai. Etxekoak beste aldean eta badakizu zer izaten dan.

Toki otz xamarrak izango dira oiek. Bañan guk otzari orduan ez genion kasorik egiten.

Gañera, garaia ere etzan eta or etzuan elurrik-eta egin, gu izan giñan denboran.

Donosti’tikan atera giñanean, trenean batzuk negarrez ere bazijoazen ta ni bertsotan asi nintzan. Ta gero, afizioa zuten beste guztiak ere bai: Axentxio Urrestilla-ta, Santiago Oiartzabal-ta...

Asi giñan ta bertsolariak berak bere burua agertzen du, ez gera ixilik egoten edade ortan-da.

Gero, erri koskorren batean juntatu ezkero, beti bertsotan aritzen giñan.

Crucero de la Montija ortan zala uste det. Azpeitiar bat etorri zitzaidan, Iñaxio Ibarguren, eta:

Anaiari biali bear zizkioat eta iru edo lau bertso jarri izkidak.

Zer esan bear nion esplikatu zidan eta nik, artu papera ta batere pentsatu gabe tarraka-tarraka eskribitu ta berari eman:

To! Ta arek anaiari biali. Bañan nik beste kopia bat egin eta ura etxerako; eta etxekoak gorde:

Jose Manuel, astera nua
bertso berriyak kantatzen,
orain daukazun bizimodutik
asi biazu muatzen:
jai eta aste nobiyarekin
or zabiltza pasiatzen,
enteratua nago laster zu
omen zerala ezkontzen.
Andria artzeko asmuan zaude,
utzi opiziyu ori:
fusilla artuta al dan lenena
onera biezu etorri;
defendi zagun gure España
ondo egiñaz askori,
eta piska bat itxoiteko
esakiyok nobiyari.


Andria artzeko garai txarra dek,
gerra biagu bukatu,
ezkontza ori piska bateko
biarko dek atrasatu;
andregaiari esan akiyok
ez deiela asarretu,
eman akiyok libertadia
nai ba’u beste bat billatu.
Gerra bukatu arte egon ai,
eta gero ondorian
neskatxak sobra ibilliko’ituk
etxian eta kalian;
baldin ontatik salbatutzen b’aiz
ezkondutzeko irian,
biyok andria artuko’iagu
esposariyo batian.




Orain urte batzuk, Azpeiti’ra boletara-edo joan nintzan batean, galderak egin nituan:

Odria baserria nun da?

Odria? Atze ortan.

Ta bizi al da Iñaxio Ibarguren?

Ez. Il zan.

Ta bestea, Pedro Aranguren, azpeitiarra ura ere. Zerari galdetu nion, emen Pasaia’n izketatu ta Joxe Agirre bertsolariari:

Axkiola jakingo dezu nun dan...

Axkiola? Antxen pasatzen naiz ni, Axkiola’n barrena.

Ta bizi al da Pedro Aranguren?

Pedro? Ez. Joxe esan naiko dezu.

Bai; bañan gerra-denboran guk Pedro deitzen genion. Neri ere Migel deitzen zidaten. Migel Frantzisko bainaiz ni ere. Ta arek ere, lenengo izena Pedro zuala esaten zuan, bañan etziola iñork ola deitzen.

Ta:

Bai; bizi da.

Ba, alkarrekin ola ta ola ibilliak gera. Eskumiñak eman.

Crucero de la Montija ortan lagun bat il zitzaigun, Atotxa’ko prailea bera. Frantziskanoak nola dira Donosti’ko Egia’n? Oietan sartuta zegoan bat. Ez dakit izena nola zuan.

An bazan presa bat, Villarcayo’tikan len esan dedan Crucero de la Montija’ra bitartean. Ta, presa emen baldin bada, gero saltoa egiten du beera ta an beste putzu bat izaten da. Igeri gutxi zekian, ta an sartu zan ta ito.

Gu ez giñan an. Atera zutenean, bai; ito zala-ta, ofizialak eta danak joan giñan-da.

Burgos’ko mutil bat, igeri ondo zekian ta zast! sartu zan buruz beera. Bereala atera ta:

Sí, está ahí. Ahora lo sacaré.

Berriz ere sartu ta arek atera zuan gora.

Praile ori soldadu sartu zanean, ni ere ospitaletik Loiola’ko kuartelera bildu nintzan, ta ez dakit urrengo egunean Erramu-eguna zan-edo, aste santua garai ortan izaten da-ta.

Dana dala, ni Atotxa’ko praileetara joan nintzan mezetara edo funtzioren batera-edo, ta an ikusi nuan praile-jantziarekin.

To! Au ere gurekin soldadu dagona dek ba! -nere artean.

Urrengo egunean berari galdetu:

I prailea al aiz?

Ta:

Bai.

Atzo Atotxa’n ikusi indudan-ta.

Ala geratu giñan.

Bestea, apaiza, Errenteri’koa, Juan Beltz. Au kabo ibilli zan. Orduan nik uste nuan gu bezela zala. Bañan estudiante izaki ura.

Gerra bukatu ta andik urte batzutara, zer dek eta Juan Beltz apaiza dala.

Gero, or joan zan Bizkai aldeko edo Araba aldeko erriren batera. Bañan mintsu edo osasunak laguntzen etziola-ta, Errenteri’ra pamilira etorri zan berriz.

Orain urte batzuk, Aiete’ko moja-komentu batera joaten zan meza ematera. Badira onezkero iru edo lau urte ikusi ez dedala.

Denbora asko ez dala, berriz, gerran gurekin ibillitako riojano batekin topo egin nuan.

Ni eizera joana nintzan Ametzagaña aldera, gure etxea zaneko artara.

Riojano ori, berriz, bere errian astoaren gañetik erori ta anka autsi ta gaizki jarri. Illoba bazeukan Martutene’n ezkondua ta illobarengana etorri, ortik Frantzi’ko mediku batengana joateko.

Ta bere illobarekin igo zan orrera, Otxoki’ko ondora, Ametzagañera, eizera goizean, ta ni ere an. Illobak esan zion:

Mira: éste es un amigo que tenía aquí el caserio. Siempre andamos juntos cazando.

Artean illun xamar zegoan. Bañan berak, begira-begira jarrita, esan zidan:

¿Tú no eres Lazkano?

Yo sí.

¿No me conoces?

Pues no.

¿No te acuerdas de Del Valle?

Orduantxe gogoratu zitzaidan. Nik pentsatzen nuan ba riojano ura an ikusterik!

¡Si, hombre!

Ala, ez dakit iru edo lau egun pasa zituan. Bañan egunero igo zan ta egoarte guztia alkarrekin pasatzen genduan.

Kontu asko esan zizkidan, ango lagunai zeñi zer pasa zitzaioten.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org