Aragon


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Lazkano Patxi »  Aragon

Patxi Lazkano



Aragon



Erri artan giñala, komandanteak eta teniente medikuak jakin dute badirala eperrak-eta an ere. Billatu dituzte eskopetak eta kartutxoak, eta ea ekartzen genduan aparia.

Atera giñan ta mendi txiki bat an, ta medikuak alde batera artu zuan ta nik bestera. Konejoa neri atera, tira nion eta aurrera. Esan nuan:

Or sartu dek bada!

Joan nintzan ta illa zegoan. Geroxeago, medikuari eperrak atera, bost eper, ta arek bat bota.

Besterik ez genduan billatu. Errira bueltatu giñan ta komandanteak:

¿Qué?

Pues el médico ha matado una perdiz y yo un conejo.

¿El médico una perdiz? El médico caza cuando va Lazcano; pero si no va Lazcano, no caza el médico.

Egun artan bat botatzea tokatu medikuari, bañan komandanteak ez sinistu. Ta oraindikan ere, illa izango da, bañan bizi baldin bada, arek gezurra dala usteko du.

Andaluza zan komandante ori: Don Cándido Urbina. Kapitana berez eta erretiratuta zegoan. Bañan gerra asi zanean, berriz ere zeratu ta gure batalloirako komandante lonbratu.

Andikan Huesca aldera eraman ginduzten. Batalloi batzuk ezkerretara sartu ziran, Pirineo mendi oietara.

Beste batalloi batzuk, erriberaz joan giñan.

Huesca’ra ez giñan errira arrimatu. Ezkerretara utzi genduan ta bista-bistan genduala pasa giñan, batzuk emendik, besteak ortik, besteak andik, nun tokatzen zan.

lbillaldi ikaragarriak egin genituan guk Aragon alde ortan. Beti oñez eta beti aurrera. Euria eta eguraldi onak, danetik izan genduan.

Etzan tiroteorik izan. Etzigun iñork arpegi eman. Mendi aldera sartu ziran nunbait ere gorriak.

Badakizu zer egiten ziguten? Batenbat prisionero arrapatu ta:

¿Qué? ¿Hay mucha fuerza?

No hay nadie. Todos se han escapado. Es una desbandada.

Ta bazeuden mendi koxkorrak ta, urrengo mendia jotzean, an egoten ziran pronto, konpañiren bat-edo. Eta ara arrimatzen giñanean, ta-ta-ta-ta-ta...

Gu danak al zan tokira sartu. Ta, kañoiak-eta etortzean, pinpipi-panpapa... Joaten giñan eta iñor ere ez. Danak itzuli egiñak. Ta urrengo mendian itxogin berriz ere. Orrela egun askotan ta askotan.

Erri askotatik pasa giñan. Bañan izenik etzait orain batere gogoratzen. Barbastro gogoan daukat, erri aundi bat. Ez giñan bertan izan. Aldamenetik joan giñan.

Gero urrena ibai aundi bat izan genduan; Cinca izena. Ibai zabala, bañan ura bajua zegoan. Belaunak baño goraxeago. Oñez pasa giñan beste aldera.

Gu pasa giñan tokian, etzan zubirik. Zubiak lenagotik dinamitaz boteak izango zituzten.

Ta zer egin ziguten? Gu baño gorago pantano aundi bat zegoan ta presa idiki, ta bost metro baño altuagoko urak etorri. Beste tropa batzuk orduan ibaia pasatzen, ta mutil asko ito omen zan or, bai.

Gure bistan etzan ori gertatu. Gu, ibaia pasa, aurrera segi, mendi koxkor batera igo ta an jarriak giñan.

Ibaira arrimatuta ere, ura ikaragarri zegoan ta ezin beste aldera pasa.

Alde artatik eunka mando ta mandazai, arrantxoakin ta munizioakin. Mandoakin ibiltzen dira, ba, oiek mendietan. Ta artilleria ta ziran guziak ere antxe.

Iru egunean an egon giñan gu beste aldean, ezer jan gabe ta edateko ere ez.

Ibaira etziguten uzten joaten, urrutitxo genduan eta. Putzu-zulo bat bazegoan ta andik ateratzen genduan ura. Txalburuak-eta bazebiltzan, bañan arekin kendu egarria.

Joan ziran soldadu batzuk aurrera ta txerri bat arrapatu zuten txabola batean-edo. Ekarri, il ta ura jan genduan.

Bañan konpañi osoarentzat txerri ori ta bakoitzak puxka bana besterik ez. An egon bear, goseak amorratzen.

Eskerrak ur zikin ari. Andikan edaten genduan ta arekin pixka bat diximulatu. Beste zer jan ta edan gabe, aguanta iru egunean. Otordu bakarra egin genduan ta ura ere txarra. Txerri arekin ezta ezertarako ere.

Gorriak, berena egin ta itzuli egin zuten. Ara etorri izan balira, gu jango ginduzten. Esan bezela, guk ez geneukan muniziorik. Irureun kartutxo bakoitzak. Bañan aiek bereala tiratzen dira. Atakerik etzigun iñork jo ta ondo atera giñan.

Zubia, badakizu, injeniero zapadore oiek bereala egiten dute egurrezkoa. Bañan ainbesteko ibaian nola egingo dezu, bada? Iru egunean egin zuten, ta orduan kamioiak eta mandoak eta munizioak eta arrantxoa pasa.

Ogei ta bi urte antxe kunplitu zitzaizkidan neri, iru egun aietako batean. Martxoaren ogei ta amarra. Bost puntukoak iru edo lau bertso badira or jarriak eta etxera bialduak. Papera-ta banituan ta zer edo zer egin bear denbora pasa:

Bertso berriyak jarri nai ditut
nere pasadizuentzat,
motibua’re badaukatela
ala iruditutzen zat.
Suerte txarra tokatua da
gerran gabiltzan auentzat,
besteren berri ez dakit ondo,
ala izan da neretzat,
ai zer negarra etorriya dan
senire-gurasuentzat!
Milla beatzireun ogei ta
amazazpiko urtian,
kuartelian sartu ninduten
Donostiya’ko partian.
Suerte ori izan genduen
denak alkarren artian,
amaikak ori ondo badaki
zala Martxuen labian,
geroz askotan egondua naiz
lo egin gabe gabian.


Martxuak ditu ogei ta amar,
nago Aragon’go partian,
oi ta bi urte kunplitzen zaizkit
emengo mendi batian.
Aspalditxuan onela gabiltz
askoren errematian,
geren biziyak arraixkatuaz
il ta erituen tartian,
ibillera au etzait aztuko
bizi naizen bitartian.
Orra lau bertso, ama, nik jarri
bedorren konsolagarri,
urte betian juntatu gabe
ni nautelako ekarri.
Pentsatutzen det askotan triste
egongo dala bedorri,
laster gerade etxian eta
lasai ta kontentu jarri,
beste oinbeste esan bezaio
etxeko erraña orri.


Arrantxoak-eta ekarri zituztenean, artu alimentuak eta zerak, eta aurrera berriz ere.

Len esan dedana, Aragon alde ortan atake gogorrik ez genduan izan. Bañan beti bajakin. Deskarga egiten zuten ta ospa gero. Ola ibilli giñan.

Gero, nun zan ura? Nunbait ere or, bañan ez baitakit nik orain. Urteak joan dira eta gure burua arindu ere bai.

Atake latzak izanak ziran mendi batean. Eta egin ginduzten gu ia illunabarrean artu ta ara pasa. Bañan guk ez genduan kontrario gogorrik izan.

Kañonazoakin-da illak, asko zeuden an. Gureetatik ere bai, bañan andik geienak. Aiek, artilleria ta armamentua askoz ere gutxiago baitzuten.

Azemileroak illuntzean etortzen ziran. Allegatu dira gu izandako tokira ta gu palta. Emendikan San Marko’ra-edo bezela artu ta eramanak. Ta gabean ez baitziran piatzen, aiek bertan geratu.

Bigaramonean, aiek ara ta gu aruntzago joanak. Ala, ezer ere jan gabe, bi egun pasa genituan.

Zoko batean, ganaduaren zera arrapatu genduan: arbia. Artu ta krak-krak. Ederra zegoan.

Geroztik probatu det ta mikatz-mikatza da. Bañan orduan gozoa iruditu.

Arbi kaskar batzuk ziran eta laster jan genituan an ziran guztiak.

Or asko ibilli giñan gu, bai. Euskaldun baten eriotza ere izan genduan.

Errenteri’koa zan bera. Arruti apellidua. Jatorra’ mutilla. Uxuene’koa. San Marko’tik ezkerrera ta azpiko aldean dago, Txirrita baserritikan gora igota, kaxko batean. Baserri txiki bat.

Atake gogor bat egin genduan. Konpañi bat aurretik joan zan, ta besteak atzetik laguntzen. Egunean-egunean aldatzen da ori. Aldi artan, aiek ziran aurretik, ta gu laguntzen.

Pasatzerakoan, erituta ikusi nuan mutil ori eta:

Zer egiten dek or, motell?

Eritu egin niotek.

Ondo ago orduan. Ospitalera eraman ta libre geratuko aiz.

Bai, ba. Eritu ezkero, ospitalera eramaten baitzuten. Bañan arek:

Ez. Naikoa badiat -esan zidan.

Arkaitz baten ondoan zegoan ta onela esan nion:

Or dituk kamilleroak.

Nik aurrera segitu nuan tiro tartean: ta-ta-ta-ti-ta... Nere martxan joan bear. Ezin ba gelditu.

Etorri ziran kamilleroak, artu zuten ta, zeramatela, bidean il zitzaioten. Ta zer egin dute aiek? Erriko kanposantuan sartu, utzi depositoan ta beste erituen billa segi.

Ta baja, iñor konpañian iltzen bada, konpañiak bialtzen du: Olako ta olako, illak. Bakoitzak bere numeroa eramaten baitu, numeroa ta izenarekin. Ta, ospitalera allegatuta iltzen bada, andik.

Batak edo besteak, ildako danen berri bialtzen zuten. Errira segituan abixatzen zan.

Bañan ura bidean il baitzan, iñork abixatu ez eta etxean ez enteratu illa zanik. Mutillaren arrastorik gabe gelditu ziran. Gerran asko izaten dira olakoak.

Andik denboretara, gu gerratik etorri ta gero, gizon bat azaldu zan gure etxera:

Arekin nintzala entzun zutela ta ea zerbait ere bai ote nekian.

Baietz, esan nion. Ola ta ola il zala ta kamilleroak erriko kanposantuan utzi zutela, ta abar.

Gertakizuna nola pasa zan kontatu nion. Arrastoa, orixe atera zuten aren etxekoak.

Bañan ez dakit orain zer erri zan. Tokia bai, gogoan daukat: erria emen eta kanposantua ortxe. Gero, mendi koxkor bat, mendi txikia, ta aldapa beetik gora. Gorriak kaxkoan ziran ta guk ura kendu nai. Ola ibiltzen giñan-da...

Beste batean, bagoaz aurrera ta tiro batekin jo ta iztarra autsi zioten guretako mutil bati.

Arrua’koa zan ori, Santiago Oiartzabal. Len esan bezela, bertsotan ere pixka bat aritzen zana.

An txabolak izaten dituzte masti ta soroetan, gariakin-eta lanean ari diraneko, ta alako txabola baten ondoan giñan.

Nik ez nekian eritutako ura zein zan, bañan tenienteàk esan zuan:

A ver si hay alguien que traiga aquel herido.

Nik esan nion:

¿Puedo dejar aquí todo el armamento?

Sí, sí, sí.

Danak utzi ta joan nintzan korrika. Urrutitik tiratzen zidaten eta ezin tiro onik egin. Batzuk gañetik pasatzen ziran, bañan besteak lurrean jo ta ezagutzen zan balazoa, txif... txif... txif... autsa arrotzen baitzuten.

Korrika joan ta beraren ondoan luze-luze etzanda jarri nintzan.

Artu nion besoa lepoaren gañetik, bi anken erditik beste besoa, ta trabeska jaso nuan bizkarrean.

Ai, ai, ai! -egiten zuan-. Motell, utzi nak, utzi nak, min artzen dit eta!

Uzteko marru ederrak arek. Iztar autsia ez baita ederra izango. Balak ezurraren erdian jota klak! autsia.

Bañan nik utzi? Eutsi bai! Artu andik ta korri. Nik nerea ere salbatu nai nuan; ez arena bakarrik.

Berriz ere, txif... txif... balazoak lurrean ta autsa. Bañan etzan ezer ere pasa.

Txabola ondoan utzi nuan. An jarri ezkero, ura ondo zegoan. Ta ni, artu nere katxarroak eta aurrera.

Kamilleroak ere lagunak zituan, euskaldunak. Axintxio Urrestilla bat, Arrua edo Zestua edo orkoa. Bertsotan oso poliki egiten zuana. Bestea baño geiago zan ori ortan.

Santiago Oiartzabal ori Donosti’n ikusi izan det geroztik. Erren pittin bat egiten du; bañan utsa. Ondo jarri zan.

Beste batean, illunabarrean, trintxerak egiten asi giñan. Gauerako preparatu egiten giñan beti, kontraatakea baldin bazan ere. An ari giñan atxurrakin-da zuloak egiten eta arri konkorrak biltzen.

Aldamenean, sasi-pilla zegoan, sasi-pilla aundia.

Ara joan naiz eta bi gizon exerita. Nik zera ibiltzen nuan: fusil ametralladora; ta gerrian rebolber aundi bat. Fusil ametralladora an utzia nuan, arriak-eta biltzeko, eta rebolberarekin joan ta:

¡Alto! ¡Manos arriba!

Gorriak ziran aiek, bildurrez gordeta zeudenak. Bi kaja esku-bonba zeuzkaten. Nunbait ere oien billa joanak ziran, eta zer egin dute? Aurrera ez joateagatik-edo, gorde. Ta gu allegatu ta berak ez konturatu.

Esan nien:

Suban arriba.

Igo ziran ta sarjentoari entregatu nizkion.

Soldaduak artu zituzten ofizialengana eramateko, ta batek ras!, alde egin zien.

Mendi artan oliboak ziran. Emen salla ta gero paretea. Ta an salto egin ta itzuli egin zuan arek.

Bestea an eraman zuten. Guk ez genduan beste mixiorik: iñor arrapatzen genduanean, ura entregatu ta segi aurrera.

Gero, gabean, kontraatakea eman ziguten. Ametralladora-ta asko ta tiroteo ikaragarria armatu zan.

Gu ere, len esan dedana, pixka bat preparatuta baigeunden. Bañan goizean ez genduan alerik ere billatu illik.

Guk mendia ez ezagutzen eta aiek bai, eta zeratik etorri: pareten kozken azpitik. Ta guk tiroa gañetik pasatzen.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org