 |
|
 |
 |
|
Patxi Lazkano
Manresa’tikan Madrid’ko frente ortara ekarri ginduzten. Or Toledo’tik aurrera sartu giñan gu, Madrid baño eskubirago.
Huerta ere bada or beste erri bat (1), La Mancha’n-edo. Nunbait ere andikan giñan.
Egundoko kañonazoak eta egundoko asierak izan ziran. Bañan kontra egingo zigunik etzan iñor ere azaldu. Orduan errenditu ziran eta bukatu zan gerra.
Gu lendabizi bertan geratu giñan. Bañan gero Alicante’ra eraman ginduzten.
Gorriak zera egin zuten: danak itzuli Alicante’ra joan. Ogei milla persona esaten zuten izango zirala an portuan. Tropak allegatu ta etziran sartzen atrebitzen. Ikaragarria joango zala, besteak ere armatuak izaki-ta.
Aiek barkuen zai zeuden, alde egiteko. Bañan barkurik pasako etzala-edo, nunbait ere emengo buruzagiak angoekin alkar artu zuten. Esan zuten zera sillatu bear zala: bakoitzak zeukan dokumentoa. Paperen bat-edo.
Eliz aundi batera pasa zituzten danak. Eliza izana, pareta besterik etzegoan-da. An etzan santurik eta santarik. Ateetan jarri sillatzeko, ta sillatu-ala botatzeko armak. Danak danba!, fusillak, pistolak, ametralladorak, zuanak zuan armamentu guztia, ta egundoko pilla egin.
Danak artu ta berriz ere portura. Ta, portura joan ziran denboran, rau! tropak. Danak entregatu, etzan barkurik-eta.
Gu ez giñan orduan sartu. Bañan gero esaten zuten, an kantidadeko balioa joan zala urera. Tropak ikusi zituztenean eta barkurik ez, relojua zuanak relojua ta besteak beste zerbait, ez entregatzeagatikan dia!, arrika putzura. Ogei milla lagunetan, batere gabekoak izango ziran; bañan gauza ederrak zituztenak ere bai. Erruz bota zutela esaten zuten.
Gu joan giñanean, an bazan lenteja, oinbesteko lodi bai, portuan, lurrean. Ura nik ez dakit barkuak deskargatzerakoan botea izango zan-edo. Ta garia ere berdin.
Alicante’ko portura ateratzen zera ta alderdi batean gaztelu edo fuerte zar bat du, mendi-puntta egiten duana. Beste mendia ere bai, beste alderdian. Bean, berriz, portua.
Gero, illebetean-edo, Muchamiel erri koskor batean egon giñan. Ala du izena, bai. Alicante’tik ez da urruti. Amar bat kilometro. Erria ez da aldrebesa. Legor ikaragarria bai. Bañan baratza puxka bat bazan. Ura nunbaitetik ere ateratzen dute makina batzurekin edo noriakin edo zerbaitekin. Ez dago bestela.
An limoi-sail aundiak ziran, ta naranjik ez. Orduan ez beñepein. Naranja, andikan Valencia aldera baita. Guk, joan batera edo bestera ta limoiak ostutzen genituan.
Gero, jana, badakizu, garbantzua edo badaezpadakoa ematen dute soldaduzkan, ta limoia bota ta askoz ere errezagoa jateko.
Gu egon giñan tokian, Muchamiel edo erri ortan, etzan mendi aundirik. Bañan len esan dedana: legorra, ikaragarri legorra!
Dana desegiña zegoan. Gerraren azkeneko bukaera ta al zuanak al zuan tokira itzuli joana. Ta beste batzuk, prisionero edo detenituak. Gero, deklarazioak-eta zirala, igual bi illebetean edukitzen zituzten. Orregatik, etzan jende askorik an. Ta ziranakin ere, ez genduan tratu aundirik izan.
Bi piszina zeuden, olako aundiak, ta ara joaten giñan korrika, ango beroarekin aguantatuko bagenduan. Ori, gañera, udaberrian zala, Apirillaren aurrenean bukatu zan gerra-ta. Piszina batean ur gutxi egoten zan. Oneraño bakarrik. Nik igeri ez nekien ta an ibiltzen nintzan. Igeri zekitenak, bestera sartzen ziran. Zortzi metroko altura zala esaten zuten.
Egun batean joan ta piszina txikia ere bete-betea. Orduan lagunak asi zitzaizkidan:
Au egin zak! Ori egin zak!
Asi nintzan ta raka-raka ederki igeri. Bai? Urrengo egunean aundira. Antxe ikasi nuan nik. Ikasi-edo, ibiltzeko aña beintzat.
Igeri ez da jakiten, norbera kobardeatzen dalako. Bi ankak ibiltzen baditu ta besoakin ola egiten badu, igeri egiña dago. Ni antxe moldatu nintzan ta gustora.
Gu an geundela asi ziran mutillak lizentziatzen. Kinta zarrak segituan biali zituzten, ba, etxera.
Nerekin orduan an zegoana, Pedro Arrondo, Zerain’goa, bi urte zarragoa ni baño; 35’ko kintoa. Illa da..
Ura lizentziatu zuten egunean, egundoko saioa burruka egin genduan biok. Bañan lagun. Zeñek zein bentzutu.
Andik alde egin zuan ta, andik urteetara, ni Añorga’n boletan nintzan, ta ura ere bolategietan ibiltzen zana izaki. Nik tira nuan ta gizon batek:
I, Lazkano: ator onera.
Zer dek?
I ez al aiz ola ta ola ibillia?
Bai.
Ez al aiz Pedro Arrondo’rekin gogoratzen? Ez al dakik zer burruka-saioa egin genduan?
Me!!! Bai, motell, bai!
Oharra: (1) Huerta de Valdecarábanos. Toledo’ko probintzian.
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |