Etxera


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Lazkano Patxi »  Etxera

Patxi Lazkano



Etxera



Hospitalet erri ortatik bialdu ginduzten etxera.

Gerra bukatu ta 28, 29, 30, 31 ta 32’koak, oiek segituan lizentziatu zituzten. Illabete bat edo bira, 33’koak; gero, 34’koak; eta urrena, 35’koak. Andik illabete pare batera-edo, 36’koak.

Gu 37’koak, urrena gure txanda, bañan beste iru illabete-edo pasa genituan.

Beste kintak etxera zijoazen bezela, gu egin ginduzten, beste batalloietakoak eta danak, pillaka batera bildu.

Ta gurea etorri zanean, bai poz ederra! Kuarteletik saltoka uste det atera giñala. Bakoitza berearekin kontentu giñan gu orduan.

Guri eman ziguten, gipuzkoarrai, Goierri aldetik asi ta Irun bitarteko guztientzat, paper bat. An danon izenak jarri ta pase arekin etorri giñan.

Eta Naparroa’n-da jetxi bear zutenai beste paper bat, ogei edo ogei ta amar mutillentzat. Beste agiririk ez genduan guk ezer ere ekarri.

Trenak erri guztietan egiten zituan geldialdiak, ta igual bi orduan egon. Orduan ola ibiltzen ziran.

Ez dakit zenbat denbora pasa genduan, onera etortzeko. Egun t’erdi edo bi egun, bai. Gaba ere trenean. San Migel eguna bidean uste det tokatu zala.

Arrantxua artua genduan irtetzerako. Gero ere, ez dakit nola moldatzen giñan, bañan zeozer sortuko genduan andik edo emendik. Ta erdia janda ibiltzen ere ikasiak geunden.

Egunen batean egin bear genduala jira bat esaten genduan, lengo toki aiek berriz ikustera. Bañan oraindik ez da allegatu. Bakoitza geren tokietara etorri giñan ta bakoitzak bere etxean naiko lanak bazituan andik aurrera. Ola geratu zan. Bañan orduan bazan asmoa.

Bertsotan ere egin genduan. Santiago Oiartzabal, eritu ezkero, etzan geiago joan. Bañan Axintxio Urrestilla ta biok ixildu ere ez. Erotu ere egiten giñan gu orduan bertsoakin ta segi kantari.

Kaletarrak oso gutxi ziran gure artean. Aiek, oponio pixka bat zutenak izaki geienak eta Bizkai aldera-edo joanak ziran. Ta beste aldeko oponioa zutenak, aiek reketeetan-da sartuak.

Baserritarrak, berriz, etxean geratu. Gero kinta deitu ta joan egin bear. Orregatik, geienak baserrikoak giñan gu.

Bein trena Gipuzkoa’n sartu zanean, Segura ta orkoak baziran ta asi zan toki guztietan jendea jeixten: Zerain’goa, Andres Oiarbide. Gabiri’koa, Martin Urkiola; itxutua dago orain.

Legorreta’koa, Joxe Garikano. Alegi’koak, Prudentzio San Migel, bat. Bestea, izena ez dakit. Euskalduna, bañan Martínez apellidoa. Tolosa’n bizi zan gero; biziko da noski.

Abalzisketa’koa, Antonio Etxeberria. Ta Amezketa’koa ere bai, beste Antonio Etxeberria.

Tolosa’koa, Prudentzio Arratibel. Andoain’goa, Joxe Santa Cruz. Bestea, Ladislao Mujika.

Urnieta’koa ere bazan: Antonio Mujika. Ta beste bat ere bai; bañan izena etzait orain gogoratzen arena. Beste konpañietakoak eta danak batera baigiñan.

Ernani’koa, berriz, Juanito Zapirain, Joxe Elortza ta Dionisio Uzarraga, kaletarra ori. Bestea, beste konpañi batekoa, izena ez dakit, bañan Artola zuan apellidoa arek. Ereñozu’n bizi da gaur. Bestea, orain berriro ikusi det gañera, Felix Aramburu.

Donosti’koa, gurekin ibilli zana, kalekoa, Frantzisko Espinosa. Orio’koak, Joxe Mari Lazkano ta Eleuterio Esnal. Illa da au.

Ni, Donosti’n jetxi ta segituan, estaziotik zuzen, Egia’n beetik gora, etxera joan nintzan, Otxoki’ra. Ez nuan egin bestetara biderik. Eguardi-aldea edo arratsalde-garaia zan errezeloa daukat. Argitan beintzat.

Etxean zai-zai zeuden. Periodikoan irakurrita-edo, bazekiten lizentziatuta geundela. Bidean edo nunbait ere or giñala pentsatzen zuten.

Bañan eup! egin nuanean, danak kontentu. Ama, lepotik eldu ta zer egin etzekiala.

Nik lenengo lana, zarpa zarrak danak kendu, andik ekarri genituan erropak, eta etxekoak jantzi.

Andik aurrera, jan ta edan gogotik, apetitu ederra ekarri genduan guk-eta. Orduan etzan gaitzik eta ezer ere.

Bañan urrengo egunetik-edo, segituan asi lanean. Nik lanik gabe orain daramazkit urte batzuk; bañan lenago lanik gabe ez naiz egon bein ere...











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org