 |
|
 |
 |
|
Patxi Lazkano
Guk ez genduan lurrik gurerik. Gure baserria, Otxoki izena, Merry del Val markesarena zan.
Bizkai aldean ere finka ikaragarriak zituan bereak. Emen ere bai. Kristobaldegi’ko komentu ondoan baserria-da. Ortik asi eta Loiola aldera, terreno oiek ere orrenak ziran.
Bañan expropiazioa egin zuten ta lau urtean bertan egon giñan, errentarik-eta batere pagatu gabe.
Gero etorri zan ordena kolpean ateratzeko, etxeak ustutzeko. Gurea bezela, beste baserri batzuk ere bai: Arruex, Ondarralde bere egiazko izeña paperetan; Arjel-etxeberri, bi bizitza; Arjel-aundi; Arjel-txiki; Xiustegi; Zarategi, bi bizitza; Lizardi; Basatxiki, bi bizitza; Sagastieder; Baratzategi; Tuniz; Tuniz-berri; Igola; Xibili-txiki ta Xibili-aundi.
Guk geixeago egon nai genduan, ganadua saldu arte.
Bañan esan ziguten len ere lau urtean egon giñala ta lenbailen ateratzeko.
Gobernadorearengana ere joan ta egin genituan orko bueltak.
Bañan danetik berdin esaten ziguten: ordena goitik zetorrela.
Gobernadorearen sekretarioarekin bi edo iru aldiz egon giñan ta arek esan zigun:
Egon lasai, nik esan arte.
Ala, gero berak esan zigun:
El lunes va a ir la guardia civil, porque tengo que pasar ya el papel. Ahora tenéis que marchar.
Guk ordurako trasteak artu ta onera ekarriak genituan.
Ganadua, berriz, Uba’n jarria genduan, koñaduaren etxean, reformatorioaren ondoan, arreba bizi zan etxean.
Nik an, zelaiean, baneuzkan erramulatxa ta belar ondua. Eta lanean zortzi ordu pasa ta ara joaten nintzan, bazkaria etxetikan artuta.
Ganaduaren jatenak egin eta Uba’ra eramaten nituan. Ola moldatu nintzan.
Igandea zan guk alde egin genduanean, ta astearte-arratsaldean etxea botatzen ari ziran, kutxareakin. Uba’tik nentorrela, orixe ikusi nuan.
Ordurako etsiak geunden. Ala ere, pena ederra eman zidan. Penagarriagoa izan zan, ordea, andik alde egin bearra. Alde egin ondoren, ia berdin zan.
Gero, emen denbora-pixka bat artzen nuan, ta bertsoak jarri bear nituala ta auek jarri.
Bertso oiengatik notizi ugariak izan nituan. Toki askotatik etorri zitzaizkidan, ni ezagutzeagatik.
Alegia, olako pasamodua berai ere pasatakoa.
Billabona’koa ere bazan. Gure auzoko gizon bat, zarra zan ta orain illa da, bañan arek ala esaten zidan:
Alakok iri eskumiñak emateko esaten dik, eta ezagutzeko gogoa ere badaukala.
Bera ere alako pausotan ibillia, ta gure auzoko orrek bertsoak biali.
Makiñatxo bat izango dira gaur Euskalerrian, gauza bera gertatua.
Orregatik, bertso oiek askok aitatu zizkidaten.
Etzidan iñork kargurik artu. Bañan gauza asko esaterik ere etzegoan orduan. Gaur bezela libre egon balitz esatea, oraindik aundiagoak izango ziran.
Bertsoak auetxek dira:
Bertso berriyak jartzera nua
guztizko borondatian,
milla beatzireun irurogei ta
zortzigarrengo urtian;
zer gertatu dan esan biar det
Intxaurrondo’ko partian,
nere barrena ez dago lasai
guziyak jakin artian.
|
Asarre xamar artu gaituzte
oso gorroto gogorrez,
geren etxetik ateratzeko
desapiyoka egurrez;
andre ta gizon, zar eta gazte,
guziyak oien beldurrez,
illabetian famili asko
egondu gera negarrez.
|
Alare oiek segitzen zuten
beren gorroto txarrian,
makina aundi bat jartzen ziguten
geren etxien aurrian,
esanaz: «Ordu asko baño len
ikusiko da lurrian!»
Zenbat naigabe pasa ditugun
geren baserri zarrian!
|
Emeretzi etxe bota dituzte
illabeteren barruan,
famili askotan beidatu gabe
zer miseriya daguan;
bizitzen ere etzegon errez
olakuaren onduan,
baserriya ala utzi biarra
pena galanta genduan.
|
Auxen da lana ezin arturik
biar dan pazientziya,
gure biyotza erdibitu da
etxia orla autsiya;
kalian bizi biar degula
artua degu etsiya,
nik galdetutzen dedana au da:
Nun dago kontzientziya?
|
Gure denbora pasia degu
beti baratzan lanian,
eguneroko ogiyen billa
ain borondate onian;
uste ez genduen ekaitz gaizto bat
gañera etorri danian,
iñundik ere anparo gabe
utzi gaituzte kalian.
|
Abenduaren irua zan au,
Santa Barbara bezpera,
egun orretzaz bizi gerala
beñere aztuko ez gera;
aita ere egun ortantxen juan zan
mundu ontatik bestera,
oi t’amairu urte ziran eunian
etxia bota ostera.
|
Ni naiz Otxoki deitzen nautena,
ola zan gure etxia,
neronen bistan egokitu zan
tellatuak lur jotzia;
ura ikusita nere barruak
pasatu zuben trantzia,
nere biyotzak dadukan penik
ezta posible kentzia.
|
Gu bezelaxe famili asko
dirade errukarriyak,
baserritikan bota gaituzte
ta kalera etorriyak;
batzuek dira amona zarrak,
beste batzuek elbarriyak,
oientzat ere iritxi dira
munduko egun gorriyak.
|
Jaiotzetikan oituak geunden
baserri zabal batian,
kanpo-lanian jarraitu degu
juan diran zenbait urtian;
egun batetik bestera danok
sartu gaituzte lurpian,
orain kalian bizi bearra
lau paretaren tartian.
|
An utzi ditut aran-arbolak,
utzi ditut gereziyak,
an utzi ditut piko ta udare,
sagar gez eta gaziyak;
nere biotzan zain bana dute
an dauden arbol guziyak,
nere barrena samindutzen du
orrela galtzen utziyak.
|
Ara amabi bertso nun dauden
Patxi Otxokik jarriyak,
goratu nairik lurperatuta
utzi diran baserriyak,
gure zelaitan gelditu diran
arbola maitagarriyak;
oraingo txandan puska goxorik
galdu du Euskalerriyak. (1)
|
Oharra: (1) Bertso auek Zeruko Argia astekarian argitaratu ziran. 1979-I-28’an. Baita 2, 3 ta 6’garrena La Voz de España egunkarian, 1975-XI-5’an, Basarriren sallean.
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |