Manterola Jose


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Manterola Jose

Jose Manterola

Egilea: Juan San Martin

1985

Donostiako Udal Euskara Batzordeak



Liburu osoa PDFn


Jose Manterola
Donostiar ospetsuen artean tokirik gorenetakoa merezi du Jose Manterolak, bereziki gure kulturgintzaren munduan eta euskara suspertzez. Horregatik. legezko zitzaion Euskaltzaindiari bere heriotzaren mende-urrenez omenalditxo hau eskaintzea.

1984ko martxoaren 23an bete ziren ehun eta hogeita hamabost urte Jose Manterola Donostia hiri honetan Narrika kaleko 1ean jaio zela eta San Bizenten bataiatu. Laburra izan zen beretzat mundu honetako bizitza, baina bere iragan laburrean zenbat lan on egin zuen ez da hain erraz neurtzekoa. Denboraz izan zuela diot bizitza laburra, ez ordea ekintzaz. Bere lana ikusirik argi dago denbora labur hura ongi aprobetxatu zuela eta edonori zaio luze; baina jakin ezazue 35 urte bete gabe hil zela, 1884ko otsailaren 29an, intelekto lana hain buruz bete zuen gizona. Donostiako Santa Maria elizan egin ziren bere arimaren aldeko hiletak. Gazte joan zen. baina bere gogoa utzi zuen ondorengoen baitan, euskaldungoak iraun zezan. Eta gaur egungo euskaltzaleok ezin esan berari ezer zor ez diogunik.

Gazte Erromantikoa.-

Manterola erromantiko giroan hasia eta hezia zen. Gaztetxotatik txertaturik zeraman gogo suharra bere herri honetako gauzen alde eta horretarako jakintza sendoz jabetzen ahalegindu zen lehenik. ondorean fruitu onak eskaini ahal izateko asmoz.

Bere aita. Gregorio Manterola, diputatu jenerala izan zen, jakintzaz nahiko ondo hornitutako gizona. Jose berak Bergarako Seminario hartan egin zituen batxiler ikasketak, Valladolid, Zaragoza eta Madrilen jarraitzeko Filosofia eta Letrak karrera bukatu arte. Haurtzarotikakoa baitzuen literaturarako zaletasuna, eta estudioak amaitu baino lehen hasi zen Madrileko El Resumen aldizkarian idazten, gero foruzaleen La Paz-en eta liberalen Aurrera aldizkarietan gure herriaren defentsaz kolaboratzeko. Lehen liburua ere gaztetxo zela burutu zuen: Gipuzkoako gida esku-liburu bat argitaratuz 1871. urtean, artean hogeita bi urte baizik ez zituela. Handik bi urte barru Diario de San Sebastián -en zuzendaria zen. Laster lortuko zuen Donostiako Biblioteka Munizipalaren zuzendaritza. Eta, horrez gainera, Instituto Nacional de Segunda Enseñanza-ko irakasle zen.

Erromantiko giroaren seme zela esan dugu. Oroi Iztueta eta Chahok ereindako hazia Bilintx eta Iparragirrerekin loratua zela. Hortik aurrera, erromantikoen gailurrean aurkitzen direnetakoa dugu Jose Manterola eta bere ekintzarik handiena Euskal-Erria aldizkaria sortzea eta bere inguruan garaiko jakitun eta idazle guziak biltzean datza. Bildu ere, mugaren bi alderdietako euskaltzale eta euskalariak bildu zituen. Horrela egin zen aldizkari hura bere izenaren jabe. Eta, gure kulturgintzan ari zirenek lehen aldiz izan zuten elkarturik lana egiteko aukera. Gero etorriko ziren ikerketaz eta politikaz ikuspegi berrituagoak eskainiko zituztenak, baina uka ezinezkoa zaigu berpizkundearen hasieretan zein garrantzitsua izan zen Manterolaren lana.

Foru Zalea.-

Egia esan, ziorik ez zitzaion faltatu bere gazte denboran. Hurbildik ezagutu zuen karlisten bigarren gerratea, bertako lekukotasunik ere eman zuen kronika gisa Diario de San Sebastián hartan; baina egiazki bultzarazi zuena foruen galerazpena izan zen. Berez pizturik zekarren gogoari su eman bai zion 1876. urteko uztailaren 21ean Espainiako gobernuak gure foruak eragotziko zituen legea eman zuenean. Egun horretan, bere zuzendaritzapean argitaratzen zuen Diarioan berri ematean, orla beltzez agertu zuen, azpian honako hau iragarriz: «¡Los fueros han muerto!» «¡Vivan los Fueros!». Hori zelata, Institutuko irakasletzatik bota zuten. Baina hortik hartu zuen euskal gaietan lehen baino sutsuago aritzeko indarra. Jarrera horren lehen agerpena izan bai zen Cancionero Basco (1977) zeritzan bildumaren publikatzea.

Entzutea dugu, eta nonbait irakurri ere bai, Manterolak. erreakzionario gisa jokatu zuela geroztik. Holakorik gertatzen baita erreakzionario hitza oker erabili nahi dutenen artean. Baina, erreakzionario izateko ez dugu uste ideia atzerakoien aldekoa zenik. Cadizko Konstituzioa aurrerakoia zen oraindik feudalismopetik irten gabe zeuden herrientzat; baina, 1812an ingelesen Habeas corpus-ean oinarriturik egin zen lege hura inork ez digu frogatu gure herri honentzat lege zaharreko foruak baino hobea zenik. Gure egunotan ere gertatzen zaigu holakorik. Baina, gauza bat da erreakzioa eta oso beste bat kontraekintza. Eta, kontraekintza zen Manterolaren bidea, inposatu nahi zutenen kontra eta bere herriaren alde. Horrela agertu zuen bere gizontasuna. Garai hartan Madril-eko Kongresu eta Senatu osatzen zuten gehienek, alderantziz, gure lege zaharreri buruzko ez jakintasuna baizik ez zuten agertu. Eta, oraindik hemen gabiltza orduko okerrak zuzendu ezinik.

Manterolak, bere hori kontraekintza alderik zuhurrenetik eraman zuen, bake bidez eta kulturgintzaz.

Kanta Zaharren Biltzaile.-

Fr. Michel eta M. J. Sallaberryk egin zituzten kanta bildumen jarraian etorri zen Manterolaren Cancionero Basco, kanta zahar eta antzinako euskal poeten lanak bilduz eta argitaratuz. Taxuz bete zuen lan hori, bere denborako poeta euskaldunenak ere gehituz. Bilintxen zenbait lan ere betiko galduko ziren berak jaso ez balitu. Aurkeztean, doinua zutenak pentagramaz jartzeaz gainera, batzutan egileen biografiak ipiniaz eta beti filologia oharrez aberastuak edo zenbait aburu erantsiz. Gaztelerazko itzulpena ere jartzen zien eta inoiz frantsesezkoa ere bai.

Garai hartan eta aldi berean, Lapurdiko Urruña eta Saran bazen eskualzale mugimendua; bestalde, Iruñeko Asociación Euskara de Navarra hasia zen lanean eta Cancionero Basco baino urte bete geroago sortu zuten Revista Euskara (1878-1883); Araban ordea, Fermin Herrán-en inguruan ari ziren; eta. Bilbo aldea ere lo ez zegoela aitortu behar da. Hala ere, euskararentzat Manterolaren ekintza zen probetxuzkoena. R. Becerro de Bengoak hara nola agertu zuen bere iritzia, 1880. urtean, Irurac-bat aldizkarian: «Don José Manterola, que con una entereza y un corazón dignos de un gran éuskaro ha repartido, no sólo por los hogares del país, sino por todos los pueblos del mundo civilizado, doquier que hay bibliotecas y librerías, esos álbums originales, que contienen las producciones de nuestros poetas, por él traducidas y comentadas con exquisito acierto y esmero y que llevan el sencillo título de Cancionero Basco. Las páginas de este libro se devoran, no se leen, por cuantos conocen la lengua de Larramendi y de Garibay, y a través de las estrofas, con la traducción a la vista, tratan de contemplar con creciente curiosidad, los que ignoran el vascuence, a los desconocidos y originales poetas de la apartada tierra. Para todos tiene, en efecto. misterioso y especial atractivo este libro»

Hemen, euskaldunak harriturik gelditu ziren euskara idatzian hainbeste lan eder ikusteaz eta gainerakoak ere euskarazko literatura errespetu gehiagoz begiratzen hasi ziren. Lastima kanta haiek eskoletan ez erakastea, lastima, benetan, euskaldunoi gure errotikako literaturaren berri haurtzarotik ez emana. Orain, ehun urte igaro ondoren gabiltza huts hori zuzendu nahian eta, zoritxarrez, ez borrokarik gabe.

Euskal Kulturaren Suspertzaile.-

Cancionero Basco hura hiru urtez bukatzean beste lan handiago bati oratu zion, bere ekintza guzietatik emankorrena sortuz 1880. urtean: Euskal-Erria aldizkaria.

Manterola ohartzen zen kulturgintzaz zeregin handia bete beharrean ginela. Garai hartako idazlerik gehienak aldizkariaren inguruan bildu zituen, eta hura ere ez zen mugatzen Gipuzkoan, Euskal Herriaren zazpi aldeetakoek ez ezik euskalari arrotzak ere beren lanekin parte hartu zuten. Aldizkariaren orrialdeetan orotarik bildu zuen: arkeologia eta historia ikerketetatik, ohitura eta etnografia zein ahozko literatura bilketetatik sorketazko literaturgintzara arte. Gainera, kontu handia izan zuen politika arazoekin nahastu gabe ibiltzeaz, gehiengoaz baliatzearren. Horregatik, bertan idatzi zutenetakoak ditugu, besteak beste:

Arzak, A. Arana, K. Etxegarai, Otaegi, Arrese eta Beitia, Artolatarrak, Elizanburu, Iraola, S. Baroja. E. M. Azkue,... euskaraz lanak argitaratu zituztenen artean, eta erdarazkoetan: A. Trueba. Iturralde y Suit, Delmas, P. Egaña, F. Baraibar, F. Sagarminaga, Bonaparte printzea, W. Webster, Julien Vinson, A. d’Abbadie, A. Campion eta abar.

Euskal-Erria aldizkarian gai interesgarri guziak izan zuten lekua, Wen-tworth Webster-ek aitortu zuenez, gure literaturaz, musikaz, kondairaz, herri jakintzaz eta abar zerbait jakin nahi zutenentzat ezin zela artxibategi hoberik ukan Euskal-Erria aldizkaria baino.

Bere lan hori aurrera eroan ahal izateko, egia esan, Antoine d’Abbadie eta Achille Fouquier-ek beren agiritegi eta liburutegiak erabiltzeko ateak edekiz aukera guziak eskaini zizkioten. J. Vinson eta L.L. Bona-parte printzearengandik ere agiri eta aholku laguntzak jaso zituen. Egiazki, RIEV aldizkaria eta Eusko Ikaskuntzaren sorrerazko aurrerapena izan zen Euskal-Erria aldizkaria, euskalari guziak bilduz gure herriari buruzko lanak erarik orokorrenez ematen erakutsi zigunez.

Inguruan langile laguntzaile onak izan bazituen ere, guziak elkartuzko gidaritza erakutsi zigun. Horregatik, bere heriotza geroztik ere fruitu onak ematen jarraitu zuen hazia ondo eraginik utzi zuen landareak. Gidaritza onaren ondorioa zen. Iraolak ongi esan zuen Manterolagatik, «gure gidari eta argia». Itxura batean, Euskal-Erria aldizkariaren jarraipenak ez zuen izan inolako eragozpenik bere bidean jarduteko. Bere ordez, lankide izan zuen Antonio Arzak geldituko zen aldizkariaren arduradun, baina maisuaren hutsunea omenezko liburuaren sarreran agertu zuen: «Negarrak paperean arrastorik utziko balu, ez nuke tinta bearrik itz oek izkribatzeko...» esanaz hasi bai zuen eresi kutsudun hiletazko artikulu hura.

Bazen beste ekintza bat ere Euskal-Erria aldizkariaren babespean sortzaile izan zena. Sortzaile ez ezik antolakizunak ere bere lepotik eraman zituena: Euskarazko itz-jostaldien Batzarrea (Consistorio de los Juegos Florales) zeritzana. 1882an programatua. Egia esan, d’Abbadiek sortu zituen Euskal Jaiak (Fiestas éuskaras) antzerako zerbait zen, behar bada ez hain garrantzitsua; baina gure gizon burutsua bere eskuz behar bezala gidatu baino lehen hil zen. Honen egitekoa, literatur, musika eta pintura lehiaketetarako deiak.

Ideia handiak zituen eta proiektu bat bestearen ondorean emanaz joan zen bere bizitza labur horretan. Herioa hurbil zetorkionik jakin gabe eta presaka.

Baina, otoi, eragilez gainera egile ere bazen. Aldizkariaren zenbaki guzietan anitz idatzi zuenez. Fruitu onik eskaini zigun arlo horretan ere. Bere lan horietatik ezer goraipatzekotan «Apuntes necrológicos» eta «Autógrafo y noticias», «Curiosidades bascongadas» eta «Efemérides basco-navarras» sailak dira gogoangarriak Euskal Herriak eman dituen era askotariko pertsonaien berriak eman bai zituen. Euskal idazleetarik toki berezia izan zuten Axular, Mendiburu, Larramendi, Etxeberri Sarakoa, Iparragirre, Pascual Iturriaga eta beste zenbaitek. Horien bizitza eta lanei buruzko berriez gainera ikerketarik ere eskaini zigun. Adibidez, bera izan zen sor Luisa-ren Gabon sariak lehen lehenik Muniberena zen ustea zabaldu zuena.

Euskaltzale Suharra.-

Euskara idatzian ere ez zen labur gelditu, artikulu eta saio asko idatzi zituenez, beste zenbait itzulpenez gainera, horien artean Teokrito eta Anakreonte greko klasikoetatik. Euskaraz eta gazteleraz, XIX. mendean lehen partetik Donostian egin izan ziren inauteriei buruz ere idatzi zuen.

Bestalde, sorketazko literatura lanak ere egin zituen eta aipatzekoak dira poema hauek: Itanasia, Amalauduna, Aita Mendiburu, Somaketa, Munduko esamesak, Kantauria eta epika gisa, latinez titulatuz idatzi zuen poema luzea,Post tenebras spero lucem.

Manterolaren beste alderdi bat, gure artean ez hain ezaguna, hizlari polemistarena da; bereziki foruen eta euskararen alde nabarmendu zen Donostiako Ateneoan. Garai hartan Joakin Jamar omen zen Ateneo hartatik igaro zen hizlari bizi, argi eta polemikoena; arrazoi bidez apenas inork menderatzen omen zuen. Jose Goikoa buru zela mahai-inguru bat eratu omen zuten, euskara bai ala ez, eztabaidatzeko. Mahaikide ziren Jamar, Serafin Baroja, Egoskozabal eta gure Manterola. Publikoaren aurrean haizatu zuen Jamar jaunak: «¿Hasta qué punto es cierto que encierra un gran interés la conservación de la lengua éuskara? ¡Hay realmente un interés en conservarla y procede que se hagan serios esfuerzos para ese fin?». Hitzetik hortzerako ihardespenak izan omen ziren Jose Manterolarenak, euskararen garrantzia agertuz eta bere berpizkundearen premia azalduz. Bere argudioak hain arrazoizkoak eta hain zorrotz esanak omen ziren, Ateneoko entzuleen aldetik inoiz ez omen zen jaso holako txalorik.

Gertakari horiek. gaurko gaiak balira bezala agertzen zaizkigu. Euskara, gure herriaren arima iruditzen zitzaion Manterolari: Hizkuntzaren heriotza eta Euskal Herriarena batean ikusten zuen. Gaur egun ere, askorentzat hala da. Gaurko zoritxarra ordea, ideia hori ontzat hartzen dutenek ere, gehiengoan gazteleraz mintzo direla. Ez da erraz igartzekoa euskarak zein duen bere etsairik handiena, bere kontra dagoena ala asmoz alde egon arren ez ikasi eta ez mintza, besteren arazoa balitz bezala jokatzen duena. Baina, gaur hemen Manterolaren jokabidea interesatzen zaigu.

Manterolaren ikuspegia oso zabala izan zen, ideiak argi eta garbi zituen, bere denborako beste euskaltzale batzuk bertsolaria mesprezuki erabiltzen zuten garaian, berak bertsolari saioak antolatzeari eman zion, sariak jarri ere bai, eta beretan epaimahaiko izan. Kultur maila guziak probetxugarritzat zituen, zein elitearena hala populuarena, eta euskal literaturak guziak behar zituen.

Bere heriotza uste gabekoa Izan zen eta laster zabaldu zen berri beltza Euskal Herriaren zazpi alderdietara, eragin handia izan zuen. Horren oihartzuna hara nola adieraziz aditzera eman zuen Klaudio Otaegik: «Lapurditikan Ebroraño, ai! tristero dago guzia». Orduko euskaltzale eta abertzaleen bihotzak ilundu ziren, eta bere publikazioetan lankide zirenek galera haren sentipenez, bat-bateko bilduma eskaini zioten. Bilduma hartan bada eresi hunkigarririk, baita ere bere jokabide zintzoa zorrotz agertzen duenik. Horietako adibide bat Arturo Campion Euskaltzaindiaren sortzaile eta Manterola hil zen urte berean Gramatica bascongada publikatu zuenarena dugu. Gaur oraindik ez datorkigu hain gaizki eta merezi du hemen irakurtzea; hara zer zion:

«La manifestación más enérgica de la personalidad de un pueblo, el testimonio más elocuente de la supervivencia de una raza, el instrumento más poderoso de las reivindicaciones nacionales, es el lenguaje: un idioma es una frontera.

Al convertir José Manterola todos los rasgos de su espléndida inteligencia hacia la lengua éuskara, fue un gran patriota.

Su nombre fue limpio espejo de los buenos que defienden al país basco-navarro y anatema de los villanos que sirven o ayudan a sus perseguidores, o transigen con sus enemigos. iBendito sea!».

Arturo Campión

Gainerakoan, omenezko liburu hartan, laudoriorik ez da falta.

Gogoan hartzekoa dugu euskararen ortografia batu bat burutzeko egin zituen lanak ere. Garaiko euskal idazleak, poliki-poliki, Manterolak Euskal Erria aldizkariaren bidez eman zuen idazkera hartu bai zuten.

1902. urtean, Donostiako kale bati bere izena jarri zitzaion. Baina, euskaltzaleok ahantzirik ez ote dugu eduki?

Hilburukoa.-

Berak utzi zigun hilburukorik onena, euskal literaturaren zabalkundez eta indarberritzez Cancionero Basco-z gainera, Euskal-Erria aldizkaria eta honen jarraipena izan ziren. Ordura arte, gure intelekto jendea oso sakabanaturik ibili zen eta bere eraginezko lanetatik datorkigu bilduz eta elkarlanez aritzea, ekintza haietarako kideak ondo heziak jarri zituenez. Aldizkariaren zuzendaritzan honako hauek izan ziren, elkarren jarraian: A. Arzak, F. López Alén eta T. Altzaga. Azkenik, bizitza labur hartan aski egin ez balu bezala, bere paper argitaratu gabeen artean aurkitu ziren, besteak beste, 1877an osatu zuen bilduma interesgarri bat. «Refranes y proverbios»

1911.ean Euskalerriaren Alde aldizkariak argitaratuko zuena. Nonbait, El Cid Campeador bakarrik ez zen hil eta gero ere batailak irabazi zituena. Kulturazko batailatan behintzat, kontuan hartzekoa dugu Manterolaren lana. Bere heriotza min sendagaitza izan bazen ere, RIEV, Eusko Ikaskuntza, eta beste zenbait ekintzaren bide idekitzaile izan zen eta neurri batean Euskaltzaindiak ere bere partea zor dio.

Holakoa izan zen hain gazterik galdu genuenaren emaitza eta eragina. Bere abertzaletasun sendoa eta euskaltzaletasun paregabea Post tenebras spero lucem delako poema nagusian naro agertu zuen eta on zaigu bere barnean jarri zuen zortzikoaren bi bertso hauek erakusten diguna berritzea:




Bizi bedi Euskera,
Izkuntz maitatsua,
Zeruan Jaunak berak
Guretzat sortua,
Euskaldunentzat doai
Guztiz eztitsua,
Izkuntz denen artean
Paregabekua.
Bizi bedi Euskera,
Beti Euskal-Errian;
Jarri dezagun izkuntz
Guztien gañian;
Gorde dezagun garbi
Dénok ill artian,
Euskaldunak gerala
Aztu ez gaitian.


Oharra: Lehen parte hau Euskaltzaindiak 1984ko apirilaren 27an Manterolaren omenez egin zuen batzarreko «Jose Manterola, egile eta eragile» zeritzan hitzaldi hartan oinarritzen da. Ikus Euskera agerkaria, XXIX, 1984.






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org