Aurkezpena


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Manterola Jose »  Aurkezpena

Jose Manterola

Bilduma Laburra

Jose Manterola

Liburu osoa PDFn

Aurkezpena



Ongi da Jose Manterolaren lanak eskuratzea hain erraza ez den garai honetan, muestratzat bederen, antologiatxo bat agertzea, euskaraz zein gazteleraz bere zuzendaritzapeko aldizkarian maizenik bete zituen sailen adierazgarri eta era berean bere ideia eta idazkerak erakutsiko, dituena.

Euskarazko testuan ortografia gaurkotu eta tokiko fonetismoak ken besterik dugu egingo. H letrarik ez diogu jarriko, poesia neurketan nahasterik ez sortzeko eta Gipuzkoako beterriar hizkera dagoenean ahalik jatorren uzteko.

«Gizon bearra...» antzinako Diojenezek salatu zuena da eta Manterolarenak, «bearra» ez, behartua esan nahi du. Hala ere utz dezagun dagoen eran, kontaeraren hariak esan nahiaren zentzubidera laster eroango gaituanez. Hori izango da bilduma honetan hizlaxozko muestra.

Bere idazkiok erromantikoak dira, Jose Manterola ere bere garaiko seme zenez, egungo egunerako aski aspergarria, eta horregatik ez dugu hautatu bere poesietatik lanik handiena: Post tenebras spero lucem, latinezko izenburuz mila lerrotik (erdaraz «verso» esan ohi dena) gorako euskal poema, Euskal Herria goraipatuz egina, Euskal-Erria aldizkariaren X eta XI. (1884-1885) zenbakietan zatika argitaratua. Elkarrengandik desberdinak diren poesia laburrak hautatu ditugu eta bere erromantikotasunean badira neoklasikoan alegi gisara egiten ziren haietakoen kutsuzkoak. Beste batzuk ordea, jostakorrak. Horregatik sartzen zituen «Sección amena» sail hartan. Horietakoak dira, adibidez, Somaketa eta Itanasia.

Grafologia kontua ez da gauza berria eta «Nuestros autógrafos» sailarekin gure idazle ospetsuen grafiak agertu zituen, bakoitzaren eskutik harakoa zuzenki ezagutarazteko. Honako hautatuak dituzu, irakurle, Axular. Pouvreau, Oihenart eta Ercilla. Gainera, era berean, bakoitzak burutu zituen lan nagusien berri ematen du, zabalkunde gisa.

«Curiosidades bascongadas» sailarekin, Manterolak, bere zuzendaritzapeko aldizkariaren irakurlearekiko harremanak eduki nahi zituen, Euskal Herriko semeak zerbaitera suspertzeko, kulturaz kezkatu eta gure herri honen alde bultzarazteko. Hala ere, gaurko abertzale ezjakin askorentzat gauza bitxia izaki «bascongado» hitza. Ezen, maiz mespretxatuki erabiltzen baita, gazteleraz euskaldun jatorrak izendatzeko hitz hau. Eta, euskara indartzeko «bascongado»-en beharra dugu, nahitaez. Horren argitasunik eman nuen 1983ko Egan literatur aldizkariaren 197. orrialdean. Gauza bera nik baino zehaztasun gehiagorekin eman zuen Mitxelenak berriki RIEV-en (Tomo XXIX, 1983, 15-19. orr.).

Sail horretatik bi zati hautatu ditugu, lehena euskal hiztegiei buruzkoa eta bigarrena antzerkirako hiztegiño bereziaren premia adierazten duena. Bietan erakusten digu euskal kulturaz zuen erudizio sakona.
Hiztegi orokorrez ari den «Curiosidades bascongadas» delako lehen artikulu horri bertan gehitu dizkiogu argibidezko zenbait ohar, aipatzen dituenetarik batzuk geroztik argitaratuak izan direnez eta beste batzuk non aurkitzen diren adieraziz. P. Novia de Salcedo-ren Diccionario etimológico del idioma bascongado bi tomotan argitaratu zen 1887. urtean. Aipatzen dituenen artetik baliorik gutxienekoa segur aski, zeren gaurko linguistikaren argira ez baitu zientifikotasunik.

Ez dugu esan beharrik Jose Manterola bere idealetan zintzo jokatzen zuen gizona zela, gizon zuzena, eta ikustekoak dira teatrorako beharrezko iruditzen zitzaizkion hitzak nola agertzen dituen elkarrizketaren bidez. Era berean, lanaren hasieran eta bukaeran, garai hartan euskal antzerkiari buruz zekizkien berriak ematen ditu. Zuberoako pastoralak, beren berri izan arren, ez zituen ikusten hain ongi. Baina kontu izan Hérelle-ren estudioak baino lehenagoko iritziak direla. Geroagokorik, antza denez, XVIII. mendekoekin huts egin zuen. Ondotik etorri bai ziren Joakin Azpiazuk eman zituen berriak, Doneztenen 1923an Bigarren Euskalegunetako Itzaldiak haietan emandakoaren ezagutzarik ez bai zuen. Baina, J. Variot-en Théâtre de tradition populaire-anemandako albisteekin bat dator esaten duelarik: «verdad es también que los pocos teatros que existen en el país bascongado, son todos ellos de fecha muy reciente, sin que el más antiguo cuente medio siglo de existencia». Horiek izango ziren Elémir Bourges-ek Lapurdin XIX. mendearen hondarrean ezagutu zituen haietakoak. Berak ezagutu zuen haietako batean oinarritu baitzen gero P. Lafittek euskarara itzuliko zuen Gonzalve zeritzana. Oroi Manterolaren adiskide mina zen Marzelino Soroak Lapurdin ikasitakotik sartu eta girotu zuela Donostian euskal antzerkia, eta laguntzaile hurbila izan zuela gure Manterola.

«Apuntes necrológicos» zuen hilberrien biografiak azaltzeko sail berezi batek izentzat, baina horietatik zerbait hautatzea baino hobeki iruditu zaigu Iparragirreri buruz idatzi zuen artikulua hartzea, era berean Cancionero Basco-ren hastapenetako berriak ematen dituanez.

Azkenik, hilburukoa. Bere paper argitaragabeen artean bukaturik utzi zuen «Refranes y proverbios vascos», egilea hil zenetik hogeita bederatzi urtera Euskalerriaren Alde aldizkarian zatika agertuko zena. Utzi zituen oharrak adierazten dutenez 28 urte zituenerako bukatutzat zuen lan hau. Hil ondorean, horiez gainera, han-hemenka bildu zituen bertso paper sorta, Bilintxen olerkiak eta abar Gregorio Mujikaren eskuetara pasa ziren. Honek, bere zuzendaritzapean ateratzen zuen Euskalerriaren Alde-n probetxu ona eman zion, eta gure egunotan, bertso-paperez, A. Zavala Auspoa Liburutegirako.

Garrantzizkoa iruditu zaigu gaur egun hain premiazko zaizkigun errefrau, atsotitz eta esaldiak era batean bildurik ematea Donostiako Udalak aukera hau eskaini digunez.


Juan San Martin









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org