Hortzak erakutsi!


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Mujika Gregorio »  Pernando Amezketarra »  Hortzak erakutsi!

Gregorio Mujika. Pernando Amezketarra

2

HORTZAK ERAKUTSI!...



Pernandok eskribauarekin hitz egin nahi zuen.

Bere etxera joan zen eta dan! dan! atea jo zuen. Berehala neskamea azaldu zitzaion.

Neskameek, nolako itxura atera deitzen dutenek, halako aurpegia jarri izan ohi dute.

Aberats antzekoa bada aurpegi guztia irribarrez josirik, eta tibiribiri, tibiribiro, sortu diren enbusteria guztiak esanaz.

Erdipurdikoa bada, aurpegi hotza, eta hitzak hotzagoak oraindik.

Eta zarpatzar antzekoa denean berriz, tximinia baino ilunagoa kopetarekin eta erratza baino latzagoko hitzekin.

Hori, neskame guztiak jakiten dute. Aralarko muturretik herrira datorren neskak, bigarren asterako inork erakutsi gabe ikasten du.

Ez dago esan beharrik zer itxura eramango zuen Penandok eta zer aurpegi jarriko zion neskameak. Pernandok, apal-apal, galdetu zion:

Nagusia etxean al dago?

Eta neskameak, hitz bakoitzean bi purrustada eginaz:

Ez dakit. Jakingo dut.

Horrenbesterekin ezkutatu zen.

Pernandok igarri zuen zer harrera egiten zioten etxe hartan, eta hona zer bururatu zitzaion.

Berrogei erraldeko behia erosteko adina diru ez zuen noski berekin izango, baina txanpon bakar batzuek musuzapian korapilo batekin bilduak bazeuzkan.

Bere haiek askatu eta zalaparta ikaragarria atereaz lurrean bota zituen.

Haserre bizian, neskamea bihurtu zen, eta esan zion:

Gizona, zer darabilzu zarata burrunbatsu horiekin?

Badakizu -erantzun zion Pernandok- diru mordoxka bat dakart nagusiarentzat eta banaken batzuek erori zaizkit.

Hori entzun zuenean, neskamea, diruak beretzako izan balira bezala oso poztu zen, aberatsentzako bezalako aurpegi goxo irritsua jarri zuen, txanponak biltzen lagundu zion, eta "gizontxoa, nagusia etxean dago" esanaz, eskribauaren aurrera eraman zuen.

Eskribauak esan zion:

Zer dugu?

Eta Pernandok:

Jaio ginen-eta, hiltzea zor dugu.

Gero jarraitu zuen Pernandok esanaz:

Jauna, zorrak badauzkat, hartzekoak ere bai: hartzeko dauzkatenei ez diet estutasunik eman nahi, eta nik zor dietenak berriz estu narabilte. Larritasun honetan, zer egin ote nezaken jakitera etorri naiz.

Eskribauak erantzun zion:

Hori gauza erraza duzu. Hartzekoak, nola nahi dela ere, hartu itzazu, eta zor diezunei, berriz, hortzak erakutsi.

Beraz dirua eskatzen didatenei hortzak erakutsi?

Hori da.

Ederki iruditzen zait. Eta, orain, berorren nekea zenbat da?

Bost pezeta egin ezazu.

Nola?

Bost pezeta.

Pernandok orduan, hortzak erakutsirik, uuu! egin zion.

Zer da hori? -zion garrasika eskribauak.

Berorrek erakutsi didana. Hortzak erakutsi.

Eta nagusi eta neskamea barregarri utzirik, Pernandok etxe hartatik alde egin zuen.







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org