Erretorearen amuarrainak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Mujika Gregorio »  Pernando Amezketarra »  Erretorearen amuarrainak

Gregorio Mujika. Pernando Amezketarra

5

ERRETOREAREN AMUARRAINAK



Herriko erretoreak askotan eramaten zuen Pernando berekin bazkaltzera, horrela parra nahikoa egitearren.

Behin batean joan zen bazkaltzera, eta entzun zuen bikarioa eta neskamea sukaldean hizketan ari zirela, eta bi amuarrain handienak gauerako gordetzea erabaki zutela.

Pernandok ez entzun egin zuen, eta ezer igarri ez balu bezala bazkari-tokira bildu zen.

Bazkaritan hasi dira, amuarrainak ekarri dituzte, eta Pernandok hartzen du bat, heltzen dio isatsetik, buruz behera jartzen du, belarrondora badarama, eta han dabilkio batean gora, bestean behera, aro berean, begiekin, ahoarekin eta sudurrarekin imintzio mota guztiak egiten dituela.

Bikarioak, harriturik, galdetzen dio:

Baina, Pernando: zer esan nahi dute orain darabilkizun sorgin-antzeko katramila horiek?

Ez zion Pernandok lehenbizikoan erantzun, baina erretoreak jarraitu zion bere galdeketari, eta hona, azkenik, Pernandok zer erantzun zuen:

Hara jauna: Ameriketan ahaide batzuek baditut, eta denbora asko da beren berririk ez dudala.

Nola arrain hauek uretan ibiltzen direnak diren, galdetzen nion ea haien berririk ote zekiten.

Eta, zer esan dizu?

Esan dit, alegia, hauek gaztetxoak, txikitxoak direla oraindik eta urruti haietara iritsi gabeak direla. Baina, sukaldeko armairuan handiagoak, zaharragoak egon behar dutela, eta haiei galdetzeko, haiek zer edo zer jakin lezaketela.

Erretoreak, algaraz lehertzeko zorian dio.

Arraioa! Usain hori ere hartu duzu? Xelebrea zera.

Eta neskameari handiena ekartzeko oihu egiten dio.

Neskame maltzurrak ordea, handiena sukaldean utzi eta bigarrena ekartzen du.

Baina, Pernandok igarri zuen neskamearen jokoa, eta lehen bezala, amuarrainari isatsetik heldu eta lehengo matrakeriak berak egiten hasi zen.

Bikarioak dio orduan:

Horra non duzun amuarrain zaharra eta handi askoa; Zer esaten dizu horrek?

Bai, honek zerbaiten surmurra badu; baina guztia ondo ez dakiela dio. Guztia ondo dakiena, oraindik armairuan omen dago, eta harri galdetzeko.

Bikarioak deitzen dio orduan neskameari esanaz:

Emakumea: neronek jango ez badut ere, ekar iezaiozu Pernandori amuarrain handiena Ameriketako berriak sustraitik jakin ditzan.

Hala dio neskameak:

Bikario jauna: ez dakit Ameriketako berriak sustraitik jakingo dituen, baina gure amuarrain ederrak sustraitik jango dituela, bai.

Ekarri dute azkenean, amuarrain handi hura, eta sorgin-galderak egin ondoren, gure Pernando bapo jaten hasi da.

Eta erretoreak galdetzen dio:

Azkeneko horrek, zer ezan dizu ba?

A! Oso ondo direla; urte bete barru honantz etortzeko asmoa dutela; haiek etortzean, Amezketako Erretorea ondo izango dela; ni orain bapo nagola eta amuarrainak on egin diezadatela.







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org