|
Gregorio Mujika. Pernando Amezketarra
8
OILASKO-HEZURRAK
Behin, etxeratu zenean, ez zegon ez surik eta ez bazkaririk. Nola, orduan, otordua egin? Hona Pernandok zer asmatu zuen.
Erretore-etxe aldera joan ziren emaztea eta biak lasterka bizian, emaztea aurretik eta senarra atzetik, emaztea garrasika begiak ateratzen balizkiote bezala, senarra deiadarka eta zigor bat eskuetan duela emaztea elbarritzeko zorian.
Erretoreak emaztearen garrasiak entzun dituenean atarira atera da, eta Pernando bere zigorrarekin ez egiteko bat egiteko antzean ikusten duenean bien artean sartzen da oihu eginaz:
Geldirik! Gizona zer da zatarkeri hau?
Zer den? Honelako emakumea, txiki-txiki egin-eta ere, ez da behar bezala ordaintzen.
Zer izan duzue bada?
Ezer ez.
Eta ezerezengatik horrela jarri?
Bai jauna: ezer ez, ez surik, ez bazkaririk.
Begira, begira; gaurko behintzat, zuentzako bazkaria nire etxean badago eta utz iezaiozue haserreari.
Pernandok ez zuen besterik nahi, eta pozik haserre-itxura utzi zuen.
Emaztea sukaldera eraman zuten, eta Pernando Erretore jaunarekin jan-gelara bildu zen.
Erretoreak txuliatzeko gogo handia zeukan egun hartan, eta bazkaritan oilaskoa ekarri zutenean, hezurrak Pernandoren aldera jarri zituen eta mamiak berera.
Erretorea barrez gur-gur zegon Pernandok jartzen zuen aurpegi iluna ikusirik, eta zerbait esan behar bada, eta esan zion:
Arestian emaztea harrapatu izan bazenu, zer egingo zenion?
Jauna: orain plater honekin egiten dudan bezala lepoa bihurtuko nion.
Eta platerari buelta emanaz, mamiak bere aldera ekarri eta hezurrak erretoreari utzi zizkion.
|