Emaztea hitzik gabe


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Mujika Gregorio »  Pernando Amezketarra »  Emaztea hitzik gabe

Gregorio Mujika. Pernando Amezketarra

10

EMAZTEA HITZIK GABE



Egun batean, ez zeukaten etxean arbasta bat ere, eta egur bila mendira joan zen.

Egur mozten hasi besterik ez zuen egin eta gazte-pila bat agertu zen, eta esan zioten:

Pernando: gaur den egunarekin mendian lanean?

Zer egun da ba, gaur?

Azkarateko festak, gizona.

Arraio-arraioa, eta hala duk.

Eta zegoena zegon tokian utzi eta Azkaratera gazte haiekin joan zen.

Etxean egur beharrean baziren, ondo jaioak zeuden.

Lau egunean ez zen etxeratu. Bosgarrenean etorri zen, eta emazte gajoa soroan lanean aurkitu zuen.

Alderatu zitzaion eta emaztea kopeta ilunarekin isilik. Lehiatu zen emazteak zerbait esaten ote zion, baina alperrik. Emakume haren ahotik ez zuen hitz bat entzun.

Orduan erretorearengana joan zen.

Jauna esan zion-. Etxean oker handiak ditugu. Emaztea hitzik gabe daukat.

Gizona, gizona...

Egin ditudan ahaleginak alperrik izan dira. Hitz bat ezin atera zaio.

Emakumea, eta hitzik ez... ez zagok ondo.

Hala esan liteke.

Goazen, goazen, zerbait egin beharko dela uste dut.

Joan ziren sorora, eta emazteak erretorea ikusi zuenean hasi zen:

Erretore jauna, berorri ere alderdi hauetatik?

Eta Pernandok:

Orain etorri zaio hitza. Sendatu da.







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org