Pernando eta Ametza


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Mujika Gregorio »  Pernando Amezketarra »  Pernando eta Ametza

Gregorio Mujika. Pernando Amezketarra

12

PERNANDO ETA AMETZA



Behin Txabalategi eta Hernaniko beste bertsolari bat, Lekunberriko bi bertsolarirekin aritu ziren bertsotan.

Gero, Hernaniko bi bertsolari haiek Amezketakoekin (Pernando zen horien artean) Tolosan aurkitu zirenean, Hernaniko Txabalategik hau bota zuen:

Pernando eta Zabala
Herri batekoak,
badakit zaretela
koplari bapoak.
Ez izanagatikan
zuek a(d)inakoak,
gu ere egin gintuen
zerbait Jaungoikoak
Napar herrikoak,
Lekunberrikoak,
ez ziren pijoak;
askoz hobeak gaituk
Hernanikoak.


Entzuleen artean han zegon Ametza, bertsolari onenetakoa eta Pernandori zirika askotan aritzen zena.

Txabalategik amezketarrak nola goratu zituen entzuteak, min pixkaren bat eman zion Ametzari noski. Pernandok aurpegian ezagutu zion, eta hona bota zion bertsoa:

Ametza omen dago
gizon harritue,
itxuraren kontrako
entenditue;
honek jartzen digu
kontu luzitue,
gu gehiago garela
ezin sufritue
kantuzko pleitue
behartzen gaitue
galduko zaitue
jarri nahi goitue.
Amezketak zedukak
kantuz kreditue.


Ametzak erantzun zion:

Pernandok nire ona
ezin e(ra)man txarra...
atzean gelditzeko
ni ez naiz mantxarra.
Zuri egiten dizute
iseka eta farra
ekarri duzulako
alkandora txarra.


Pernandok berriz:

Prenda hartzen didazu
alkandorarena;
badakit ez dudala
hemen den onena.
Txarra izanagatik
hau da neronena:
zuk ederra daukazu
baina besterena.










     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org