|
Gregorio Mujika. Pernando Amezketarra
14
ELKAR EZIN IKUSI!
Asto itsu bat zeukan Pernandok ukuiluan.
Asto hura inork erosiko ez ziola, amezketar guztiak bazekiten. Zertarako erosiko zion, bada, inork asto itsua?
Halako batean, Pernandok berak erosi zuen, beste asto bat, eta... itsua hura ere!
Pernando gizajoa txoratuko zela uste izan zuten amezketarrak. Baina... Bai zera txoratu!
Hurrengo feria eguna etorri zenean, hartu zituen bi asto itsuak eta han joan zen Tolosara.
Gerturatu zen bat.
Asto horiek saltzeko al dauzkazu, Pernando?
Halaxe dauzkat bada.
Ez daukate itxura txarra... Ez al dute akatsik?
Ez, ez... Denbora askotxotan elkarrekin ukuilu batean egon direla eta... elkar ezin-ikusia, besterik ez.
Hori besterik ez baldin bada...
Besterik ez. Ezin elkar ikusi...
Beste gizajoak erosi zituen bi asto horiek, dirua eman zion Pernandori, eta amezketarra han joan zen pozik diruari txin-txin eraginaz.
Eroslea ere alai zegoen, astoak merke xamar erosi zituela-eta. Baso erdi bat Jesus batean ziplatu eta gero, hasi zen etxe-alderako asmotan. Astoei soka kendu zieten, eta arre esanaz, hasi zen txistu jotzen.
Astoak geldi ordea. Makilaz jota ibiltzen hasten baziren, beti bazterretara eta behar ez zen tokietara zihoazen. Zer asto arrano ziren haiek!
Begira eta begira, itsuak zirela antz eman zion azkenerako erosleak. Eta eginahaletan han joan zen Pernandoren bila.
Baina gizona -esan zion aurkitu zuenean- zer asto eman dizkidazu? zertarako ditut nik asto horiek, elkar ere ezin ikusi dute-eta? Ekarzu niri berriz dirua eta har itzazu zure asto zahar horiek!...
Ez "konpaineo" ez. Astoak erosi baino lehen, nik argi asko esan nizun elkar ezin ikusi zutela. Hala ere erosi egin zenizkidan. Orain... Hor konpon! Ibiltzeko gauza ez badira, lukainkak egiteko saldu itzazu.
|