Dum... dam... dum... dam


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Mujika Gregorio »  Pernando Amezketarra »  Dum... dam... dum... dam

Gregorio Mujika. Pernando Amezketarra

18

DUM... DAM... DUM... DAM...



Gau batean, etxera joan zenean, bere emaztea haserre eta haurrak goseaz negarrez eta zer jantzirik ez zutela aurkitu zituen Pernandok.

Haiek hala ikusi zituenean, atera zen etxetik, joan zen korrika elizara, igo zen kanpandorrera eta hasi zen dum... dam... dum... dam... Hil kanpaia indarrez jotzen.

Zein hil da, zein hil da, zein hil da?... -galdetzen zuten amezketarrak estuasunez beterik. Inork ez zekien ezer.

Eliza aldera inguratu zirenean, Pernandok esan zien kanpandorretik garrasika:

Herrian den beharrena hil da...

Zein da, bada, zein?...

Jo zuen kanpaia beste puska batean, eta berriz ere:

Herrian den beharrena hil da...

Zein da, ordea, gizona?

Karitatea hil da. Horixe zen hemen beharrena!

Egia jakin zutenean, esan zioten Pernandori:

Ez estutu, gizona. Zure emazte eta haurrekin zatoz bihar plazara, eta zerbait bilduko dugu zuentzat.

Hurrengo goizean han agertu zen plazan, haur guztiak larrugorrian gurdian hartuta. Jantzi zituzten, eta hilabeterako zer jana eman ere bai.

Egun hartan pozik joan zen Pernando.







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org