Tonto azkarra


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Mujika Gregorio »  Pernando Amezketarra »  Tonto azkarra

Gregorio Mujika. Pernando Amezketarra

33

TONTO AZKARRA



Pernando eta bere emaztea ari ziren behin mendian, bere gurdia garoz betetzen.

Hala ari zirela, zauritutako erbi bat etorri zitzaien ingurura; hartu eta garo tartean ezkutatu zuten. Handik pixka batera, erbi-zakurrak etorri ziren usaian, eta gurdi ingurutik ezin kendu zituzten. Ehiztariak etorri ziren urrena.

Erbirik ikusi al duzue? - galdetu zien senar-emazteei ehiztarietako batek. Eta Pernandok erantzun zion:

Orain hamaikak inguru.

Ehiztariak berriro:

Erbirik ikusi duzuen?

Pernandok:

Oraindik behintzat gehienez ere hamaika eta erdiak.

Eta "tontoa duk gizon hau" esanda, urrutiratu ziren ehiztariak.

Hurrengo larunbatean Tolosan ikusi zuten Pernando ehiztariak. Eta zirikatzeagatik galdetu zioten:

Hi, tonto, zer ordu duk?

Eta Pernandok erantzun zien:

Ederra zegoen. Andreak eta biok jan genuen.

Ehiztariak harrituta gelditu ziren.

Arranoa! Ederrak eman zizkiguk! Ez zegok hori tonto txarra!...









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org