Bi asto


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Mujika Gregorio »  Pernando Amezketarra »  Bi asto

Gregorio Mujika. Pernando Amezketarra

38

BI ASTO



Pernandoren burua nola ote zebilen egun hartan! Astoa aurrean hartuta joan zen goizean feriara, eta astoa non zuen ez zekiela zetorren gauean etxera.

Asto gabe zetorrela ikustean emazteak zer esango ote zion, beldur zen. Geldi-geldi, bere kasa hitz eginaz, burua alde batera eta bestera erabiliaz zihoan etxe-aldera. Ostatu-aurrera hala iristen ikusi zuenean, ostalariak esan zion:

Zer duzu, Pernando, horrela etortzeko? zerbait gertatu al zaizu?

Bai gizona Astoa feriara eraman dut, eta ferian ahaztuta ez nator bada? Oraindik horrelakorik... Tokitan dago hura orain haren bila joateko. Zorioneko astotzar hori... emango nioke!...

Utz iezaiozu bihar arte, gizona. Bihar ere han egongo da ba.

Bai, hori bai, ondo lotuta utzi dut-eta. Baina nire emazteari zer esango diot? Egia esaten badiot...

Gezurra esan. Esaiozu... esate baterako...

Hara. Zure lagun batek txahal txikidun behi bat erosi duela: txahal txiki hori ezin eramanik aurkitu duzula bidean, eta txahala gainean hobeto eraman dezan, astoa eskatu dizula eta bihar berriz ekartzekotan eman egin diozula.

Ez zera makala, adiskide! Buru iaioa daukazu gero gauzak asmatzeko! Nire Mari- Joxepari egia esan behar izan banio, istiluak izango ziren gure etxean... Horrela, ordea... bapo zegok!

Uste bezala gerta. Sartu zen Pernando etxera, astoa non zuen galdetu zion Mari-Joxepak, lagunari nola eman zion erantzun zion Pernandok, Mari-Joxepak sinetsi zion... itxuraz behintzat, eta bake santuan oheratu ziren.

Hurrengo goizean joan zen gure gizona feri tokira asto bila... Eta han astorik ez. Hara bigarren istilua, eta bigarren gezurra asmatu beharra!

Etxeratu zenean:

Astoa ez al dakark, Pernando?

Hara, ez bada. Atzo, txahala gainean zuela bidean zihoala, behiak bultzada bat egin omen zion eta elbarrituta dago. Ni ikusi nauenean etorri nahi izan du gaixoak, baina gaizkiagotu ez dadin nire adiskidearen ukuiluan bertan utzi dut egun batzuetarako. San Bartolometarako hemen izango dugu.

Pernando hizketan ari zela, bere astoa ukuiluan arrantzaka hasi zen. A kirtena!... -esan zion Mari-Joxepak senarrari-. Aditzen al duk hori? Gezurrak asmatzeko ere burua behar dik, burua; ez hik hor lepo gainean daukaan lapiko zahar hori. Bi asto zeuzkaagu guk etxean, bi asto.

Bi?

Bi, bai, bi: atzo ezkero ukuiluan dagon hori eta hi.

Aurreko egunean Pernando bera baino lehenago ez zen bada astoa etxera etorri! Bai Mari-Joxepak ukuiluan isil asko sartu ere. Toki onean zeuden Pernando gizajoaren ziriak!











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org