A zer sartu aldia!


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Mujika Gregorio »  Pernando Amezketarra »  A zer sartu aldia!

Gregorio Mujika. Pernando Amezketarra

39

A ZER SARTU ALDIA!



Pernando neguan Adunara joaten omen zen bere ardiekin.

Oso barruti on bat ba omen zegon Adunan: itxia, ardiak erraz zaintzekoa. Baina jabeak ez omen zion Pernandori saldu nahi, eta, ohi den bezala, hilabeteko hainbestean eman ere ez: sartu aldiko honenbestean eman nahi omen zion.

Jabeak hala nahi zuenez gero, Pernandok hartu dio, bada, barruti hori sartu aldi bakoitzean hainbesteko bat ordaintzekotan, eta sartu ditu ardiak.

Sartu bai, baina atera ez. Egunak igaro eta egunak igaro eta ardiak ateratzen ez zituela ikusi zuenean, nagusia joan zaio Pernandori oso haserre.

Gizona, ardi horiek ez al dituzu atera behar ala?

Hori neronek ikusiko dut.

Zerorrek? Orduan barrutia zurea dela esan liteke.

Nik ardiak atera artean bai behintzat.

Jabea sututa, joan da Tolosako lege-gizonarengana, esan dio zer gertatzen zaion eta deitu diote Pernandori.

Lege-gizonak galdetu zion:

Baina barruti hori zenbat hilabeterako, edo zenbat asterako edo zenbat egunerako edo zenbat ordurako hartu zenduan?

Ez jauna, ez... Ez dugu ez ordurik, ez denbora jakinik... Sartu aldiko hainbestean hartu nuen, ardiak sartu nituen eta hantxe dauzkat nahikoa jan artean.

Lege-gizonak arrazoia eman zion. Barruti jabea hortzak estu-estu eginda, etxera isil-isilik joan zen. Eta Pernandok bost egunean eta bost gauean han eduki zituen ardiak; nahi adina janaz.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org