Bat eman, bestea hartu


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Mujika Gregorio »  Pernando Amezketarra »  Bat eman, bestea hartu

Gregorio Mujika. Pernando Amezketarra

64

BAT EMAN, BESTEA HARTU



Gure zorioneko Pernando hau bazebilen behin beste askotan bezala, zer janik ez zuela. Halakoetan, jakina!, erretore jaunarengana joan behar eskean.

Erretore jauna: anega bat arto emango balit "estimatuko" nioke ba...

Anega bat arto? Ez zeukaat nik alperrentzat artorik. Lan egin ezak, eta hala izango duk artoa.

Pernando isil-isilik etxeratu zen. Garizuma iritsi zenean, ordea, erretoreari "peatu" behar ziola, eta joan zen sakristiara txartel bila

Ea Pernando: zer esan nahi du Santuen komunioak?

Artorik ematen ez duana eramango duala infernuko demonioak.

Utz hakio bakean infernuko demonioari. Espiritu Santua hartu behar duk laguntzat, Espiritu Santua; ez demonioa. Zer obra egin zian Espiritu Santuak?

Etxe bat Errenterian, jauna. ("Espiritu Santua" deitzen zioten etxegile bat bizi zen orduan Errenterian).

Bai eh? Joan adi bada Errenteriako Espiritu Santuarengana, eta eska hakio txartela, nik behintzat ez diat emango-eta.

Isildu zen berriz Pernando. Ez horregatik buru-makurturik gelditu. Bere baratzean bi kalabaza handi zituen erretore-jaunak. Haiek baino handiagorik inguruetan ez zela-eta, arro-xamar hitz egiten zuen, eta bai ondo pozik erakutsi ere.

Joan zen Pernando erretore-etxera, eta neskameari esan zion:

Aizan, Mainaxi: erretore jaunak apustua egin din Eulizarreko Joxerekin, ea zeinek kalabaza handiagoa ekarri. Eta baratzean daukan handiena emateko esan zidan.

Hator baratzera, eta herorrek ebaki ezak handiena hara, pareta-kontrako huraxe duk.

Pernandok rast! ebaki, eta bizkarrean hartuta eraman zuen.

Erretore jauna etorri zenean:

Eta zeinek irabazi du apustua erretore? Eulizarreneko Joxek ez zuen gauza handirik ekarriko behintzat...

Baina zer esaten ari zera, Mainaxi?

Mainaxik guztia esan zionean, erdi-haserre, erdi-barrez gelditu zen erretorea.

Kalabaza zalea da horratik Pernando alproja hori. Txarteletan planta eman diot bada baina, berak handiagoa eraman dit...









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org