|
Gregorio Mujika. Utzi beharko!
III
Lino, Mutikoa eta Erretratista
Mutila.- Sartu al naiteke?
Lino.- Aurrera.
Mutila.- Erretratista etxean al dago?
Lino.- Ez.
Mutila.- Amak esan dit oso arlote dagoela erretratu hau eta berria egiteko. (Beti hots batean, erdi kantatuaz bezala)
Lino.- Ez dagoela etxean nagusia.
Mutila.- Amak esan dit oso arlote...
Lino.- Bai motel, aditu diat. Jar hadi hemen, eta etortzen danean, esaiok berari.
Mutila.- (Erretratua eskuan duela eseriaz) Amak esan dit oso arlote dagoela erretratu hau...
Mutila.- Ja, ja. ja... ! Hauxe huen falta zena...
Erretratista.- (Sartuaz) Honela ezin bizi liteke. Batak gaizki dagola, besteak oker irten dela, hark antzik ere ez daukala, honek... hau ez duk bizimodua!
Mutila.- (Eserita) Amak esan dit...
Erretratista.- Zer da?
Mutila.- Amak esan dit oso arlote dagoela erretratu hau, eta berria egiteko.
Erretratista.- Hara bestea! (Erretratua hartu beza) Zer zeukak, ba, erretratu honek?
Mutila.- Amak esan dit oso arlote dagoela eta berria egiteko.
Erretratista.- Hauxe duk hauxe! Jesus mila bider! Jar hadi, berehalaxe aterako diat berria-eta. (Aulki gainean jarri beza) Horrelaxe... geldi... geldi... tira, egina zagok.
Mutila.- Amak esan dit etorriko dela ordaintzera.
Erretratista.- Bai gizona, bai; gustatzen bazaio ordainduko dit.
Mutila.- (Ateratzerakoan) Amak esan dit...
Erretratista.- Baietz bada, baietz, joateko etxera...
Mutila.- Amak...
Erretratista.- Hoa hemendik, motel... Hauxe duk infernua!
|