06 Luis, Lino, Erretratatzaile eta Dardarizo


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Mujika Gregorio »  Utzi beharko! »  06 Luis, Lino, Erretratatzaile eta Dardarizo

Gregorio Mujika. Utzi beharko!

VI

Luis, Lino, Erretratatzaile eta Dardarizo







Erretratista.- (Sartuaz) Hori ijito bihurria... Bekainean jo eta botatzeko gogoa ematen zidan...

Dardarizo.- (Atetik eta dardaraka) Sar al liteke?

Erretratista.- Aurrera. Zer nahi duzu?

Dardarizo.- Berehalaxe erretratatzea nahi nuke.

Erretratista.- (Dardaraz ikustez harrituta) Erretratatu nahi duzula?

Dardarizo.- Bai jauna. Baina ez izutu dardaretako handia dudalako. Bi segundotan egon naiteke geldi, nahi izanez gero.

Erretratista.- (Behar duk hementxe pazientzia...) Jar zaitez hemen. (Hau arratsalde gorria gaurkoa!)

Dardarizo.- (Dardaraka eseri bedi) Ezkailu bat bezain osasuntsua naiz ni. Dardarako pittin hauxe besterik ez daukat. (Dardarizo handia agertuaz)

Erretratista.- Hori agirian dago, gizona. (Jar beza Dardarizo makinari begira; burua alde batera erortzen zaiola ikustean, zuzen jar biezaio; bi edo hiru aldiz hori bera egin bezate) Alperrik duk...

Dardarizo.- Ez... ez... Esan iezadazu noiz egon behar dudan geldik, eta egongo naiz.

Erretratista.- Oraintxe ba gizona, oraintxe... Gora burua; begira honantz... Dardarizok bat-batean altxa beza burua indarrez, eta aho-zabalik geldi bedi) Irten du.

Dardarizo.- Ederki irtengo zen. Ea erakutsi iezadazu...

Erretratista.- Berehalaxe... (Kristala hartuta joan bedi)

Dardarizo.- (Luis eta Linori) Zer deritzozue? Ondo egin al dut nire papera?

Luis.- Bikain, motel.

Lino.- Hitz egin ezak isilago, aditu egingo dik-eta.

Luis.- Hemen duk!

Dardarizo.- (Dardaraka) Bai... bai... nahi dudanean geldi egoten naiz.

Erretratista.- Hara hemen.

Dardarizo.- Ea... ea ikusi. Baina zergatik atera nauzu ahoa irekita?

Erretratista.- Irekita zeneukalako.

Dardarizo.- Ez jauna, nik itxita neukan.

Erretratista.- Ez ditugu oraindik denak entzun... Tonela baino gehiago irekita zeneukan, gizona.

Dardarizo.- Itxita neukan. Nik ez dut erretratu hori nahi. (Lurrera jaurtiaz)

Erretratista.- Zoratuta al zaude, gizona?

Dardarizo.- Zu zaude zoratuta, zu. Atrebitu horrelako erretratuak ateratzen... !

Erretratista.- Hara... zoaz lehenbailehen nire etxetik...

Dardarizo.- Bai, gizona, bai... banoa. Baina bihar ipiniko dut periodiko guzietan, zu zer zaren... A zer erretratista hauxe... !

Erretratista.- Zoaz hemendik agudo...

Dardarizo.- Ahoa itxita jarri eta ahoa zabalik atera... A zer erretratista, hauxe... ! (Bihoa)













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org