Urreizti'ko Martin adiskideari


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Salaberria Sebastian »  Nere soroko emaitzak »  Urreizti'ko Martin adiskideari

URREIZTI'KO MARTIN ADISKIDEARI

Donostia'n, Ibaeta bailaran dagon Urreizti baserriko Txomin, Migel, Markos eta Martin Erkizia anaiak, gazte denborako nere lagun zintzoak izanak dira, oraintxe diran bezelaxe.

Baita auen arreba Iñaxi ere. Amaika otordu eder prestatu izan digun emakumea da auxe. Badu beste aizpa bat ere, berari asko laguntzen ziona.

Baita ere aitatu bear ditut, ain biotz onekoa zan beren aita Joxe Mari zana eta osaba Roke zana.

Garai batean etzitzaigun iruditzen familikoak ez giñanik ere. Ni Urreizti baserrian sartzen nintzan bakoitzean, iruditzen zitzaidan neure etxean sartzen nintzala. Ain giñan alkar maiteak danok. Joxe Mari zanak, beintzat, bere seme bat bezin maitea izan niñun beti; eta semeak, beren anai bat banintz bezelaxe artzen niñuten.

Soldadu alkarrekin ibili izan geranak, Txomin da ni. Biok kinta berekoak gera, alkarrekin gerran ibiliak.

Amaika barrikote egin degun eta sagardo eder edan izan degun baserria da Urreizti. Garai artan, orain baño oitura geiago zan barrikoteak egiteko.

Beste lagun asko biltzen giñan barrikotea egin bear genduanean; eta lanik asko jartzen genion, gure sabelak berdintzen, ain biotz oneko sukaldari iaioa dan Iñaxiri. Amaika kaxuelkada goxo jan izan ditugu, berak ederki asko prestatuta. Badegu beiñere bear bezela ordainduko ez diogun zorra emakume leial oni.

Sabelak ondo betetzen giñunean, jakiña, bertsolaririk eta bertsorik etzan paltatzen. An jarduten giñan danok kantari anaitasun ederrean.

Erkizia anaiak danak dira gizon jatorrak, bertso-zaleak eta umoretsuak. Gazteena, Martin, nabarmenena izanik, bera soldadu joan zanean, alkarri eskutitzak idazten genizkion, batak besteari geuren berriak bialduaz.

Bertsotan ere ongi dakiena da, naiz bere eskutitzetan neri bertsorik biali ez. Beti au esaten zidan: bertsotan erakutsi bear niola, berak nik bezin ondo jakinda.

Eta, egun batez, onoko lau bertso auek biali nizkion Donosti'tik Burgosera, bera soldadu zegon tokira:




1 /
Bertsuetan astea
det nik prezisua,
Burgos'tikan biali
dire abixua.
Martin, jarri didazu
lantegi pixua,
zuri erakusteko
ni ez naiz maixua.



2 /
Maixuak Uztapide,
bestea Basarri,
oiek dakite ongi
bertsuaren berri,
biak kantatzen dute
oso gustagarri;
ikasi nai badezu
oiengana etorri.


3 /
Basarri ta Uztapide
bikote zuzena,
kantatzea oientzat
gauzik errezena.
Saioak egin arren
al duten maizena,
ez da errez aitutzen
oien almazena.



4 /
Kantatzeko ez daude
iñoiz beldurrean,
naiz jende asko jarri
entzuten aurrean,
goizean bezin errez
iñulabarrean;
pozik egoten gera
oien baztarrean.






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org