Pozaren pozez


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Salaberria Sebastian »  Nere soroko emaitzak »  Pozaren pozez

POZAREN POZEZ

1964'garren urtean, euskal nobelaren lenengo saria irabazi nuanean, alkar-izketa bat egin bearra izan genduan Donostia'n, erradio-bidez, Euskalerri guztian ain ezaguna dan Maria Dolores Agirre andreak eta biok.

Ain da leiala eta biotz oneko emakumea auxe. Badirudi beti bere biotza eskuan darabilkiela. Bere denboran mesede asko egiņa da neroni ere. Orain ogei ta amabost urte aiuntamentuan sartu nintzanean ere, izan nuan bere laguntzaren bearra. Berak ango ofizinetan egiten baitzuan lana, eta berari esker eman zidaten lantegi pollit bat jardiņetako lore-zai, naiz gero nere familiarekin Aieten, Oriamendi'ko urdepositoan, bizi.

Alkar-izketa ura egin genduanean, esan zidan norbaitek ere esan ziola bertsolaria nintzala ni eta, irabazi nuan sari orri buruz, bertso batzuk jarri bear nituzkeala.

Alaxe jarri eta biali nizkion, ondoren irakurriko dituzuten sei auek:




1 /
Pozaren pozez txorian gisa
astera nua kantari,
bertso batzuek eskeintzearren
nere euskal nobelari;
lurralde ontan izanagatik
idazle onak ugari,
Jaun Zerukuak lagundu dio
eskola gutxi dunari.



2 /
Zori gaitzean guraso gabe
gelditu nintzan gazterik,
ta ez det izan askok bezela
nik eskola ikasterik;
garai batean ez nuan uste
ontaraņo iristerik:
euskal nobelan lendabiziko
saria irabazterik.



3 /
Gazte denboran nik ikasteko
naiz izan gogo berua,
nai ainbat bider ez det zapaldu
ikastola ingurua;
zerbait kostata egiņa dago
nere euskal liburua,
gutxi Jakinak askoz geiago
nekatu bear burua.


4 /
Oraintxen jartzen diran sariak
ez dira nolanaikoak,
erdeldunantzat erderaz eta
guretzat euskerazkoak;
zazpi idazle izan gera gu
zintzo saiatutakoak,
lenengoa nik irabaztea
nunbait nai zuan Jainkoak.



5 /
Agora, asi bear det zuri
esker beroak ematen,
zuk jarri dezun sari ederren
jabe egin naiz-ta aurten;
diru mordoxk'au eskuratuta
zail da ixilik egoten,
danok dakigu bost milla durok
zer poza ematen duten.



6 /
Liburu berri onen galdezka
jende askotxo da asi,
eta seigarren bertso onekin
bear det adierazi:
nere nobela nolakoa dan
nai dezutenak ikasi,
librerietan saltzen dituzte
eta lenbailen erosi.

1 Agora, sariaren antolatzallea zan.
2 Bertso auek Zeruko Argian agertu ziran, 1965-1-1O'an.






     

euskaraz.net Š Euskararen Donostia  ˇ  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ˇ  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org