|
1 /
Milla beatzireun irurogei ta
aurten laugarren urtian,
apustu latza ikusi degu
Iturriotz'ko partian;
bi segalari lanian zeuden
gutxinez urte betian,
oien barrenak etzeuden lasai
alkar probatu artian.
2 /
Ogei ta zazpi egun Agorrak,
azkeneko igandia,
goizean garaiz mendi aldera
abiatu zan jendia;
modu artako giruak ere
gutxitan izaten dia,
otz-bero beldur aundirik etzan,
ezin eskatu obia.
3 /
Iritxi giñan Iturriotz'a
asmo au artu gendunak,
eta biotza alaitzen zuan
emengo edertasunak;
amabi milla kristautik gora
eta danak euskaldunak,
maizago egin bear giñuzke
olako alkartasunak.
4 /
Ez badegu nai gure izkuntza
eta oiturak galtzia,
gauzik onena dala uste det
mendiz-mendi ibiltzia.
Zer atsegiña Iturriotz'en
oinbeste euskaldun biltzia,
danon zaindari goien degula
Ernio'ko gurutzia!
5 /
Sarrerak artu eskuetan da
sartu giñan belazera,
berialaxen aitona zar bi
neregana jolasera:
«Nork irabazi bear ote du?»
lendabiziko galdera;
erantzun nien: «Kezka ortatik
laister aterako gera».
6 /
Bi segalari ain umil beren
maixuaren esanian,
segak eskutan artu zituzten
ordua iritxi zanian;
saio latzari ekin zioten
amaikak jo zutenian,
ordubata arte an jardun ziran
gelditu gabe lanian.
|
7 /
Zulaika degu Zarautz'koa ta
Aburuza Oiartzuarra,
biak dirala segalariak
dago aitortu bearra;
motorra duan tresnaren gisa
ebaki dute belarra,
txikiya ona dagola baña
aundiya ere ez txarra.
8 /
Irabaztuna Zulaika degu,
jendiak jo dio txalo,
marka polita jarri ote dun
egin degu errezelo;
zortzi milla ta zazpireunekin
berrogei eta lau kilo,
belar-mordu au botako bada
ez dago egoterik lo.
9 /
Eun larogei eta amarri
txikiyan alde trabesa,
ori entzunda askok au zion:
«Nai duanak artu beza».
Irabaztuna nor izango zan
asmatzen etzan erreza,
amabi kilo gutxiagokin
gelditu da Aburuza.
10 /
Bi gizon bata bestean aurka
segan ziranetik asi,
ez da burruka gogorragorik
Iturriotz'en ikusi;
orrenbeste lan egiten dunak
galtzerik ez du merezi,
bañan jokuak ori du txarra:
biak ezin irabazi.
11 /
Bazkal ordua iritxi zan da
sabelak zeuden zimurrak,
bañan jendia an etzan egon
jan da edateko beldurrak;
mendi oietan zabaldu ziran
ogi ta ollasko-ezurrak,
egun batzutan etziran gaizki
or goiko artzai-zakurrak.
12 /
Iturriotz'en jokatu izan da
makiña bat sega-apustu,
bañan gutxitan ibili dira
orainguan bezin estu;
bietan batek galdu bear du,
ez iñork kopetik beztu,
alkarri eman bostekua ta
gorroto txar danak aztu.
Bertso-papera, Izarra - S.S.
Zeruko Argia, 1965-V-30.
|