Baserri botatzea


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Salaberria Sebastian »  Nere soroko emaitzak »  Baserri botatzea

BASERRI-BOTATZEA

Oraingo bertso auek, urte batzuetan Euskalerrian egin zan baserri-botatze negargarriari buruz jarriak ditut:




1 /
Baserritarrak, astera nua
zuen berriak ematen,
zer gorabera gertatzen diran
bertsuen bidez esaten;
saiatuko naiz gaur artu dedan
lan au zuzen eramaten,
nekazaritza astuna dala
guztiak jakin dezaten,
ordu askoan lana egiñez
nola bizitzen zeraten.



2 /
Oiari agur garaiz eginda
beriala lantegira,
denbora gutxi galtzen dezute
erlejuari begira;
eguneroko eginkizunak
jakiñak izaten dira:
ganadu-lanak egin da gero
sorora edo mendira;
nekea zer dan jakin nai duna
datorrela baserrira.



3 /
Ikusten degu baserritarra
udaran eta neguan,
nola ukuilu, soro ta mendi
zenbat lan egiten duan;
bere ametsa pakean bizi,
orixen dauka goguan,
lagun onaren ordez etsaia
naiz askotan inguruan,
txori txikiak pixti gaiztoa
izaten duan moduan.



4 /
Udaberrian zuaitz gañean
txoria kantuz asita,
uste gabean pixti gaiztoak
egingo dio bixita;
andik aguro itzuli bear
bere kabia utzita,
bestela azkar ilko duala
egon liteke etsita;
baserritarrak samintzen dira
ori ola ikusita.



5 /
Beren kabia baserria da
ta nola ez ori maite?
Guraso zarren ondorengoak
au eredutzat daukate;
odol bereko kristauak bertan
konta ezin ainbat urte,
bañan gaur asko asarre daude
ta motiboa badute:
pizti gaixtoak txorian gisa
etxetik bialtzen dute.



6 /
Agintarien buruzbidea
lan aundietan sartzea,
kamio eta bizi-lekuak
azi ta ugaritzea;
komeniko da erriak eta
bailarak zabaldutzea,
bañan tristea jendea ola
etxetik bialdutzea,
ta tristeago berriz oraindik
baserriak botatzea.


7 /
Olako gauza negargarriak
nun-nai gertatzen dirade,
bat or daukagu gu bizi geran
etxetik urruti gabe;
len zutik zegon Laxtuenea
gaur jota dago goia be,
ain maite ziran teilatu-peak
elkarri musuka daude,
nere begiak au ikusiko
ez balute askoz obe!



8 /
Laxtuene'ko auzo leiala
guk etzaitugu aztutzen,
familikoak ez giñanikan
etzaigu iruditutzen;
Pako, lanean jarduten ziñan,
Iñaxi zuri laguntzen,
ta aurrak berriz etxe aurrean
pelotarekin jostatzen,
zuek orrela ikusirikan
gu ere pozez txoratzen.



9 /
Zuaitz gañeko txorian gisa
gaur asko dago beldurti,
zergatik ori gertatu zaion,
Pako, makiñatxo bati;
len elkarrekin izaten giñan
anaiak bezela beti,
orain kalean bizi zerate
guregandikan urruti,
au ikusirik gure biotzak
nola ez egin bi zati?



10 /
Etxeko gauzak ematen dute
estuasun da larria,
arakiñaren gain ikusirik
ganaduen sal-neurria;
itxura-antzean ordaindu arren
galera izugarria,
dituan tresnak utsean eman,
gero bota baserria,
negargarririk ezer badegu
auxen da negargarria!



11 /
Ixpillu ortan begira zagun
ta konturatuko gera,
nekazarien bizi-modua
nola dijoan gain-bera;
tresna zarrakin ezin joango da
baserritikan kalera,
norbaiti egin bearko dio
berri batzuen galdera,
aiek urrea ordaindu bear,
ara nun dagon galera.



12 /
Lur zoragarri onek dirudi
jantzirik dagola urrez,
zelai-mendiak apaindurikan
baserri zuri ederrez;
oietatik gaur asko lurrera
eroriak, zoritxarrez,
gure izkuntzaren kabi maiteak
botatzen dituzte errez,
argatik dago Ama Euskera
samindurikan negarrez. 1

1 Zeruko Argia, 1969-VIII-24-31.






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org