|
1 /
Mari Karmen da Jesus illobak,
banaka bizi ezinda,
beren biotzak alkartutzeko
zeuden promesa eginda.
Ezkontza-bidez maitasunean
bizitzea atsegin da,
neroni ere asko poztu naiz
berri on ori jakinda.
2 /
Maitasunezko bertso batzuek,
illobak, nik zuentzako
jarri nai ditut, auen bitartez
goresmenak eskeintzeko.
Biok egongo ziņaten noski
zaleturik ezkontzeko,
lengo xarrari agur egin da
bide berri au artzeko.
3 /
Gure begiak ikusten dute
makiņa bat bide berri,
batzuek gure mesedetako,
beste asko kaltegarri.
Onena ezin aukeraturik
or ibiltzen gera larri,
nere illobak, zintzo jarraitu
gaur artu dezuten orri.
|
4 /
Artu dezuten bide berriak
baditu aldapa latzak,
betikan gora abiatu ta
ikusten dira baratzak.
Baratz oietan lore mardulak
baņa tartean arantzak,
ta arantza oiek mintzen dituzte
askotan gure biotzak.
5 /
Zuen asmoak egongo ziran
egun onetxen zalantzan,
ara ametsa egi biurtu
Jaungoikoaren laguntzan.
Bizi zaitezte pake gozoan
ta pozaren esperantzan,
arantzak lore biurtzen dira
maitasuna dan baratzan.
6 /
Mesedegarri izan dedilla
gaur egin dezuten lana:
ezkontza-bidez alkartutzea
bata bestearengana.
Ta zer egun dan gogoratuaz
egin orazio bana,
zuen zaindari izan ditezen
Santiago ta Santa Ana.
|