 |
|
 |
 |
ILLOBARI
|
Frantzia'n, Habas izeneko errian, bizi da bere familiarekin, biotzez ain maite dedan nere illoba Fifin Salaberria.
Emakume langillea, garbia eta bizkorra benetan auxe; eta, seme-alaba asko baidituzte, senarraren jornala geiegi ez dala ikusirik, udara partean otel batera joaten da, bertan lana egiņez txanpon batzuk irabaztera, familirako ondo etortzen baidira an kostata irabaziak.
Bere egunez beti biali izan dizkiot nere goresmenik maitakorrenak.
Urte batez, bere aita zana nere anai Saturnino baizan eta egun gutxi baiziran bera il zala, an izan giņan aren animaren alde egin ziran eleizkizunetan.
Ez genduan umore askorik ez Fifinek eta ez nik ere. Baņa ala ere bertso auek antolatu ta biali nizkion bere egunerako:
|
|
1 /
Fifin da zure senar Enrike
eta aur txalogarriak,
mugaz arunztik bizi zeraten
illoba maitagarriak,
zuengandikan jasotzen ditut
Frantzi aldeko berriak,
karta ta postal eder askoak
baditut irakurriak.
2 /
Berriro egin didazun ontan
arkitu det zer letua,
orko berriak zuzen jartzeko
badezu pulamentua;
euskeraz orrela idazteak
badu bere meritua,
makiņa batek artuko luke,
Fifin, zure talentua.
3 /
Lanean ere ikasi zendun,
ez eskribitzen bakarrik;
nekea dator gu izutzera,
baņa zugana alperrik.
Esku oietan ez bada beintzat
sortzen ezeren makurrik,
seguru nago famili ortan
ez dala gose-beldurrik.
4 /
Egia da, bai, jan da jazteko
beti eskean gorputza,
ta ortarako ez da geiegi
senarraren jornal utsa.
Zuk oteletik egin nai, Fifin,
familiari laguntza,
or ikusten da nolakoa dan
ama onaren biotza.
5 /
Eguzkiaren azpian bada
makiņa bat jende-klase,
askok nai luke nekatu gabe
jantzi ta gorputza ase.
Baldin saiatu ezkero danak
lanean zu bezelaxe,
mundu onetan ez genduke gaur
oinbeste gerra ta gose.
|
6 /
Ongi dakigu famili batek
zenbat gauza bear duan,
izan ezkero ixtimatzen da
premia degun orduan.
Zu saiatutzen zera gogotik
txingurriaren moduan:
udaran pilla egiten bada
an arkitzen da neguan.
7 /
Gurasoaren eginkizuna
bete nai duanak ongi,
familiari emango dio
bear duan ainbat ogi.
Gai oni buruz esan litezke,
Fifin, makiņa bat egi,
baņa obea da ixiltzea
luzatu gabe geiegi.
8 /
Emen San Jose ospatzen degu
Martxoan emeretzian,
eta uste det egun berean
izango dala Frantzia'n.
Alaitasunik ez da izango,
Fifin, zure biotzian,
nik ongi dakit ez dala pozik
aita ta ama galtzian.
9 /
Len ama nola galdu zenuten
oraindik daukat goguan,
ta orain aita galdu dezute
zortzi urteren buruan.
Erregutzen det oien animak
sartu ditezen zeruan,
komeni bada gerta gaitezen
gero elkarren onduan.
10 /
Nik ere ez det umore asko
naiz izan bertso-zalia,
eta onekin bukatuko det
oraingo ekiņaldia.
Agur, Enrike, agur, Fifine,
agur zuen familia,
osasunakin ongi ospatu
San Josen egun aundia.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |