Don Zezilio Agire zanari


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Salaberria Sebastian »  Nere soroko emaitzak »  Don Zezilio Agire zanari

DON ZEZILIO AGIRRE ZANARI

Don Zezilio Agirre apaiz jauna, urte askoan Aiete ballarako eleiz-artzai zuzenetako bat izan gendun. Gizon argia eta leiala.

Berari esker ikasi nuan gaur dakitan pixar au ere. Bera Aiete'n zalarik, ni neroni ere ementxe bizitzen nintzan, Azken-portu izeneko baserrian, Juan Mari Arriaga'rekin morroi. Eta Don Zezilio jauna ain maixu azkarra eta borondate onekoa izanik, berarengana joatea pentsatu nuan zerbait ikastera.

Emezortzi urte egiņak neuzkan eta artean ere ez nekien idazten eta irakurtzen; eta, bereala soldadu joan bear bainuan, berarengana joan nintzan, esanez ea, besterik ez bazan ere, familira eskutitz bat idazteko moduan jarriko niņun.

Baietz erantzun zidan; joateko berarengana eta pozik erakutsiko zidala: Alaxe joaten nintzan neguan, illunabarrean, ukuiluko lanak egindakoan, beste baserritar geiagorekin batera.

Bi ordu pasatzen giņun eskolan, zortziretatik amarrak bitarte, eta beste zenbait maixurekin egun guztian baņo geiago ikasten gendun guk bi ordu aietan Don Zeziliorekin. Alakoxe gogo biziarekin erakusten zigun erakusten zigun guztia.

Badago alde ederra maixu batetik bestera. Begiratu besterik ez dago bein eskola batean gertatu zanari. Maixuak galdetzen dio berarekin ikasten zebillen mutil koxkor bati:

- I, Josetxo: ikasi al dituk nik jarri dizkiten deberiak?

Josetxok:

- Ez.

Maixuak:

- Ez ditukela oraindik ikasi? Nik ire edadean ik alako amar ikasten nian.

Eta Joxetxok erantzun:

- Bai; ez naiz batere arritzen, nik baņo maixu obea izango zuan-da.

Gero, emen urte asko eginda, Bizkaiko partean dagon Ea izeneko errira aldatu zan, eta antxen bizitu ziran bere arreba Karmen eta biak. Emakume on askoa au ere.

An ere oso ixtimatua zeukan erri guztiak. Izan ere, olakoxea baita andoaindar seme bizkor eta langille purrukatu au.

Urte askoren buruan, bere apaizgoako berrogei ta amar urteak zirala-ta, aietearrak ongi merezia zuan omenaldi bat berari eskeintzea pentsatu gendun.

Alaxe etorri zan guregana ain artzai leiala, lenago emen utzi zuan artaldera, eta bai egun ederra ospatu ere bere izenean.

Pixka batean aztuko etzaigun egun zoragarria uraxe, goiz-goizetik asita.

Meza santua berak eman zuan arreta biziz, beste bi apaiz bere laguntzalle zitualarik. Erregali txiki bat ere egin zitzaion, eta bere ikasle zintzoa izan dan Manuel Matxain'ek, meza-garaian bertso atsegin batzuk kantatu zituan.

Ondoren, euskal festa moduko bat eskeņi zitzaion; eta eguardian anaitasun-bazkaria Idoia izeneko ostatuan, jan-gela jendez dana beterik, maiean bera erdian zala. Ezker-eskubi, ain maiteak zitun bere illoba biak jarri ziran: Imanol eta Iņaki.

Nik ere, bazkal garaian kantatu nizkion ondoren irakurriko dituzuten bertso auek.

Eta Don Zeziliok, berak ere itzaldi bikain bat egin zigun danori eskerrak emanez, eta alaxe guztiok agurtu giņun eta joan zan berriro ere, bera bizitzen zan errira, Ea'ra.




1 /
Udaberrian eguzkiaren
printzak leiotik sartzean,
eta txoriak txiruliruka
atariko zuaitzean,
goiz-giro epel atsegiņean
oiek ola nabaitzean,
ongi dakigu nolako poza
banatzen dan biotzean.



2 /
Goizean garaiz txoritxo oien
abestiak nabaiturik,
egun aundia dala gaurko au
ta jarri naiz alaiturik.
Aiete'n baida Don Zezilio
gaur gurekin elkarturik,
beorri emen ikusita gu
gaude pozez txoraturik.



3 /
Aiete'n bazan omenaldi bat
beorri eskeņi-naia;
ara ametsa egi biurtu,
ara iritxi garaia.
Len beorrekin giņan ardiak
daukagu biotz alaia,
zorionez gaur emen baidegu
ain maite gendun artzaia.


4 /
Buruz argia, begi erneak
urrutira ikusteko,
esku bizkorrak ta kupirik ez
noiznai lanean asteko.
Borondaterik onenarekin
eskola erakusteko,
maixu on baten bearra gendun
guk zedozer ikasteko!



5 /
Aurtxo nintzala gerta zitzaidan
aita ta ama iltzia,
argatikan det ikastolako
bidea garaiz utzia.
Ogei urtetan ere banuan
ikasteko kutizia,
orain dakiten pixar au ere
beorrek erakutsia.



6 /
Don Zezilio Agirre jauna,
ara zer opa diotan,
urrezko eztaiak ospatzen ditun
egun zoragarri ontan:
beorri meza santua ematen
eta gu berriz bertsotan,
Jaun Zerukoak zaindu gaitzala
danok urte on askotan.1

1 Zeruko Argia, 1971-I-3.








     

euskaraz.net Š Euskararen Donostia  ˇ  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ˇ  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org