|
Sebastian Salaberria. Neronek tirako nizkin
I
Ni mundu ontara sortu nintzan, Abenduaren 26-an 1915-garren urtean, gaubeko amabietan, Oyartzun-go partean dagoan Elbitxuri izena duan baserrian.
Baserri au kaletik oso urruti dago, Oyartzun-go partean jayo nintzala juxtu-juxtu esateko moduan, bañan nola lur artan sortu nintzan, eta bertara eraman bear batayatzera.
Nere amandre izeba Antoni zanari, amaika bider entzun izan diot gauza au: ni ez nintzan izugarria izango, bañan txandan eramaten omen niñuten lau edo bost lagunen artean. Egualdia oso txarra omen zegoan, eta beldurgarrizko lokatzetan barrena joan omen giñan; bideak noski kristaua utsik ere ibili ezin zan modukoak.
Iritxi omen giñan noizbait eleizara, eta bikariyo jaunak, ni batayatzen ari zala, makiña bat bider esan omen zuan:
Gixarajoa! Egualdi ederrarekin etorri zera!
Elbitxuri, Errenteri-tik kanposantuko kamiyoan gora Astigarraga-ko benteta-aldera goazela, erritik iru bat kilometrora eta kamiyotik ezkerretara lareun bat metrora dago. Etxe kaxkar bat zan, bi bizitzakoa, oso zarra, mendi-egal mospel batean egiña, eguzkiak gutxi jotzen zuala. Terreno gutxi, txarrak, arloteak eta itxas aldetik zituan.
Etxe inguruan ba omen zituan bost edo sei sagar-arbol, eta gañerako fruta oso gutxi; belaze eta sagasti kaxkarrak: txarik edo basorik ere ez; erreka edo urik ere etzuan bere terrenuan, eta “Paistire” izeneko baserriaren erreka edo iturritik artzen omen genduan bear zan ura.
Etxe onen jabea emakume xar bat omen zan. Bera bakarrik bizitzen zan bizitza batean, eta beste bizitzan berriz gure familia. Emakume xar arek urte asko nola baitzituan, Oyartzungo mixerikordira eraman omen zuten, eta gero Elbitxuri-ko bera bizi zan alderdia erori egin zan, eta gu ere orduan aldatu giñan Errenteri-ko “Sagasti” baserrira. Gure anai zarragoak esaten didatenez, Elbitxuri-tik Sagasti-ra aldatu giñanean, nik zortziren bat illebete omen nituan.
Sagasti baserriak bazuan etxetik aparte mendi bat zakarra ebakitzen genduana. “Praisku-larre” esaten genion. Ara joatean ikusten genduan Elbitxuri baserria, eta gure anayak ala esaten zidaten:
Ara or Elbitxuri, ire jayotetxea!
Eta nik:
Or jayo al nintzan ni?
Bai, ortxen jayo intzan i.
Eta etzait gogoratzen geroztik etxe artara inguratu naizenik.
|