02


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Salaberria Sebastian »  Neronek tirako nizkin »  02

Sebastian Salaberria. Neronek tirako nizkin

II


Errenteri-tik Irun aldera goazela, erritik kilometro bat bezela dago “La Fanderia” izeneko pentsu-fabrika, eta emendik kilometro ta erdi bezela eskubi aldera, Astigarrako-ko bentetara artuta, dago Sagasti baserria.

Etxe aundi xamarra zan, leku zelayean egiña, eguzkiak eta aize sanoak ederki maitatzen dutela.

Terrenua ere dexente zuan, geyenak zelai xamarrak, malda edo aldapatsak ere bai. Garai artan sagasti ederrak eta aundiak zituan; arta-soro, belaze eta zakardegiak ere onak; lau edo bost bei, iru edo lau txal, idi-parea, astoa, txerria eta ollo-mordo bat ere bai. Etxe inguruan bazituan intxaur-arbol, gerezi, udare, melokotoi eta aranak.

Ate-ondoan txabolatxo bat, eta bertan bizitzen zan txakur txiki bat “Potxo” izena zuana, kolorez txuri-beltza. Bere ortz zuriak erakutsi zizkion makiña bat ijito mutur-beltzi eta eskean zebiltzan aitona zar gizarajoai. Eskerrak katean lotuta egoten zala, bestela komeri ederrak ikusteko zeuden etxe inguru artako ijituak eta eskale zarrak.

Bañan azkenean erremate txarra eraman zuan gure txakur ate-zai arek. Sagasti baserritik atera giñanean, bazituan amairu edo amalau urte, eta, kaleko etxean bizi giñala, marmola-fabrikako zakur aundi bat etortzen zan berarekin jostatzera, eta gau batez gure anai Kaximiro zanak pala batekin tira zion kolpe zakur aundiari, eta gure Potxo gixarajoa jo zuan buruaren erdian, eta ebaki luze bat egin zion. Gure anai zarrenak, Ferminek, bereala egin zion sendatzeko alegiña, oxijenada urez garbi-garbi eginda eta gero tintura-yodoz igurtzi eta zapi batekin lotuta, baña andik egun gutxira il zan eta pena ederra eman zigun gure Potxo gaxoak.

Etxetik irureun metrora bezela zegoan erreka arropak garbitzeko eta ganaduak edateko, eta erreka onen inguruan “Ama-Birjiñ-iturri” bat zegoan, oso ur ederra zuana, eta emendik artzen genduan etxerako bear zana.

“Ama-Birjiñ-iturri” abek ez dira nun-nai izaten, leku-lekutan baizik, eta badute gauza aparteko bat, beste iturriak ez dutena: naiz-eta Ama-Birjiñ-iturri au erreka baten inguruan egon, ez du zer ikusirik erreka onekin; erreka baño goragotik mendi-egaletik ateratzen da ura; beste leku batzuetan berriz errekatik bosteun metrora berdin egon leike iturri au. Geyenetan leku menditsu baten beko txoko inguruetan izan oi dira. Naiz izan urte euditsua eta naiz legortea, iturri abetatik urte guztian ur berdintsua ateratzen da. Iduritzen da neguan udaran baño epelago ote dagoan, baña au izaten da gañerako urak neguan udaran baño askozaz otzago daudelako.

Gure familian izan gera zortzi anai ta bi arreba. Arreba oyetako bat jayo eta bereala il omen zan, ta alaxen Sagasti-n bederatzi senide bizitu giñan gurasoekin: Fermin, Saturnino, Kaximiro, Jose, Antonio, Rikardo, Ramoni, ni ta Polikarpo. Gaurko egunean Kaximiro ez beste danak bizi gera.

Gure Saturnino, soldaduskako urteak nola baitzituan, sorteuan Afrika-rako tokatua izan bear zuan, bañan gerra bizia omen zebillen orduan Afrika-n, eta berari auxe gogoratu omen zitzayon:

Ez naute uste bezin errez arrapatuko ango tiroak!

Eta bere asmoa Errenteri-ko lagun bati bakarrik esan omen zion.

Alaxen, atera omen zan goiz batean etxetik. Irun-en ba omen zuan famili ezagun bat, eta ayen etxera joan omen zan bazkaltzera. An galdetu omen zioten ia zer zebillen, eta erantzun omen zien laixter soldadu joan bear zuala eta bixita bat egitera joan zala.

Bañan bazkaldu zuanean, andik atera eta segitua mendiz jo omen zuan Frantzia-ko muga aldera. Bero ikaragarria omen zan eta pasa omen zituan egarri ederrak. Lendik ba omen zekien nuntxu egoten ziran karabineroak eta ba omen zijoan ixil-ixilik.

Nabaitu omen zuan izketa-soñua; iratze aundia omen zegoan eta aren tartetik jarri omen zan begira. Arbola baten azpian itzalean an ari omen ziran bi karabinero kartetan jokuan, eta ixil-ixilik iratze tartean barrena pasa omen zan inguru artan. Gero ibaya pasa ta joan omen zan mugaz aruntz Frantzia aldera, eta an baserri batean jarri omen zan morroi. Gaur ere Frantzia-n bizi da baserri batean, amairu seme-alaba - amar bizirik - izanda.

Ayuntamentuan enpleatzen zan gizon bat Alberto izena zuana, eta nere anayai eta soldadu joan bear zuten mutil guztiai onek bialtzen zien etxeetara papera, eta nik ere etxean entzungo nuan noski nola esaten zuten:

Albertok bialdu ziok alako etxetako mutillari soldadu joateko papera.

Ni mutil koxkorra nintzan, eta gizon ori ezagutzen nuan eta gorroto aundia nion. Oraindik ere oroitzen naiz nola esaten nuan:

Ez ote da ilko Alberto ni soldadu joaterako?

Badira berrogei ta geyago urte nik gauza ori esaten nuala, eta oraindik ere bizi dala uste det Alberto. Il danik ez det beintzat entzun. Etzuan asko balio izan - ala obea ere ta - nere maldizioak. Uste nuan Alberto ilda besteren bat izango etzala soldaduskako paperak bialtzeko; berriz ere orrelako paperak etxeetara bialtzeko izango dira bai gizonak, eziñean dabillenari laguntzeko baño seguruago.







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org