|
Sebastian Salaberria. Neronek tirako nizkin
III
Gure aita arotza zan, eta, familia aundia eta danak gazteak nola baigiñan, baserrian gure amak eta bi edo iru anai zarrenak egiten zuten lana, eta aita irabazira joaten zan.
Errenteri-ko Papelera-n egiten zuan lana, eta egun batez andamiotik bera erori zan, eta bean tabloi bat zegoan eztenga aundi bat muturrez gora zuala, eta uraxen sartu zuan iztarretik ezurra jotzeraño.
Makiña bat mediku eta botika ibili zan gure etxean, bai dirua galanki gastatu ere; bañan danak alperrik izan ziran. Noiznai etortzen ziran beregana mediku bat eta iñoiz bi ere bai, eta abei beren artzekoa ordaintzeko ukullutik atera bear izaten zan txal bat edo bei bat, eta pixkabanaka orrelaxen joan ziran gure ganadu geyenak, medikuaren bixitak eta botikak ordaintzeko.
Baserria errentan ibiltzen genduan, eta, gure aitak lau bat urte oyean gaxo zeramaizkiela, nagusiak baserria saltzea pentsatu zuan. Garai artan etzan orain bezelako legerik, eta etxe-nagusiak nai zuana egiten zuan bere baserriarekin; eta egun batez etorri eta gure gurasoai esan zien:
Baserri au saltzea pentsatzen det, eta lenbailen atera bearko dezute.
Eta gure amak erantzun zion:
Bañan, gizona! Ez al dezu ikusten nere senarra nola dagoan? Eta famili onekin, danak saski batean sartzeko modukoak esate baterako, nora joan bear det nik?
Nai dezun tokira zoaz; baña nik auxen bakarrik esaten dizut: libratzeko azkar nere baserria.
Alaxen, saldu zion Pello izeneko gizon aundi bati, naparra berez, eta Pello au, baserria erosi zuanean, etorri zan gure gurasoengana eta ala esan zien:
Begira: baserri au nik erosi det eta emendik atera egin bearko dezute.
Eta gure amak adierazi zizkan familiko goraberak, bañan baserria saldu zuanaren moduko biotza zuan erosi zuanak ere.
Etxekoandre: obran asi bear det etxe ontan, eta libratu zaidazute azkar.
Eta gure amak erantzun zion:
Obran asi bear badezu, asi zaitez bazter batetik, eta ni sayatuko naiz beste etxe bat billatzen.
Ez dago gaizki esana, etxekoandre, baña etxea puxka bat altxatu egin nai det eta tellatua kendu nai diot.
Tira ba, asi zaitez ba ixkin ortatik.
Ez, zure senarra dagoan gela orren paretik asi bear degu tella kentzen.
Eta alaxen gelditu zan gure ama, bere begiak bi iturri ziruditela, negar galanki egiñez.
Errenteri-ko erritik zortzireun bat metrora, Papelera Española-ren atze-aldetik, tren-bidearen ondoan, zegoan etxe bat bi bizitzakoa, toki mospel xamarrean, mendi baten beko sakonean, eguzkiak gutxi jotzen zuala. Bizitza oyetan bizi ziran bi famili, eta etxe onen ondoan amar bat metrora zegoan beste etxe zar aundi bat, aspaldian utsik zegoana, eta gure ama zanak etxe artara joateko modua egin zuan, gaxo zeukan bere senarra eta familiarekin.
Etxe abek, naiz-eta kaletik aparte xamar egon, etzuten terrenorik. Etxe legorrak deritzayotenak ziran.
Etxeko mueble zar, erreminta eta gañerako gauzak eramaten, auzoko baserritarrak, gure aitaren lagunak, ibili ziran idiak eta gurdiakin: “Palaziyo” baserriko Jose Inazio eta “Gaztaño” baserriko Periko. Joan-etorria pranko egin zuten, gauzik gutxiena dan baserrian ere tresna asko izaten baita: gurdi ta karro zarrak, goldea, arria, segak, aitzurrak, kupelak, barrikak, eta nik bai al dakit zenbat tresna zar. Bearbada balio aundikoak ez, baña baserrian serbitzu ederra egiten dutenak beintzat.
Bei bat ere eraman genduan, “Arrio” izena zuana, etxerako lain esne izatearren.
Gure aita zana bost urte luzean oyean gaxo eta geyenean triste xamar egon bazan ere, ez genduan Papelera-ren ondoko etxe zar artara aldatu giñanean, alayago ikusten.
Ni artean mutil koxkorra nintzan, bañan igartzen nion gure aita tristetzen ari zala, eta etziola onik egin baserritik kalera aldatzeak.
Neroni ere triste arkitzen nintzan kale aldean, baserriko bizi-modua gogoratuta. Oraindik ere oroitzen naiz gure ama zanak nola bialtzen giñun batzuek baratzara eta besteak ganbarara esanez:
Zuk ekarri azak eta porruak, perejil-pixka bat ere bai; eta zuk ekarri ganbaratik babarruna, tipulak eta baratxuriak; sagar batzuek ere ekarri erretzeko.
Aza-babarrunakin eltzekai ederra egosten zuan; urdai-pusketa bat ere sartzen zion, eta arek ere asko gozatzen zuan. Etzait aztuko bizi naizen arte, amaika t'erdiak inguru ortan nola ematen zigun ogi-puska bana eltzean bustita. Ura bai zala gauza gozoa!
Sagardo ederra ere egoten zan kupelan, eta egarritzean txarrua artu eta gustora joaten giñan eske. Kalean berriz baratzara eta ganbarara joaterik ez; gutxiago berriz txarruarekin kupelara egarritzean. Dena erosi egin bear. Ori da gauza tristea! Alperrik da: osasuna izan ezkero, gu bezelakoarentzat baserria da onena bizitzeko.
Gure aitak igarri zion bere buruari baserri-jabeak eriotz-bidean jarri zuala baserritik bialtzearekin eta denbora gutxi barru ilko zala, eta iñoiz otsegin eta eraman-azten giñun danok bere gelara, eta an jarduten zan guri konsejuak ematen, esanaz bera laster ilko zala noski, eta otoitz egiteko bere alde zerura joan zedin; amarekin gelditzen giñala eta bere esanak zintzo egiteko. Seme zarrenari esaten zion, gu oraindik gazteak giñala eta guri bidea erakusteko, nundik eta nola ibili bear genduan.
Eta orrelaxen etorri zitzayon eriotza. Azkeneko orduan zentzua galdu zitzayon, eta arnas larri batzuen ondoren il zan.
Gero, aita ikusi genduanean kajan sartuta, lau gizonek bizkarrean zeramatela, ama berari begira negarrez, eta gu ere bai. Amak esaten zigun:
Umeak: etzazute negarrik egin, aita zeruan dago ta.
Bañan guk ala ere negar egiten genduan.
Gero ama oso triste gelditu zan orrenbeste umerekin bakarrik. Gure osaba bat, amaren anaya, alargunduta zegoan bere emaztea ilda, eta, nola etzuan aurrik eta familirik, ura ere bakardadean triste arkitzen zan. Eta gure etxera etortzea pentsatu zuan: eta ala etorri zan.
Antonio zeritzayon eta urte askoan Errenteri-ko Lanera fabrikan aritu zan lanean.
Oso gizon jatorra zan, eta guretzako ere ogi-puska bezin ona. Guk asko maite genduan; berak ere bai gu. Makiña bat aldiz lo egiña nago berarekin.
Bañan guregana etorri eta andikan laister gaxotu egin zan. Uste det urak zituala gorputzean, eta artatik illa izan bear zuan, oso denbora gutxi oyean pasata. Gure aita il eta andik urte bete ingurura il zan, berrogei ta amaseiren bat urte zituala. Zeruan gerta dedilla.
Gure ama geroago eta tristeago jarri zan, lenago senarra eta gero bere anaya il zitzaizkanean, eta bera ere gaxotu egin zan. Aren gaxotasunik aundienak naigabea ta tristura izan ziran.
Garai artan ni “Gabiria” baserrira morroi joana nintzan, eta tarteka joaten nintzan bixitatzera.
Gure anai zarragoak esaten dutenez, gaxotu zanean bereala ekarri omen zuten medikua. Onek esan omen zuan etzuala ain gaizki arkitzen, eta berriz ere etorriko zala andik egun batzuetara.
Etorri omen zan, berriz ere begiratu omen zion ondo, eta ez omen zion gauza aundirik arkitzen. Ala, bere errezeta egin eta joan omen zan “urrena arte'' esanaz.
Bañan geroago eta motelago gure ama ori,
eta, gutxiena pentsatzen nuan garayean, senideetakoren bat Gabiria-ra ama il zala neri abixatzera joan zan. An etorri giñan biok korrika, bide guztian negarrez.
Etxera iritxi giñanean, sartu nintzan amaren gelan eta an zegoan oyean ilda. Ura ala ikusi nuanean eta gañerako senide guztiak ere bere inguruan negarrez, neronek ere gero ta geyago negar egiten nuan.
An ari ziran esaten gure anai zarragoak eta auzoko beste emakume batzuek, jantzi egin bear zala bereala Ama Birjiñaren gisan; kaja ere ekarri bear zala segituan.
Egin ziran gauza abek danak, eta oso ederki jantzita jarri zuten gure ama, kajan sartuta, oyaren gañean; bi kandela piztu zizkaten bere ondoan, eta ala egon zan urrengo goiza arte.
Gure anai zarragoak eta auzoko beste batzuk egon ziran gaubean berari laguntzen, beren otoitzak egiñez.
Urrengo goizean etorri ziran Lezo-tik apaiz bat eta mutil koxkor bat bere gurutzearekin. Apaizak egin zuan bere errezua gure amaren aurrean, artu zuten lau gizonek bizkarrean eta an eraman zuten gure ama gaxoa Lezo-ko kanposantura.
Gure senide batzuk joan ziran bere ondoren, kanposanturaño lagundu eta eleizkizunetara, eta gu etxean gelditu giñan ayek etorri arte.
Auzoko emakume ayetako bat gelditu zan gurekin. Arek ere ala esaten zigun:
Etzazute negarrik egin, umeak, ama zeruan dago-ta.
Bañan ala ere guk negar egiten genduan. Eta Gabiria-n bei-kontu nebillela ere, makiña bat aldiz egon nintzan negarrez gure aita eta ama gogoratuta, pentsaturik ez nituala geyago ikusiko.
Gu bizi giñan etxea nola baitzegoan Lezo-ko partean, aita, ama eta osaba Antonio zana Lezo-ko kanposantuan lur artuak dira. Gure etxetik bide luzea zegoan kanposanturaño, bañan ala ere ildakoak bizkarrez eramaten zituzten. Aspertu ederra artzen zuten eramantzalleak. Gero amaiketakoa izaten zuten Lezo-ko “Gure Borda” ostatuan: ogia, gazta eta ardoa.
Bi urte bete buruan iru gorputz atera zituzten gure etxe artatik. Tristura ederra utzi zuten.
Anai-arrebak an gelditu giñan bakar-bakarrik, iñoiz esaten dan bezela, ez zerurako eta ez lurrerako.
Garai artan gure arrebak amar bat urte zituan, eta, nola ez genduan beste emakumerik etxean, guk zerbait ere pentsatu bear, eta alkarren artean erabaki genduan anai batzuk ostatuz jarri eta lanean asiko zirala fabrika edo beste lantegiren batean, eta beste anai batzuk berriz morroi joango giñala baserri batzuetara. Eta orixen egin genduan.
Sagasti-tik ekarritako traste ayek danak, saldu egiñ giñun. Obeto esateko, erregalatu; balio zuten diruaren erdirik eta laurdenik ere ez baitzan artu. Guri ere gerta zitzaigun Txirritak, bere bertso batean, esaten duana, nagusi batek bere baserritik bialdu zuan maizter baten gertaera:
Aziendaz ta lan-erremintaz
bagendaukagun indarra,
orain abekin ere ez degu
oso alderdi ederra,
zazpi baliyo luteken gauzak
bostian eman biarra,
au pentsatzian etortzen zaigu
begiyetara negarra.
|
Kaleko etxe artan urte paren bat pasatu giñun, eta, gure gurasoak ilda andik atera giñanean, berriz ere utsik gelditu zan. Etxe abek eta bere inguruko terrenuak Papelera Oarso-ren nagusiak erosi zituan, eta etxeak bota, bete-lanak egin eta gaur terreno abetan Papelera Oarso dago.
Familitik sakabanatu giñanean, noiz edo noiz alkarrengana biltzen giñan senideak, igandeetan eta aste erdiko jayetan goizean mezetara joatean edo arratsaldean, eta an jarduten giñan danok izketan, txoriak baño alayago, batak besteari geuren pasadizoak esaten. Lenengo alkarri esaten geniona auxen zan:
Gure guraso maiteak bizi izan baziran, gaur ez genduan orrela ibili bearrik.
Negarrez ere egon izan giñan bein baño geyagotan, gure aitak eta amak egiten zizkiguten maitasunezko zenbait mesede eta beren muxu gozoak gogoratuta, pentsaturik geyago etzigutela emango.
Orain poliki bizi bagera ere, komeri ederrak ikusiak gera gazte-denboran. Jaungoikoak lagun dezayola gazterik gurasorik gabe gelditzen dan ume gaxoari.
|