05


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Salaberria Sebastian »  Neronek tirako nizkin »  05

Sebastian Salaberria. Neronek tirako nizkin

V


Andik Donosti-ko Antigua-ko partean dagoan “Artola” izeneko baserrira joan nintzan morroi. Fundación Goyeneche-ren inguruan dago; bi bizitzako etxea da. Batean bizi ziran senar-emazteak beren familiarekin, eta, ni morroi egon nintzan bizitzan, senar-emazteak bizi ziran, Martin eta Anttoni; abek etzuten aurrik.

Baserri au terrenu aldapatsu batzuen gain-gañean egiña dago, eguzkiak eta aizeak ederki jotzen dutela. Etxea bera aspaldikoa da, zarra. Lur gutxi zuan; maizter batentzat poliki, bañan bi bizitzen ziran. Lurrak, geyenak eguzki aldetik zituan; baratza edo labore-toki on xamarrak bazituan; belazeak eta sagastiak toki aldapatsuan; ganaduaren azpitarako zakarrik etzuten, eta baso edo txarik ere ez. Ganadua ere gutxi idukitzen zuten, eta kaxkarrak; pentsurik gabe belar utsarekin bizitzen ziran.

Etxe-ondoan bazuan zumar-arbol aundi bat; eta muxika-arbolak, aranak, udareak, gereziak eta briñoyak ere bazituan.

Etxe-inguruan bazuan putzu txiki xamar bat, eta, eudia egiten zuanean, betetzen zan, eta bertan edaten zuten ganaduak bear zuten ura. Etxeak berak bazuan bozaera deritzayon ormigoizko ontzi aundi bat, eta tellatuko urak bertara biltzen ziran, eta etxean bear zana andik artzen genduan.

Ni morroi egon nintzan etxeak, bazuan beeko txoko batean Ama-Birjiñ-iturri eder bat, eta andik ere ekartzen genduan.

Sarrerako atearen barrendik lotuta egoten zan txakur koxkor bat. Bera beltza zan kolorez, bañan ortzak zuriak erakusten zituan, iñor kanpokorik joaten zanean. Etzan izaten giro arrekin. Etxe-inguru artara etzan elbirik ere inguratuko berak nabaitu gabe. Orrelako txakurrak ez dira diruarekin ere pagatzen.

Sagar-denboran etortzen ziran kaleko mutil koxkorrak sagarrak ostutzera, eta gure nagusiak ikusten zituanean txakurra askatuta bialtzen zuan, eta an ibiltzen ziran larri.

Egun batez, bazkalondo batean, ikusi zituan lau edo bost mutil koxkor sagastian zebiltzala, eta an bialdu zuan gure txakur beltza tximista baño azkarrago. Mutil koxkor batzuk aldegin zuten korrika, bañan bat bazan denborarik etzuana aldegiteko, eta sagar-arbolaren gañera igo bear izan zuan txakurrak txikituko ez bazuan. Gizarajoak antxen egon bear izan zuan arratsalde guztian sagar-arbolaren gañean negarrez eta gure txakur beltxa arbolaren azpian bere ortz zuriak agertuaz, mutil koxkor ari zaunkaz.

Gero nagusiak esan zidan:

Sebastian, joan adi sagastira eta ekar zak txakur ura etxera.

Eta ala joan nintzan, eta, nik txakurrari eldu nionean, jetxi zan mutil koxkorra arbolatik beera, eta pena ematen zidan gixarajoak. Begi biak aunditurik zeuzkan negarrez, eta galtzak ere pixez bustita. Gero, nik zerbait egingo nion beldurra ere bazuan, baña, zer egingo nion, mutilla postura artan ikusita? Urrikaldu egiten nintzan neroni, eta esan nion joateko aguro andik eta ez etortzeko geyago sagarrak ostutzera; bañan etzegon esan bearrik: etzan azaldu geyago mutil koxkor ura, eta ez bere lagunak ere.

Etxe artako nagusia, Martin, gizon aundi bat zan, berrogei ta zortzi bat urte zituana, naiz eta bere emazteak irurogei izan. Gizon seriyoa, bere boxeadorearen arpegiarekin, sudurra motz xamarra eta lepoa lodia. Bizarra igandeetan moztutzen zuan, bañan pasako zituan iru edo lau illabete buruko illerik moztu gabe, eta, ala zegoanean, ikara ere ematen zuan.

Emaztea ere oso bizartsua zan, eta oni ere senarrak moztutzen zion igandeetan, eta etxekoandre arek orduan ematen zuan amar bat urte gazteagoa.

Gizon aren jazkera, iñora joan bear zuanean, izaten zan: txapela, alkandora barratu bat, galtza urdiñak, blusa beltza, eta oñetakoak geyenean alpargata beltzak.

Nagusi ari gustatzen zitzayon iya jai-arratsaldero pasiatzera joatea, eta bere amets guztia izaten zan ardo-puska bat edan eta gero mutur-joka ibiltzea. Iñoiz etorri izan zan etxera arpegia markatuta, bañan oso gustora gizona. Astelenean jarduten zan neri esaten igandeko goraberak, eta beti pantesi ori izaten zuan, esanaz:

Atzo eman zizkat alakori ederrak, neronek ere artu nizkian baña!...

Eta berriz ere igandea etortzeko poxez egoten zan, mutil gazte baten moduan, beste kontrariyo batekin bere indarrak probatzeko. Neri soldata ordaintzeko etzuan izaten dirurik, baña parrandan ibiltzeko sortzen zuan nundik edo andik. Bere gustoko ballara Igeldo ingurua izaten zuan. Gustatzen zitzayon kontrariyo gogor xamarrarekin borrokan ibiltzea.

Ni ara joan eta bereala, soldataren kontua egiten asi giñanean, nik illean kobratzeko egin nai nuan, bañan nagusiak esan zidan urtean ordainduko zidala, eta ala egin genduan tratua berrogei ta amar duro ordaintzekotan. Pasatu zan urtea eta etzidan dirurik ematen, eta nik esan nion nagusiari:

Aizu, Martin: urtea pasea da ni emen lanean asi nintzala, eta ez al degu soldatarik?

Eta erantzun zidan:

Bai, emango diat; laister txekorra salduko diat eta egingo dizkiagu kontuak.

Txekorra saldu eta andikan puska batera ordaindu zidaten noizbait, eta nik orduan esan nion:

Begira, Martin: nik illean kobratu nai det nere soldata, al bada.

Illean ez dek errez izango, motel; nik urtean bein ateratzen diat txekor bat eta orduan izaten diat dirua.

Ba, nik illean kobratu nai det, eta gañera illean bear ditut gutxieneko zortzi duro.

Zortzi duro?

Bai, bai: zortzi duro.

Emango diat ba illero, bañan ez zortzi duro; illeko askoz gutxiago.

Ba, ez badidazu ordaintzen nik esandakoa, ni banoa etxe ontatik.

Eta, ura esan nionean, erantzun zidan:

Guk ere norbait bear diagu laguntzeko eta emango diat ba eskatzen dekana.

Bañan pasa illabete, bi, iru eta lau ere, eta dirurik ez, eta nik esan nion:

Zer degu, nagusi? Abek ez dira guk esandako itzak. Ez al degu dirurik edo zer gertatzen da? Lana bai eta soldatarik ez? Au ez da segira ederra!

Eta erantzun zidan:

Nik etzeukat ba orain dirurik, motel, eta noizbait egingo dizkiagu kontuak.

Lenago ere kontua geyago dabil emen dirua baño!

Eta nola ez nuan beñere soldataren usairik ere nabaitzen, egun batez esan nion:

Aizu, Martin: emengoa ikusia dago; ni ez neike lanean aurrera ola jardun eta ba noa emendik.

Eta erantzun zidan:

Zer egingo diagu ba, motel! Berriz ere bateonbat etorriko al dek noski!

Eta alaxen aldegin nuan baserri artatik, txakur txiki bat ere artu gabe. Ni atera eta andik urte pare batera gaxotu eta il egin zan nagusia, eta bere emaztea ere, bera il da andik bi edo iru bat urlera, il zan.







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org