|
Sebastian Salaberria. Neronek tirako nizkin
VI
Andik atera eta bereala jakindu nuan Donosti-ko Ayete ballarako “Azken-Portu” izeneko baserrian morroya falta zala, eta araxen joan nintzan.
Baserri au kamiyoaren ertzean dago, Franco-ren palaziyoa pasa eta bereala. Naiz aunditu eta gaur kale-etxe bezela jarria dagoan arren, garai artan etxe koxkor bat zan.
Baserri ontan bizi ziran senar-emazteak ezkonberriak, Juan Mari eta Manuela; bi aur txiki zituzten, seme-alabak; gero izan zuten beste alabatxo bat.
Etxe ontatik berrogei bat metrora, Donosti aldera, kamiyoaren eskubitik dago beste baserri-etxe bat, “Mantulene” izena duana, gaur “Juan-Marienea”, eta ukullua eta ganaduak emen idukitzen zituzten.
Gau batez, gu lotan geundela, eudia erruz egiten zuan eta Azken-Portu-ren tellatuaren erdia erori zan. Jaunari eskerrak, ez genduan iñork ere miñik artu. Ain zuzen, iñor etzegoan alderdia erori zan. Urrengo egunean, danok Mantulene-ra pasa bear izan genduan, gauza guztiak artuta. Erori zan etxe onen nagusiak, orduan berritu eta jarri zuan kale-etxe moduan, eta bere terrenuak Mantulene-ren izenean jarri ziran.
Baserri onek terreno gutxi zuan eta aldapatsuak, mospelak eta itxaso aldera. Eguzkiak jotzen zuan, bañan arratsaldean. Ganadu gutxi idukitzen zuten. Baratza onak zituan, eta berdura asko egiten zan plazarako. Sagardoa ere egiten zuten, eta gero saldu.
Nagusi arek ogei ta zortzi bat urte zeuzkan. Garai artan gizon kozkor-bikaña zan. Pixatuko zituan larogei ta zortzi bat kilo. Norabait joan bear zuanean, bere jazkera au izaten zan: txapela, alkandora zuria, galtza urdiñak, txaketa eta zapata beltzak.
Etxe ontara etorri eta bereala, asi giñan soldataren tratua erabakitzen. Nagusiak galdetu zidan:
Zenbat irabazteko asmoa dek?
Eta nik erantzun nion:
Zortzi bat duro illean.
Zortzi duro asko izango dek. Nik emango dizkiat sei. Konforme al aiz?
Eta berriketan ez aritzeagatik, baietz esan nion.
Eta, baserri ontan nola sagardoa saltzen baitzan, inguruko baserritarrak ere etortzen ziran sagardotegira, eta egun batez gure nagusi arek or ikusten gaitu bola-tokian Berabera-ko Balentin eta biok izketan ari giñala, eta illunabarrean, ukulluko lanak egiten ari giñala, galdetu zidan:
Zer ziken Balentiñek irekin?
Balentiñek? Ezer ez. Or jardun gera biok izketan kontu kontari.
Bai, orrek zerbait baziken irekin. Zer esan dik? Nik baño soldata geyago emango dikela?
Gizona: guk ez degu soldata-konturik berritu ezertarako.
Bai, bai: zuek ez nazute ni engañatzen. Nik bazekiat emen jendea zer dabillen. I bere etxera morroi eraman nayean zebillek ori, eta emendik aurrera illean duro bat geyago emango diat nik: lenago sei bezela, ontaz aurrera zazpi duro.
Eta, neronek batere uste gabe, nere soldata “puja-berritu” egin zan.
Gero gure nagusi arek sagardo gutxiago egiten zuan, eta lan gutxiago baserrian; neroni ere geyenetan diru-premian arkitzen nintzan, eta beti morrontzan ere aspertuta negoan, eta egun batez esan nion:
Aizu, Juan Mari: nik laister soldadu joan bear det, eta txanpon batzuk irabaztera norabait joan nai nuke ba.
Eta erantzun zidan:
Bai, motel: emen gu biontzako lan gutxi zeukagu, eta nai baldin badek, nunbait asi adi.
|