|
Sebastian Salaberria. Neronek tirako nizkin
VII
Alaxen, egun batez Donosti-ko Patxi Erdozia jaunarengana joan nintzan. Jaun au transportista zan, eta Donosti-ko gas-fabrikako ikatzak kayean baporetik artu eta bere kamioyakin ekartzen zituan. Nik galdetu nion:
Neretzako lanik bal al daukazu, nagusi?
Eta erantzun zidan:
Bai, motel; lana bazeukagu. Etorri nai dekenean.
Gas-eko fabrika Donosti-ko Morlans ballararen sarreran dago. Gasa ikatzarekin egiten dute, eta antxen asi nintzan lenengo palaketan ikatzarekin, etortzen ziran kamioyak ustutzen.
Garai artan Hernani baporea zan fabrika ontarako Asturias-tik ikatza ekartzen zuana. Amabostean bein edo ola etortzen zan, eta ura ustutzen lau bat eguneko lana izaten genduan. Gaņerako egunetan etxean baserrian jarduten nintzan nagusiari laguntzen.
Bapore ori zetorrenean, gure nagusi Patxi Erdozia bera etortzen zan kotxearekin guri abixatzera; berekin lanean aritzen giņanak kamiyo-ertzean bizi baigiņan. Ni Azken-Portu-tik oņez joaten nintzan; goizean bost t'erdietan jeiki, ganaduak gobernatu, gosaria artu eta zazpi t'erdiak alderako lanera. Baziran ni baņo urrutiago bizi ziranak ere, baņan ayek ere oņez ibiltzen ziran; ez baitzan gaur bezela autobusik.
Gero Hernani baporea desegin zuten zarra zalako, eta andik aurrera ni egunero ibili nintzan Erdozia-rekin, gerrara joan nintzan arte.
Amar pezta irabazten genduan eguneko soldata, eta etxean astean ogei pezta pagatzen nuan, eta goiz-illunabarretan etxeko lanetan lagundu.
Uralde baserriko Kalisto Dendategi genduan enkargatua, eta berarekin lanean jarduten giņan amalau edo amabost mutil: Malmiztegi-ko Antonio zana, Errotatxo-ko Juan Kruz zana, Ortatxiki-ko Luis zana, Miramonzar-eko Joxe zana, Errondo-ko Antonio, Txabola-ko Manuel, Errera-ko Manuel Gorra, Pakea-ko Bernardo, Beasain-go Joxe eta Lesaka-ko Joxe Mari. Amara aldeko beste erdeldun batzuk ere izaten ziran tarteka.
Garai artan Loyola-n Txomin-enean billera egiten zan. Esku-soņua jotzen zuten, eta an ibiltzen ziran neska ta mutil dantzan, eta ni ere igandeetan araxen joaten nintzan nere lagunekin. Orduko nere lagunak ziran: Gure-Pakea-ko Rafaeltxo, gaxotu eta Andazarrate-ra eraman eta bertan il zana, Uralde-ko Xanti, Juanindegi-ko Modesto, Ugalde-ko Pedro, eta baita ere Erreka-ko Simon zana eta Etxetxiki-ko Joxe zana, gerran, bata Madrid aldean eta bestea Teruel edo Belchite alde ortan, il ziranak.
An puxka batean ibili eta gero Ernani-ko tranbean Donosti-ra; eta emendik Ayete-ko Munto baserrira. Emen sagardoa saltzen zuten, gaur ere saltzen duten bezelaxe: eta merienda pixka bat egin eta etxera danok zintzo, urrengo goizean ere lanera joan bear baitzan.
Olaxe izan zan nere gazte-denbora.
|