08


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Salaberria Sebastian »  Neronek tirako nizkin »  08

Sebastian Salaberria. Neronek tirako nizkin

VIII


Ni ez naiz oroitzen gauza ontaz, baña, nere anai zarragoak esan didatenez, gure aita zana ere bertsotan aritzen omen zan gaxotu baño lenago, eta neri ere oso gazterik sortu zitzaidan bertso-zaletasuna.

Mutil koxkorra nintzala, nere lana beyak larrean zaitzea izaten zan, eta geyenean poltxikuan izaten nuan bertso-paper zar edo berriren bat, eta antxen jarduten nintzan kantari, udaberrian txoriak baño alayago; eta bertso on xamarrak edo nere gustokoak baldin baziran, azkar ikasten nituan memoriz.

Garai artan nik ezagutzen nuan bertsolaririk onentxuena, gure Txirrita aundia zan, eta berak plazan kantatzen zituan bertsoak eta paperean jartzen zituanak, izaten ziran nere gogozkoak.

Garai artan ni igandeetan Errenteri-ra joaten nintzan meza entzutera, eta, mezetatik ateratzen giñanerako, eleiz aurrean an egoten zan gizon bat bertso-paperak saltzen.

Igandero ateratzen zan iru orriko bertso-paper bat, “Bertsolariya” zeritzana, dana bertso zar eta berriakin beteta, bere preziyoa amabost zentimo zuana. Nere kutizi guztia bertso-paper ayek erostea izaten zan, bei-kontu nebillen garayean kantatzeko edo ikasteko.

Garai artan ere, gure errietan festak ziranean, izaten ziran bertsolariak, eta joateko modurik izaten baldin banuan, an joango nintzan naiz urruti xamar izan, eta bai gustora asko entzun ere.

Neroni gutxitan jardun izan naiz plazan bertsoak kantatzen. Nayago izan det paperean jarri, eta baditut bertso banaka batzuk gauza baten edo bestearen gañean jarriak, eta inprentatuak ere.

Nik amazazpi urte nituala Donostiko Kursaal-ean egin zan bertsolari-txapelketa bat. Artarako lendabizi Donosti inguruko errietan aukeratzen zituzten bertsolaririk onentxuenak, beren bertso-sayoak egin ondoren. Txapelketa artako zuzendariak egun batez Ayete-ko ballarara etorri ziran, eta, emengo bertsolari zarrak eta gazteak bildu eta alkar probatu ondoren, Kursaal-era joateko gelditu ginan: zarretatik Aranburu-ko Martin Etxeberria ta Berabera-ko Nikolas Sorozabal, eta gazteetatik Oriamendi-ko Jose Leon eta ni.

Esan bezela, txapelketa-egun artan bildu giñan Kursaal-era, eta ango zuzendariak esan zidan, Jose Leon etortzen bazan, guk biok kantatu bear genduala lendabizi, baña, ez bazan etortzen, ezin kantatuko nuala bakarrik. Eta nola etzan azaldu, ez nuan kantatu.

Bañan esan zidaten, txapelketa bukatzen zanean, joateko beste bertsolariekin batera bazkaltzera, eta an joan giñan agintari, zuzendari eta bertsolari danak ostatu eder batera: an agindu zidaten neri ere kantatzeko, eta beste bertsolariai bezela eman zidaten saria; eta, egun zoragarri bat pasatu ondoren, eman zitzayon bukaera egun artako bertsolari-festari. Egun artan Basarri gelditu zan txapeldun.

Garai artako bertsolari zarrak bazuten Donostian txoko polit bat, oso maite izaten zutena: kale Easo-n - gaur Víctor Pradera - Bar Manolo. Donosti aldera etortzen ziran bertsolariak, ostatu ontara biltzen ziran: Txirrita baitzan onera maiz-xamar etortzen zana, eta nik uste det danak aren arrastuan ibiltzen zirala. Gañera, bertako nagusia Manuel ere bertso-zale purrukatua baitzan.

Egun artan, guk bazkaldu genduan ostatuan, bertsolariak irtenda gero, inguratu zitzaidan nere lagun bat, Patxi Lazkano, Alza- ko Otxoki baserrikoa, eta bera ere bertsolaria, ni baño gaztexeagoa. Etzekian nunbait ongi Donosti-ko berri eta neri galdetu zidan:

Aizak: ik bai al dakik bertsolariak nun egiten duten billera?

Jakingo ez diat ba? Ia, etorri adi nerekin. Bereala erakutsiko diat.

Ala, etorri giñan Manuelen ostatura, eta an zeuden bertsolari geyenak, Txirrita beren maixu aundiarekin, batzuek mayean exerita ta beste batzuek zutik. Gu sartu giñanean, etzan iñor ari bertsolan; danak ixilik zeuden.

Txirrita, berriz, bakar-bakarrik mai txiki batean meriendatzen ari zan, kaxuelkada bat tripaki eta botilla bat ardo bere aurrean zituala. Eta nola ortzik etzeukan eta tripakiak ere zaill xamarrak zeuden, aoan ibilli ta mai-pera botatzen zituan. An bazehillen txakur txuri txiki bat eta arentzat etzetozten gaizki.

Ontan nere lagun Patxik esan zidan:

Bertso bat botako niokek bai oraintxen Txirritari!

Bota akiok ba, motel!

Lotsatu egiten nak!

I lotsatu egiten baldin baaiz, neronek botako zioat ba!

Alaxen, aulki bat artuta, jarri nintzan Txirritaren mai artan, eta esan nion:

Jainkoak gabon dizula, Txirrita, On egin dizula!

Igualmente, gazte; eskerrik asko.

Eta ontan kantatu nion nik bertso bat; ez naiz artaz ondo oroitzen, bañan olako zerbait zan:

Ederki kosta zaizu, Txirrita,
kaxuelka ori jatia,
tripaki-puxka pranko badezu
mai-pe ontara botia,
txakur onek gaur zure kontura
egin duan banketia!
onentzat ez da gaizki etorri
zuk ortzik ez izatia.


Ori aditu zuanean, bultza zion Txirritak - ordurako geyena ustuta zeukan -, trago bat edan da bereala bertsotan asi zan, olako zerbait kantatuaz:

Txakur txar onek antzeman dit
nik ortzik ez daukatena,
berialaxen billatutzen du
neri sobratzen zaitena;
kaxuelka bat tripaki banun
ta berak jan dit geyena,
gero kontua pagatzeko ni,
orrek ematen dit pena.


Orduan ekin zion beste bertsolari batek, esanaz parrandan gastatzen zituan diruekin etzeukala ortza berriak jarri eziñik, eta orduan errezago jango zituala tripakiak txakurrari eman gabe.

Kursaal-ean ederrak kantatu ziran, bañan an kantatu ziranak etziran batere txarragoak. Gu gaubean, amarrak aldean, atera giñan etxe aldera, eta artean ere an gelditu ziran danak zeñek baño zeñek bertso ederragoak kantatuaz. Zeru txiki baten antza ematen nion nik Manuel-en ostatuari egun artan. Bazirudian aingeru-talde bat ari zala kantari, triste zeudenak alaitu nayean. Izan ere, orrelako egunak gogoangarriak izaten baitira Euskalerrian, batez ere euskal oitura onak maite ditugunentzat.









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org