10


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Salaberria Sebastian »  Neronek tirako nizkin »  10

Sebastian Salaberria. Neronek tirako nizkin

X


Andik amar bat egunera sortu zan Españi-ko gerra. Orduan jakin genduan Pamplona-ko tiroak zer ziran.

Donostia-n lendabizi militarrak altxatu ziran. Guk Azken-Portu-tik entzuten giñun ederki Loyola-ko kuarteletan egiten ziran tiroteo beldurgarriak, militarrak barrendik eta gorriak kanpotik.

Donosti barruan ere egin ziran tiroteo latzak, Gobierno Civil-ean, Casino-an, Hotel María Cristina-n..., batzuk barrendik eta besteak kanpotik, bañan azkenean militarrak errenditu ziran, eta gorriak gelditu ziran nagusi, naparrak sartu ziran arte.

Garai artan, Donosti barruan egunero tiroka nola aritzen baitziran, baserritar gutxi joaten zan berdura eta esnearekin plazara, eta gure nagusi Juan Marik esaten zidan:

Autobusik etzebillek, baña karretillan eraman leikek zerbait plazara eta txanpon ederrak artu ere bai.

Eta alaxen joaten nintzan bala tartean barrena nere karretilla artan letxu-mordo bat eta beste patata puxka batekin.

Egun batez, Aldapeta barrenean nijoala, ikusi nituan bi emakume, bat baserritarra eta bestea kaletarra, bata besteari esnea ematen ari zirala eta kaletarrak bere marmita txikia esnez beteta eskutik zintzilik zeukala.

Tira zuan norbaitek ere tirua alde artara, eta marmita txikia pasa zuan balak alde batetik bestera, eta an joan zan emakume gajo ura bere marmitatik esnea zeriola, eta baserritarra ere azkar asko sartu zan ate-ondo batean.

Ni ala ere aurrera; Bretxako plazaraño joaten nintzan. Ernani kalean barrena nijoala, botika bat badago an etxe-kantoi batean, eta nere karretillaren otsa entzuten zuanean, ango botikarioak persiana pixka bat altxa eta ala esaten zidan:

Zer daramak or, gazte?

Emen letxua eta patata.

Patata? Ia ekatzak onera! Zenbat kilo dituk?

Ogei.

Ondo da: nik artuko diat dana. Zenbat balio dik?

Garai artan kiloak erreal bat balioko zuan geyenaz ere, baña nik “pezeta bat” esaten nion, eta antxen ematen zizkidan ixil-ixilik ogei pezeta. Gero ala esaten zidan:

Baldin badek, bigar ere ekarri.

Urrengo egunean ere laister entzuten zuan nere karretillaren otsa. Ni pare artara irixten nintzanean, azkar asko altxatzen zuan persiana. Orrelaxen ibili giñan egun batzuetan.

Plazara joaten nintzan, eta letxuak, naiz batzuk luzatuak izan, agertu ordurako eramaten zizkidaten eskuetatik; ez baitzan iya iñor joaten berdurakin. Eta amar zentimo balio etzuten letxuak, pezeta bana saltzen nituan.

Bañan gero, naparrak Irun aldera inguratu ziranean, ango tiruak entzuten asi giñan. Ipar-aizea zanean, beintzat, Ayete ballaratik ere ederki entzuten ziran fusil eta ametralladorakin egiten zituzten tiroteo latzak.

Nik banituan donostiarrak lagun bat baño geyago ere Irun alde ortan gerran zebiltzanak. Or ibiltzen ziran batean gerrara joan eta bestean etxera etorri, eta abei galdetzen nien nik:

Zer moduz dijoa ba gerra ori?

Eta erantzuten zidaten:

Gerra ori? Etzekiat zer gertatu bear duan! Errez menderatuko genituala uste genin, baña napar oyek gogor eusten ziotek beren aldetik. Egiten duten pixka, beti aurrera egiten ditek oyek.

Urrena, berriz, Andoain inguru eta Buruntza-mendi aldetik ere tiroak entzuten asi giñan. Gure auzoko gizon batek ala esaten zuan:

Emen dituk naparrak Tolosa aldetik beera. Tiroak gero ta garbiago zetoztek.

Eta arrazoi zuan: pixkabanaka beti aurrera zetozten, Donosti inguruko mendi eta erri danak artuaz. Asko kosta omen zan, bañan berenganatu zuten Irun alde ori.

Agorrillaren 12-an etsi zuten gorriak eta bazijoazten danak Bilbao aldera.

Garai artan ni ikatz-lanean ibiltzen nintzan Donostia-n, eta, larunbata nola baitzan, illundu arte lanean jardun giñan. Gero kai aldera joan giñan asteko soldata kobratzeko asmoan, nagusia inguru artan bizi baitzan.

Bañan etzegoan egun artan kobratzerik. Ura zan ango ixkamilla eta jendearen eromena! Danak, koltxoyak eta arrapatzen zituzten etxeko tresnak arturik, arrantzaleen baporeetan sartu eta al zuan guztia bazijoan Bilbao aldera.

Txoperrak eta guk, mutillak, alkarri esan genion obea izango zala etxe aldera joaten, eta orduantxen zetozten kamiyoan beera. Ernaz. (*)

Banetorren etxe aldera, Azken-Portu-ra eta orduantxen zetozten kamiyoan bera, Ernani aldeko eta Oriamendi-ko gallurrean egon ziran gizonak, beren kañoyak eta gerrarako tresnak artuta.

Ikusi niñutenean ayek beera eta ni gora netorrela, erderaz esan zidaten:

¿A dórde vas tú?

Yo a casa.

¿Cómo que a casa? Vente con nosotros para abajo, que tenemos que ir a Bilbao.

Pero vengo de trabajar y tengo que mudarme esta ropa sucia.

Ikatzetan arropa, arpegia ta dana zikin-zikin eginda bainetorren. Eta ayek esan zidaten:

¿Cómo que a mudarte? ¡Vente con nosotros!

¡Si vivo aquí mismo, en este caserío!...

Bueno, bueno: sigue y luego vienes.

Baña ni laister salta nintzan kamiyotik baratzara, eta beko txokoan barrena joan nintzan etxera.

Afaria atera zidaten, bañan ez neukan jateko gogorik. Nere barrena etzegoan lasai naparrak nolako sarrera egiten zuten ikusi arte. Gau guztian gelako leyoan egon nintzan zeletan. Goizeko ordubata alde arte, gorriak pasa ta pasa aritu ziran Donosti aldera, gero emendik Bilbao aldera jarraitzeko. Asarraturik batak besteari esaten zioten erderaz:

¡Quién iba a pensar que teníamos que perder tan fácil estas posiciones!

Eta besteak erantzuten zion:

Es que, por lo visto, los cab... de ellos tienen mejor organización y más disciplina y no hay quien pueda con ellos. Lo mejor que podemos hacer es marcharnos para Bilbao.

Eta orrelaxen joaten ziran.

Urrengo goizean garaiz gure nagusi Juan Marik esan zidan:

Lo egin al dek, motel?

Nik ez; gau guztian leyoan egon naiz.

Guk ere ez diagu lo askorik egin. Bañan aizak: bartarratsean oyera muturra garbitu gabe joan al aiz?

Ara ba: ez neukan gogo aundirik ere arpegia garbitzen asteko.

Ta orduan garbitu nuan sukaldera jetxita. Urrena ala esan zidan:

Zer gerta ere, orain napar oyek etortzerako, ekarri bear diagu gurdi bat alpapa.

Alaxen, gurdi janariarekin gatozela, asi ziran napar agintari eta gañerako jendea automobilletan pasatzen, Tolosa aldetik Ernani aldean barrena Donosti-ra zijoaztela, Ayete-tik pasatzen ziran kotxeak beintzat Naparroa-ko periodikoak boteaz.

Eta andik laister jakin nuan, gure iru anai ere, Kaximiro, Joxe eta Antonio, Bilbao aldera joanak zirala.



(*) Jatorrizko argitarapenean lerroren bat falta da paragrafo honetan.









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org