|
Sebastian Salaberria. Neronek tirako nizkin
XII
Alako batean, bialdu zidaten Donosti-ko Ayuntamentutik soldaduskara joateko papera. Donostia-n ere bazan beraz beste “Alberto”-ren bat. Gerrak beti eman izan dit beldurra, eta ala esan nuan etxean:
Oraintxen galdu naiz!
Soldadu joan bear eta ez negoan seguru zein urtetan jayoa nintzan. Ala esan nuan:
Ia ni 37-ko kintua naizen, eta kinta ori soldadu joaterako gerra bukatzen dan!
Eta alaxen igande-arratsalde batean gure nagusi Juan Mari eta biok joan giñan Oyartzun- go bikario jaunarengana, eta esan genion ia begiratuko zuan mesedez liburuan ni noiz jayoa nintzan. Begiratu zuan eta bost egunez 36-ko kintak arrapatzen niñun, eta papera zuzen bialdu zuten Ayuntamentutik.
Alaxen etorri giñan triste asko Oyartzun-dik etxera. Ez nuan orduan pentsatzen, gero joango zirala 37, 38, 39-koak eta beste asko ere.
Donosti-ko Ayete ballaran bizi giñanak, bi lagun giñan kinta artakoak: “Erreka” baserriko Simon Balerdi ta ni.
Simon mutil mozkote xamarra zan, bañan gorputzez zabala, oso bizartsua gorputz guztian zuan bizarra eta indar asko zuana.
Egun batez joan nintzan neroni bakarrik beyak eta gurdiarekin mendira egur billa. Aldapatxo batean kargatu nuan izugarrizko gurdikada egurra, eta ez nintzan piyatzen bakarrik abiatzera, amilduko zan beldurrarekin. Neregandik gertu xamar ari ziran lanean Simon eta bere aita, eta, gu ain lagun maiteak izanik, nik otsegin nion esanaz:
Simon, etorriko al aiz mesedez pixa batean gurdi oni eltzera?
Bai, motel; etorriko ez nauk ba? Egon adi pixka batean. Bereala or nauk.
Etorri zan; jarri zan gurdiaren azpiko aldetik kurpillaren parean eta esan zidan:
Ik segi beyakin!
Ez, Simon; or oso leku txarrean jartzen aiz. Deskuiduan amiltzen bada, ortxen gelditu bearko dek azpian.
Ez, ez; ik segi zak lasai; ni emen baldin banaiz, gurdi au ez dek amilduko-ta.
Eta alaxen, berari eskerrak, atera genduan gurdikada egur galanta.
Simonek indarra bazuan saltzeko ere. Segan eta aizkoran ere ederki egiten zuan. Eta indar asko zuan mutil bat izateko, aurtxo bat bezin umilla zan.
Eta alaxen atera giñan San Sebastian egunez biok Ayete-tik. Bere familian bizi zan gurasoak eta bi anai eta lau arrebakin, eta pena ederrarekin gelditu ziran danak negarrez etxean, gu frentera atera giñanean. Aren arrebak egin zizkiguten pasamontañak eta goanteak, mendian oztu ez gintezen.
Donosti-ko Kasinura, orain Ayuntamentua dagoan etxe ortara, bildu giñan kinto guziak, eta gero emendik estaziora; emen trenean sartu eta danok kantari ta bullan Pamplona-ra, eta geyenak an gelditu giñan, instruzioa ikasten.
Gero Simon beste lagun batzuekin Madrid-a bialdu zuten, eta, an, Somosierra-n edo, gerran zebiltzala, metralla-puska batek sayetsean jo eta zulo aundi bat egin omen zion, eta bereala il omen zan.
Nik frentetik ere eskribitzen nien aren arrebai, eta abek esan zidaten nola il zan. Pena ederra artu nuan ori jakin nuanean, anayak bezin alkar maiteak baigiñan biok. Jainkoak berekin izan dezala.
|