|
Sebastian Salaberria. Neronek tirako nizkin
XIII
Pamplona-n izan nituan soldadu-lagun jator asko, euskaldunak, eta erdeldunak ere bai. Euskaldunetan baziran Donosti, Andoain, Tolosa, Beasain, Zumaya, Bidania eta Eskoriaza-koak.
Askotan ibiltzen giñan danok alkarrekin, anayak bagiña bezela. Pamplona-n ardo onak izaten ziran, eta, baxo-erdi batzuk edanez, alkarri esaten genion:
Orain emen ederki gabiltzak, baña aurki joan bearko diagu guk ere gerrara, beste asko joan diran bezela, eta orduan aztuko dituk Pamplona-ko baxo-erdiak eta emen elkarrekin pasatzen ditugun ordu atsegin abek.
Batek esaten zuan:
Zer ikusi bear ote degu? Mutillak: gerra gauza tristea izango dek!
Eta besteak:
Sasoirik onenean il bear ote degu ba?
Eta beste batek:
Gure familia gogoratzen zaidak. Gure aita eta ama an egongo dituk negarrez, ni nola ote nabillen pentsaturik.
Eta beste batek berriz:
Nere andregaya ere triste egongo dek, gajoa! Soldadu etorri nintzanean, alkarri musu bana emanda agurtu giñan, eta an gelditu ukan negarrez, “ikusi arte” esanaz.
Nik esaten nien:
Jaungoikoak nai duana izan dedilla. Bizirik etxera etortzeko modua egin dezagula beintzat, komeni bada.
Frentean ere izan nituan lagun jatorrak, bañan geyenean erdeldunekin ibiltzen nintzan. Gure eskuadran ere ni bakarrik nintzan euskalduna: napar-erdeldunak, cacereñoak, gallegoak eta orrelakoak nituan.
Kuarteleko lagun geyenak beste konpañietara tokatu ziran, eta noizik bein alkar ikusten genduan, bañan gutxitan; eta, ikusten giñanean, alkarri esaten genion:
Oraindik ere, Jaungoikoari eskerrak, bizi gaituk, mutillak!
Bai, illak ere badituk ba makiña bat! Guk beintzat bizirik etxera joateko modua izango bagendu!...
Etzekit ba, motell! Beldur nauk. Emen gizonak errez iltzen dituk, eta gerra onek etzeukak bukatzeko itxurik.
Zer egingo diagu ba? Aingeru Guardakoak zaitu gaitzala ordu guzietan!
|