14


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Salaberria Sebastian »  Neronek tirako nizkin »  14

Sebastian Salaberria. Neronek tirako nizkin

XIV


Nere lagunetako bat Zumaya-ko baserri batekoa zan, mutil jatorra gañera.

Bere pixua larogei bat kilo izango zan; bañan gizarajo xamarra eta lotsatia zan, eta gure konpañiko pesta guztiak onekin egiten ziran. Zerbait umore jarri bear zanean, aren kontura parra egiten zuten.

Gau askotan, berandu xamar baldin bazetorren kuartelera, “petaka” deritzayon deabrukeri bat egiten zioten: bere oyeko gañeko maindiria bi doble eginda jartzen zioten, eta, oyean sartzen asten zanean, oñak ezin luzatu eta orduan danak parra egiten zuten.

Iñoiz bere soñeko soldadu-arropak ere gorde izan zizkioten gaubean, bera lo zegoala, eta goizean, diana edo korneta jotzen zuanean jeikitzeko, bere arropak palta, eta mutilla larri sarjentoa etortzeko beldurrez eta galtzontzillo utsik konpañi guztiko oyak miatzen. Noizbait arkitzen zituan bere arropa oyek, eta tximista baño azkarrago jantzi eta joaten zan lista pasatzera.

Beste gau batzuetan beste deabrukeri bat egiten zioten: lista edo soka luze bat lotzen zioten bere oyaren ankari, eta pasatzen zuten beste salara, eta, gaubean lo gozo-gozo zegoala, tiratzen zioten sokari eta danba! lurrera gure Zumayatarra, eta orduan danak sayetsetako miña egin arte parrez, eta bera pazientzi guztiarekin berriro oya antolatzen.

Instruzioa ikasten ibili zan gurekin batera, bañan etzion tankerik ematen nola ibili bear zan ere. Ta baziran gure Zumayatarraren antzeko beste mutil xelebre batzuk ere. Orrelakoekin kabua ernegaturik egoten zan. Asten zan esanaz:

¡Un, dos! ¡Un, dos! ¡Hep, aro! ¡Media vuelta, ar!

Ta baziran galdetzen zutenak:

Zer esan dik orrek?

Ez al dek entzun buelta erdia emateko guk bezela?

Eta berriz ere:

¡Un, dos! ¡Un, dos! ¡Hep, aro! ¡De frente, cabeza variación izquierda, ar!

Arrayua! Edozeñek entenditzen dik ori!

Zumayatarrak oñak oso okerrak zituan eta asko kostatzen zitzayon ibiltzen. Botak ere bereala muturrak okertuta beetikan gora begira, eta ala esaten zion kaboak:

¡Cambia el paso tú, vasco antiaéreo, que no sabes ni andar siquiera!

Geroztik “antiaéreo” esaten zioten askok, eta gizarajoari penaren penaz negar-malkoak ateratzen zitzaizkan, berekin baitzeukan naiko desgrazi.

Eta alako batean kaboak:

¡Aaaaaaalto!

Eta baziran gora begira gelditzen ziranak, aideplanoren bat ote zan pentsaturik. Onelako soldaduak apartatu egiten zituzten, eta pelotón de los torpes izenarekin beste kabo batek ederki kostata erakusten zien instruzioa.

Guk esaten genien gure lagun gizarajo abei:

Zertan ez dezute guk bezela egiten? Gauza erreza dek ba au!

Eta Zumayatarrak esaten zigun:

Bai, nik ez diat beintzat entenditzen zer esaten duan ere, ta gañera emen zertan gabiltzak aruntz eta onuntz bueltaka? Guk emen egiten degunak ez dik ezertarako serbitzen. Obe geñikek geuren etxeetan bageunde. Nere gurasoak beintzat antxen ariko dituk lanak ezin egiñik, eta ni emen alper- alperrik bueltaka.

Teorikan ere jarduten giñan egun batzuetan, eta, alferezak zerbait galdetzen zionean, berari begira-begira gelditzen zitzayon, eta orduan ere danak parra egin bear, baita alferezak ere, naiz-eta militarrak gizon seriyoak izan.

Zumayatar onek nerekin zuan bere konfiantza guztia; neri pena ematen baitzidan gizarajoak, eta nik ez bainuan besteak bezela aren bizkar parrik egiten.

Nik eskola askorik ez nuan, bañan berak batere ez, eta berari egiten zizkioten kartak neri ematen zizkidan irakurtzeko, eta gero neroni esaten zidan eskribitzeko.

Gure konpañiko karteroa etortzen zanean eta bere izena otsegiten zuala entzuten zuanean, karta artu eskuan eta lasterka neregana etortzen zan, ume txiki bat karameloakin etorri oi dan bezela, pozez txoraturik, eta esaten zidan irakurtzeko berak entzuteko moduan.

Etxetik bere gurasoak egindako karta baldin bazan, esaten zioten nola ari ziran soro-lanetan eta mendian garo biltzen, eta gizon-indar gutxi zeukatela eta lanak atzera xamar zeudela.

Orduan ala esaten zidan, dana kupiturik bere familiarentzat:

A! Ni banetxiok ba emen ezer egin gabe! Mesede ederra egingo niotekek nik nere gurasoai etxean banego! Gure amak al duan guztia lagunduko ziok aitari, bañan ni an palta! Ala ere noizbait bizirik joango banitz, utsa ukek!

Eta andregayaren karta etortzen zitzayonean, orduan izaten ziran komeri politak! Orduan ere laisterka neregana, esanez:

Au neure neskiaren kartia izango dek!

Ala, zabaltzen nuan karta ori, eta baita irakurri ere berak entzuteko moduan. Eta antxen egoten zan, aoa zabalduta, arriturik, berari jartzen zizkion gauzak entzuten.

Gero karta oni ordaña egin bear eta berak etzekien eskribitzen, eta neri esaten zidan:

Neure neskiari kartia egingo al diok?

Eta nik erantzuten nion:

Erorrek egin akiok!

Eta pena ederrarekin erantzuten zidan:

Euk badakik, motel, nik bezin ongi zer jarri bear zayon! Euk egiten dekan bezela ondo zegok!

Ala, egiten nuan al nuan modurik egokienean karta orren ordaña, eta berari irakurri ondoren ala esaten zidan:

Ederki zegok! Eskerrik asko, motel! Ik nola pentsatzen dituk gauza oyek danak? Neure neskia pozez txoratzen jarriko dek gauza abek entzuten dituanean!

Ala, gero esango dedan bezela, ni gaxotu egin nintzan eta ospitalera eraman niñuten; eta, ni an negoala, kuarteleko nere lagun guztiak gerrara erten ziran, batzuek Vitori aldera, besteak Bizkai aldera, eta orrela. Eta esan zidaten, gure Zumayatar au beste soldadu batzuekin kamioi batean Madrid aldera zijoala, kamioya amildu eta iztarra ausi zuala. Geroztik ez det aren berririk.







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org