|
Sebastian Salaberria. Neronek tirako nizkin
XV
Goardiak ere egiten giñun txandaka Ciudadela deritzayon toki batean. Bertan zegoan kartzela bat, eta emen ere goardia egin izan nuan bein baño geyagotan, eta kartzela ontan bazeuden militar agintari gizon ospetsu batzuk preso. Abetako bat jenerala zan.
Preso zeuden gizon abek egunero ateratzen zituzten, banaka-banaka txandan, kartzelak bere inguruan zeukan plaza batera. Emen ibiltzen ziran ordu laurden batean aruntz eta onuntz, eta jeneral ura ere bai, bere txanda zanean.
Ateratzen zanean, beti ekartzen zuan poltxikuan ogi-pusketa bat, eta txoriak zituan bere gogozko lagunak, eta abei ogi-apurrak emanez pasatzen zuan denborarik geyena.
Plaza irikia nola baitzan, onek zeukan jira guztian, zezen-plazaren gisan, itxitura bat arriakin egiña, lurretik oin bete ingurukoa. Gure agintari militarrak esaten ziguten, preso abetako bat ateratzen bazan itxitura ontatik kanpora, azkar esateko iru bider sartzeko barrura, eta, ez baziran sartzen, tiroa tira eta bertan iltzeko. Baziran ateratzen ziranak, eta guk, guardian geundenak, esaten genien:
Haga Ud. el favor de entrar al centro!
Eta azkar sartzen ziran.
Jeneral ura ere ateratzen zan, eta, guk esatean, azkar sartzen zan, eta nik orduan pentsatzen nuan nere modu esanez:
Ementxen zegok etxe askotan gertatu izan oi dana!
Zenbait etxetan aita semearen agindu-pean bezela, jeneral agintari ura, gizon ospetsua izan arren, soldaduen mendean baitzegoan. Gauza penagarria benetan!
Eta kartzela ontan gau batez goardian negoala, gaxotu egin nintzan. Paperak izeneko gaitza izan nuan, eta “Alfonso Carlos” zeritzayon ospitalera eraman niñuten. Ospital ontan zeuden gerran eritutako soldaduak.
Egun batez zerbait festa bazan, eta Donosti-ko Orfeoya eraman zuten, eta ospital ontako monja batek esan zidan, oyean negoan tokira etorrita:
¡Hala, soldadito! ¡Levántate que ha venido el Orfeón Donostiarra! ¡Vamos a escucharle!
Nik min asko artzen nuan eta erantzun nion:
No puedo, Hermana; tengo mucho dolor.
¡Animate, muchacho! ¡Levántate, que van a cantar tambien el “Gernikako arbola”!
Bañan ni, nola ezin nintzan atera oyetik, pena ederrarekin gelditu nintzan gure Donosti-ko Orfeoi ori entzun gabe.
Ospitalean ogei bat egun igaro ondoren, sendatu eta medikuak “alta” eman zidanean, berriro kuartelera joan nintzan eta nere kinto- lagun danak gerrara ertenak ziran.
Orduantxen etorri berriak ziran 37-ko kintoak, eta abei instruzioa erakusten ibili nintzan kabo bezela. Iya egunero joaten giñan La vuelta del Castillo deritzayon tokira, eta an jarduten nintzan gazte abei zerbait erakusten.
Gero, kinto abek instruzioa ikasi ta frenterako moduan jarri ziranean, agindua etorri zan konpañi batek joan bear zuala Vitori-ra. Ala, formatuta jarri giñan danok geren fusil, kartutxera, kapotea, manta, platera, kutxarea, kantinflora eta maletarekin. Motxila gero eman ziguten. Kamilleroak ere bai beren kamillak eta tresnak artuta. Ayek ere ematen zuten tristura ederra! Capitán Fernández zan gure konpañiko buru gurekin atera zana.
Len esan dedan bezela, formatuta geundela, gure lagunetako bati - Goyerri aldekoa zan - telegrama bar etorri zitzayon, esanaz bere ama oso gaizki zegoala, azkenetan bezela, eta joateko azkar etxera. Eta guri esan zigun:
Zer egin bear dit nik orain?
Guk esan genion:
Or ziok Capitán del Pino. Joan adi beregana eta esayok.
Joan zan eta adierazi zion al zuan moduan, eta ala erantzun zion kapitanak, berari bizkarretik elduta:
Lo siento mucho y te doy un abrazo en nombre de toda esta compañia, pero en el frente se os necesita a todos.
Mutil gizarajoa negar-malkoa zeriola bueltatu zan bere tokira.
Alaxen, elurra galanki ari zuala, Martxoaren 4-an, atera giñan Pamplona-tik Vitori-ra. Trenean danok kantari ta bullan, naiz barrendik triste egon.
Gero aztu ziran kantuak ederki. Frentera joan giñanean, jendea seriyo ikusten zan an. Txorakeriak aztutzen dira ederki, tiroak asten diranean.
Neri egokitu zitzaidan batalloya, Batallón de Montaña Sicilia n.º 8, Pamplona zeritzayon, eta batalloi au zebillen gerran Vitori aldeko mendietan.
Vitoria-n ere kuartel danak soldaduz beteta zeuden; nunbait ere sartu bear eta Ali izeneko eskola aundi bat zegoan kuartel modura jarria, eta an zegoan nere konpañia.
An arkitu nituan nere lagunak, mendian beste konpañiak erreleboa egin eta egun batzuk pasatzen zeudenak, beren anayak bezin maite zituzten zenbait lagun mendian ilda utzirik.
Ez naiz ongi oroitzen zein tokitan artu nuan karta, bañan, Pamplona-n edo Vitoria-n nintzala, bateonbatek eskribitu zidan. Joxe eta Antonio nere anayak Frantzia-ra joanak izan bear zutela. Donostia utzi zutenean, Motriku-raño iritxi ziran, eta emen ala esan omen zioten alkarri:
Guk ez degu gerrarik bear!
Eta bapore batean sartu eta Frantzia-ra joan omen ziran, eta anai Saturninoren etxean egon ziran denbora puxka batean morroi bezela, gero berriz andik Españi-ra etortzeko gerra bukatu zanean.
Bañan, kartan esaten zidatenez, Kaximiro euzkotarrekin Bizkai aldera joana zan.
Arrezkeraztik, beti kezka orrekin ibili nintzan nere gerra-denbora guztian: ia nere anai ori nunbait arkitzen ote nuan ilda, erituta edo prisionero eginda.
|