17


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Salaberria Sebastian »  Neronek tirako nizkin »  17

Sebastian Salaberria. Neronek tirako nizkin

XVII


Gu joan baño lenago, Villarreal-ko errian eta bere inguruko mendietan burruka aldi aundiak izan ziran. Gero pasatu zuten denbora-puska bat ixiltasunean, tirorik egin gabe naiz alde batetik da naiz bestetik.

Bañan udaberri aldera ekin zioten gureak, berriro sua piztuta. Goizean asi eta egun guztian iraun zuan erasoak. Tiroteo beldurgarri baten otsa besterik etzan entzuten. Ango kañoi, mortero, ametralladora, mosketoi, fusil, tanke, automobil blindatu, esku-bonba eta abiazio!

Gu gelditu giñan Villarreal-ko inguruko mendi-txoko batean. Jarri ziran gure ondoan errenkadan 7 y medio-ko zazpi edo zortzi kañoi. Agintariak agindua eman zuanean, goizeko amarrak aldean, asi ziran abek tiroka Albertia inguruko mendietara, bazter guztiak puskatzen.

Gu, infanteriko soldaduak, geldirik egon giñan ayek jardun ziran arte.

Kañoi bakoitzak sei bat artillero izaten zituan: bat tiratzeko; tiro bakoitzean kañoya atzera etortzen zan eta ura aurreratzeko bi soldadu kurpilla banetan; tiroa tiratzean kañoyari trapua pasatzeko, beste soldadu bat; eta granadak batek pillatik artu eta beste bati ematen, eta onek kañoyari sartu.

Lan abek danak oso segundo gutxian egiten zituzten, eta orrelaxen jardun zirari denbora-puska batean.

Abek ixildu ziranean, agintariak agindu zigun infanteriko soldaduai, inguru artako mendietara zabaldu bear genduala eta, bazterrak ondo miatuaz, Albertia gañera igo bear zala.

Guri mendiaren beeko egal aldetik tokatu zitzaigun pasatzea Villarreal aldera. Beste batalloi bat izan zan Albertia gallurrera igo zana. Batalloi ontako soldaduak esan zutenez, an arkitu omen zuten etxe-moduko txabola aundi bat, eta bere barrenean egosten zeuden garbantzuak, kañonazoak jota aidean boteak omen zeuden.

Bai omen zegoan bertan neskatxa gazte bat ilda, eta beste bat berriz kañonazoak iztarra moztuta, bañan artean bizirik. Artu anbulantziko kotxe batean eta Vitori-ko ospitalera ekarri omen zuten.

Orrelaxen, batere tirorik egin gabe, artu ziran Albertia eta bere inguruko beste mendi asko.

Villarreal-ko frente ontan burruka gogorrak izan ziran alde batetik eta bestetik gu ara eldu baño len, eta gizon asko galdu zan nola illak ala zaurituak.

Egunez ez omen zan izaten trintxeratik ateratzerik. Ezta pentsatu ere! Kontrarioak gertu xamar izaten baitziran, eta ikusten zuten guztia tira ta bota egiten zuten. Gaubean ibili bear izaten zan.

Erreleboa egiteko ere, ixil-ixilik batere itzik egin gabe eta al zan anka-soñurik gutxiena ateratzen zala ibili bear omen zan. Etzan izaten argia piztutzeko baimenik; ezta zigarroa erretzeko ere.

Noizbait bukatu zan frente ontako sua, eta gureak Bizkai aldera jarraitu zuten. Gure konpañia, ordea, Villarreal-en gelditu zan.

Inguru artan bazegoan lan-puska bat lur gañean denbora luzean zeuden gizon-pillak lur azpira sartzen. Danak gure kontrarioetakoak ziran.

Geyenak trintxera moduko pendiza edo lubaki luze baten txokonean zeuden. Bañan andik kanpora ere baziran, eta larrean ere bazeuden an da emen tarteka naikoak.

Ematen zuan fusillakin edo ametralladorakin jota boteak zirala; ez baitzeuden puskatuak, oso-osorik baizik.

Gure agintariak esan ziguten gorputz abei danai lurra eman bear zitzayela, ta an asi giñan al genduan modurik onenean ildako abek estaltzen. Beren azpiko aldean egiten genduan zulo bat, eta aitzurrarekin eldu eta buelta ematen genioten, eta gero lur pixka batekin doi-doi estali.

Baziran beren oñak ondo tapatu gabe bistan gelditzen zitzaizkiotenak ere; ainbeste ta ainbeste izanik ez baitzegoan danak ondo tapatzeko denborarik, guk ere aurrera Bizkai aldera jarraitu bear genduan-eta.

Egia esan, lantegi nazkagarria zan benetan ura. Egun asko ziran gizon ayek lurrean ilda zeudela, eta usai gaiztoa botatzen zuten, batez ere beren ondoan zulo-puxka bat egin eta aitzurrarekin buelta ematean.

Egunero txandan jarduten giñan lan ontan. Bañan baziran gure lagunetan etxe oneko mutillak, diruz ondo arkitzen ziranak, eta abek, ildakoai lur emateko beren txanda etortzen zitzayotenean, dirua ematen zuten lan ontan ez jardutzeagatik.

Guk ez genduan dirurik izaten, eta antxen jardun giñan makiña bat egunetan ildako danai lurra eman arte.

Lan artan ari giñala, makiña bati begiratu nion ia nere anaya ote zan. Gertatzen giñan leku guztietan egiten nuan ori. Gure kontrarioren bat ikusten banuan ilda lurrean zegoala, joaten nintzan bere ondora, nere modu esanaz:

Orretxek gure Kaximiroren antza badik! Bera ote dek?

Eta auspez baldin bazegoan, eldu eta buelta ematen nion; eta ikusirik bera etzala, beste batengana joaten nintzan, eta nere modu esaten nuan:

Au ere ez dek ba!

Orrelaxen makiña bat ildakoari buelta eman nien. Gero jakin nuanez, gure anaya ere orrelaxen ibili omen zan pentsaturik gu ere soldadu izango giñala noski beste aldetik.

Nere lagunak galdetzen zidaten:

Bañan, zer ari aiz orrela?

Eta nik erantzuten nien:

Nik badiat anai bat euzkotar oyekin dabillena, eta begiratzen diat ia ilda dauden oyetakoren bat ote dan. Ez diat beintzat oraindik arkitu. Jaungoikoak ez dezala nai, bañan ez ukek arritzekoa izango olakorik gertatuko balitz ere, gu gabiltzan bezela gerra bizian ibilita. Auxen izango ukek munduan izan leiken gauzik tristeena, sekulan ezer izan ez degun anayak alkarri tiroka batak bestea iltzea!

Gero, gure konpañi onek ere, erri ontako lanak egin ziranean, Bizkai aldera jarraitu zuan.







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org