19


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Salaberria Sebastian »  Neronek tirako nizkin »  19

Sebastian Salaberria. Neronek tirako nizkin

XIX


Arratsalde batez esan ziguten gure agintariak traste guztiak artuta abiatu bear genduala. Ez dakit zein menditan geunden orduan. Etziguten esan nora joan bear genduan, bañan Gorbea-Txiki izan zan gu joan giñan tokia.

Arratsalde geyenean joan da joan ibili giñan. Aizea, kazkabarra eta eudia galanki ari zuan eta ederki busti eta nekatu giñan. Gaubean amarrak alde ortan iritxi giñan, ezer ikusten ez genduala; illuna baitzegoan gogotik.

Gorbea-Txiki-n zegoan Navas izeneko batalloi bateko konpañi bat, eta berari erreleboa egitera igo giñan gu. Mendi onen gallurrera iritxi giñanean, Navas konpañiko soldaduak larri zeuden, eta ayen agintariak ere beldurtu ziran, gu nabaitu giñuztenean; ez baitzekiten zein giñan. Bereala otsegin zigun Navas-ko kapitanak:

¡Alto! ¿Quién vive?

Eta gureak:

¡España!

Eta arek:

¿Qué consigna?

Gureak esan zion bere consigna, eta orduan bildu ziran bi agintariak alkarrengana, linterna batekin beren arpegiak ikusten zituztela. Eta ala esan zion Navas-ko kapitanak:

Pues no sabía si erais vosotros o eran los rojos, pues éste es un sitio muy peligroso y no se puede uno fiar.

Orduan esan zigun gure kapitanak:

Subid, muchachos, que son de los nuestros.

Alaxen igo giñan gora, eta an etzegoan txabolik eta ezer ere. Navas-ko soldaduak, batzuk trintxeretan goardian eta beste batzuk txoko batean su pixka bat egin eta aren bueltan zeuden, txandan bizkarrak berotzen.

Guri esan ziguten urrengo egunean goizean egingo zala erreleboa, eta gau guztian antxen egon giñan, Navas-ko soldaduen ondoan, euditan, otzak, logaleak eta batere lorik egin gabe, estalpe bat ere etzegoalako: eta goseak, zer janik ez gendualako.

Noizbait iritxi zan urrengo goiza. Goizeko zazpirak alde ortan egin zan erreleboa. Gu trintxeretara eta beste konpañi ura beera jetxi zan, berriz guri laguntzera azkar igo bear izan zuan baño.

Gorbea-Txiki inguru au toki arlote xamarra zan; arkaitza, otea eta arbola kaxkar batzuk besterik etzan ageri inguru artan guztian.

Mendi ontan bazeuden trintxera-legera egindako lubaki txiki batzuk, eta ayetan jartzeko agindu ziguten gure agintariak. Trintxera ayetan ura zegoan, bañan, nai ez genduala ere, lo artzen genduan; lo premi aundia baigenduan. Gañera ez gendakigun kontrarioak ain gertu zeudenik.

Goizeko zaapi t'erdiak inguru ortan, gure eskuadrako kaboak or ikusten du sekulako jende-pilla zetorrela Gorbea-Aundi izeneko menditik beera Gorbea-Txiki aldera, gu geunden tokira, mendi guztia betean, oju eta deadarka. Danak, edo geyenak beintzat, asturianoak izan bear zuten; gero berak adierazi zuten bezela.

Ixilik etorri izan baziran, gu danok prisionero egingo giñuzten noski, bañan guri mesede aundia egin ziguten bullan etortzearekin; berak adierazi baitziguten nola zetozten. Nik entzun izan dedanez - ez det beiñere edan eta - gerra-denboran izaten omen da asalta-parapetos izeneko patarra, eta nunbait artatik ondo xamar probatuta zetozten, sumatzen zituzten maldeziorik aundienak boteaz. Tiroka asi baño lenago, entzuten genduan nola esaten ziguten:

¡Viva Asturias! ¡Marchaos de ahí, hijos de....!

Gero batak besteari esaten zioten:

¡Hala, valientes! ¡Animo, muchachos! ¡Vamos a por ellos que son pocos y los liquidamos en seguida!

Eta danak korrika guregana.

Gure kabo arek azkar joan da otsegin zien agintariai, esanez ia zer jende zan an goitik beera zetorrena.

Agintariak bereala agindu zion, esanez ayek gure kontrarioak zirala eta segituan asteko tiroka.

Alaxen asi giñan danok, eta sekulako tiro-soñua sortu genduan. Goizean zazpi t'erdiak aldean asi eta eguerdiko amaika t'erdiak arte iraun zuan tiroteo orrek, bi alderdietatik jendea galanki ilda.

Gu tiroka asi giñanean, gure agintariak bereala mutil batekin abixua bialdu zion Navas-ko konpañiari, segituan igotzeko gora, artean gertu xamar baitziran, eta bereala igo ziran. Eskerrak orri.

Burruka au asi eta bereala, il ziran lau edo bost mutil gure lagunak, euskaldunak. Geyago ere ilko ziran noski, nik ez banioten esan pare artan ez jartzeko.

Plateraren moduko arkaitz zabal bat zan, eta aren atzean jartzen ziran burua bakarrik agiri zutela; ziplanean jotzen zituan balak begi-ondo inguruan, eta ai! bat esan gabe, ilda gelditzen ziran. Bat bueltaka lurrera erori eta segituan beste bat jartzen zan aren tokian, eta ura ere berdin.

Nik, ikusirik nere burua larri eta nere lagun maiteak iltzen, ara zetoztenai esaten nien:

Mutillak: etzaitezte jarri or! Ez al dezute ikusten zer gertatzen dan? Ori toki txarra dek!

Eta andik aurrera etzan iñor jarri an. Beste askoren artean ikusi genduan gure trintxera-inguruan nola zetorren gizon bat galanta, fusillik gabe, esku-bonbak eta ezpata aundi bat bere eskuetan zituala. Arek bazirudian danok jan bear giñula, bañan beste asko bezela an gelditu zan ura ere oñak oztuta.

Goizean zortziak aldean laño izugarria sortu zan inguru artan, eta etzan iya ezer ikusten. Laño au oso ongi etorri zan kontrarioentzat; bertaraño etorri arte ez baigiñun guk ikusten.

Orduan il eta eritu asko egin zizkiguten: gure kaboa an gelditu zan trintxeran ilda; kapitana eritu zuten; tenientea eta bi alferez ere bai.

Gure kontrarioak etziran gelditu gure trintxeran sartu ziran arte. Trintxera ori luzea zan, mendi guztia bueltan artzen zuana, eta alderdi batetik sartu ziran zazpi edo zortzi kontrario, eta gure soldadu-lagun batzuk utzi egin bear izan zuten trintxera ori, munizioak aitu zitzaizkatelako. Beste batzuk berriz, gure agintari geyenak nola eritu baitziran, beren tokia uzten asi ziran.

Bañan Navas-ko konpañia orduan iritxi zan, eta aren agintariak pistolarekin danak beartu zituzten bakoitzak bere tokia zaitzera. Navas-koak etorri izan ez balira, kontrarioak egingo ziran Gorbea-Txikia-ren jabe.

Orduan aguro aldegin bear izan zuten gure trintxeran sartu ziran kontrarioak. Itzuli abiatu ziranean, geyenak il egin ziran.

Burruka au txoil bukatu baño lentxeago, an ikusten genduan berrogei ta amar bat urteko gizon bat, gure kontrarioa, erituta zegoala gure trintxeraren aurrean, eta Navas-ko agintariak esan ziguten:

¡A ver ese hombre que está ahí herido, traedlo para aqui!

Artu eta ekarri genduan, eta an utzi genduan lurrean luze-luze. Penagarria zegoan gizarajoa. Nunbait zauri txarra zuan eta ezin illik zegoan. Bere eskuekin puskatzen zituan soñean zeuzkan arropak. Kazkabarrak eta eudiak jotzen zuan arpegian, bañan ala ere lurruna botatzen zuan, eriotz-larritasunak ematen zion berotasunarekin. Gero, erasoa bukatu zanean, Vitori-ra eraman zuten.

Amaikak aldean asi zuan lañoa kentzen, eta bizirik gelditu ziran gure kontrarioak, orduan abiatu ziran atzeraka, berriz ere lenago etorri ziran tokira, Gorbea-Aundi-ra, eta amaika t'erdiak aldean ixildu zan tiroteoa.

Bañan artean ere gu ez geunden lasai, pentsaturik kontrarioren bat egongo zala baztarren batean gordeta. Eta alaxen zan.

Gure soldadu gallego bat eta ni antxen geunden ixil-ixilik trintxeran, eta gu geunden tokitik berrogei bat metrora, arkaitz baten atzean gordeta, an zeuden iru kontrario, bat fusil-ametralladoraren eta beste biak fusillakin ederki armatuta.

Ez ayek eta ez gu, ezin giñan geunden tokitik atera, eta antxen jokatu bear izan genduan gure bizia, ayek edo gu erten nagusi.

Gizon koxkorren fama dute gallegoak, baña ura oso balientea zan. Eskerrak ari, bestela ez dakit zer egin bear genduan. Ni beintzat, bata besteari tiroka ari giñala, fusilla enkaskillatu ta tiroa tiratzen etzuala gelditu nintzan. Andikan aurrera nere lagun gallegoak bakarrik tiratzen zuan gure aldetik.

Bañan ori baño okerragoa zan munizioak aitu zirala, eta artean iru kontrario oyek bizirik eta guri tiroa tiratzen. Bagendakigun lenago, presaka ari giñala, kartutxo batzuk eskuetatik erori eta gure trintxeran zegoan ura eta lokatz tartean bazirala, eta gallegoak esaten zidan:

¡Hala, Sebastián! Ya sabes que entre el barro hay algunos cartuchos. A ver si encuentras algunos, que si no aqui tendremos que morir. Nos tenemos que defender sea como sea, que esos cabo... no se marchan de ahí…

Nik, lokatzetan billatzen nituan kartutxoak nere galtzatan garbi-garbi egin eta ematen nizkan, esanez:

¡Tira con cuidado, Antonio, que quedan pocos cartuchos ya!

Eta alaxen il zituan irurak: lenbizikoa bistan erori zan; beste bat joan zan ari eltzera, eta orduan berari tira eta bota zuan, eta gero irugarreina ere noizbait il zuan.

Gero joan giñan gizon ayek ikustera, eta an zeuden irurak ilda. Bat agintaria zan, tenientea edo zerbait orrelako. Arek zeukan buruko kaskua berri-berria, izugarri ederra. Rusua izan bear zuan. Odolez pixka bat zikinduta zegoan, eta urex garbitu eta andikan aurrera kasko ura neronek ibilli nuan, eritu niñuten arte.

Orduan bukatu zan egun artako tiroteoa. Gure agintariak agindu ziguten begiratzeko ondo inguru artan danean eta beeko mendi-zokuetan barrena, ia kontrarioren bat gordeta zegoan edo ilda zeuden ayen tartean bizirik bai ote zegoan.

Laister asko joan nintzan ni, ia gure Kaximiro an ikusten ote nuan, eta makiña bat ildakori eldu eta buelta eman nion, bera zala irudituta. An ilda arkitu ez nuanean, berriz ere nere modu auxen esan nuan:

Emen ere ez dek ba! Nun ote dabil gizarajoa?

Jende asko ta asko zegoan ilda nun-nai lurrean, eta aben artean iya illean zeuden eritu asko ere bai. Eritu abek artu eta trintxeretara eramaten giñun, eta gero Vitori-ra ospitalera.

Baziran eritu bat baño geyago “Dadme un tiro! ¡Dadme un tiro!”, tiro bat emateko deadarka esaten zutenak. Gauza penagarria benetan!

Urrengo egunean, gaueko amabiak aldean, eraso ziguten berriz ere. Denbora-puxka batean jardun giñan tiroka, eta gero ixildu egin giñan.

Urrengo goizean, eguna argitu zuanean, begiratu genduan kontrario asko ote zegoan ilda, bañan etzegoan bakar batzuk besterik, eta gure aldetik etzan iñor ere il edo eritu.

Navas-ko konpañia eta gure konpañitik il da eritu gabe gelditu giñanak, danak an egon giñan alkarrekin bost edo sei egunean.

Gorbea-Aundi-ra begiratu eta ikusten giñun kontrarioak nola zebiltzan beren trintxera-gañetan aruntz eta onuntz.

Ametralladoretan zeuden gure soldaduak, agintarien agindua zuten illunabarrero ametralladorak probatzeko tiro batzuk eginda, eta, asten ziranean ta-ta-ta-ta-ta!, an ikusten giñun kontrarioak korrika. Izaten ziran baldearekin ur billa zijoaztenak ere, eta laister jira ta sartzen ziran beren txabola-zuloetan.

Gero Navas bertan gelditu zan, eta gu beera jetxi giñan beste mendiren batera.







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org