|
Sebastian Salaberria. Neronek tirako nizkin
XX
Gero Dima-ko errira bialdu giņuzten. Lendik gureak artuta zeukaten erri au, eta emen beste konpaņi bat eta gurea gelditu giņan egun batzuetan.
Dima erri koxkor txiki bat da, mendi batzuen beeko babes goxoan dagoana, naiz bere ingurua menditsua izan. Erria bera toki alayean egiņa dago. Baditu bere inguruan zabal-toki ederrak, arta-soro eta belaze-leku onak, eta baserri politak ere bai.
Mayatzaren asieran iritxi giņan gu erri ontara, eta ain zuzen urteko festak Mayatzeko Santa Kruzetan izaten dira erri ontan. Pentsatu genduan festa onak egin bear zirala, ta bai ederki antolatu ere.
Erri ontara etorri giņan bi konpaņiak, gure batalloiko lenengoa ta laugarrena giņan, eta gure agintariak pentsatu zuten, festak garrantzi geyago izan zezaten, konpaņi bateko atletak jarri bear zirala beste konpaņikoen kontra. Gure konpaņian gipuzkoarrak asko giņan, eta beste konpaņian berriz naparrak ziran asko.
Zortzi bat egunean iraun zuten festak, eta izan genduan zer ikusia franko: aizkolari, arri-jasotzale, pelotari, futbolista, esku-soņu-jole, pianista, dantzari, kantore, bertsolari, korrikalari, asto-karrera, eta baita gizonak ere zakuan sartuta korrika. Apustu geyenetan gipuzkoarrak atera ziran nagusi.
Gaubean iņoiz egiten dan amets gozo bat bezela iruditu zitzaizkidan erri artan pasa giņun egunak. Lentxeago mendian gebiltzan kaņonazo eta tiro tartean, lurra ildako gizonez estalirik, bazter guzietan odolezko errekak egiņik, eta mutil asko ta asko zaurituak miņaren miņez antsika eta negarrez urruti arkitzen zan bere amari oska; erriak, baserriak, mendiak eta bazter guztiak sutan erretzen eta kixkaltzen. Ain erri paketsu eta atsegin batean sartuta, eta gaņera bertan antolatu zituzten festak ain paketsu eta alayak ikusita, bazirudian inpernutik atera eta zeruan sartu giņala.
Mundu ontan ikusten dira gauza xelebreak, eta antxen ere ikusi giņun apustu politak.
Baserri batetik ekarri zuten asto bat, eta arekin egin ziran egundoko festak. Asto-karrera jokatu bear zala eta bi konpaņietako soldaduak, bata bestearen kontra, jokatu zuten. Kilometro bateko bidea neurtu zuten. Jarri zan konpaņi bateko soldadu bat asto gaņean, eta, agintariak beren erlojuak eskuetan zituztela, txalo jo zuan sarjento batek, eta korri, astoari arre! arre! esanaz.
Onek joan da etorri egin zuanean, gero beste soldadua. Lenengo joan-etorria gipuzkoarrak egin zuan, eta errez irabazi gaņera; bigarren buelta egin zuanerako astoa oso nekatua baitzan.
Gero eun bat metroko bidea neurtu zuten, eta erabaki zan asto gaņean zijoanak atzera begira joan bear zuala. Ura zan polita! Astoa batera ta bestera, eta asto gaņean zijoana larri. Soka bat bazuan muturretik lotuta, atzera tiran soldaduak bere eskutik zeukana, eta arekin zuzentzen zuan okertzen zanean.
Karrera ontan naparrak jokatu zuan lendabizi. Egiņalak egin zituan makillarekin astoa joka aguro joan zedin, eta azkar egin zuan joan-etorria.
Gero gipuzkoarrak jokatu zuan. Onek ere astoari jotzen zion gogotik, baņan astoa len baņo mantxoago, nekatuta baitzegoan. Ala, ikusirik apustua galduko zuala, eskuan zeukan makilla isatsaren azpitik sartzen asi zan, eta orduan asto gaxoa tximista baņo azkarrago joan zan eta berriz ere gipuzkoarrak irabazi zuan.
Sayetsetako miņa egiteraņo egon giņan gu parrez ayei begira.
Beste apustu au ere polita izan zan. Zaku banetan sartu, gerrian lotu, eta bi konpaņietako soldadu bi, ogei bat metroko bidean joan da etorri zeņek lenago egin. Etzuten bereala bukatu bere lana. Saltoka-saltoka joaten ziran eta maiz erortzen baitziran lurrera. Gipuzkoarra lertzeko zorian jartzen zan parrez, eta naparrak irabazi zuan.
Arri-jasotzalleak ere baziran naparrak eta gipuzkoarrak. Gipuzkoarra Azkoiti-ko Mendizabal izan zan, mutil jator askoa, zezenak ainbat indar zuana, baņan oso umilla.
Pamplona-n kuartelean egon giņanean ere, bera eta beste erdeldun bat ziran gure arrantxeroak, eta guk joan bear izaten genduan iru edo lau soldadu egunero txandan abei patata txuritzen laguntzera, eta ez giņan gaizki izaten. Mendizabal onek beti ematen zigun eguerdian, amaika t'erdiak alde ortan, aragi-xerra bana ogiaren tartean, eta beste baso bana edo bina ardo, eta gustora joaten giņan abei laguntzera.
Orduan ere an ibiltzen zan, almazenean zeuden zaku-patatak, zaku-arrozak, garbantzuak eta arrapatzen zituan gauza guztiak bizkarrera jasotzen, bi eskuekin, batekin, eta alde guztietara bere indarrak probatzen. Guk esaten genion:
Ai, Mendizabal! I ederki moldatzen aiz emen naiko aragia janez! Berriz ere jasoko dituk ik errez emengo zakuak!
Eta onela erantzuten zigun:
Aragia jan gabe ere, jasoko dizkiat bai nik emengo zaku abek! Au dek sasoya, au!
Eta berriro, rau! eldu ta altxatzen zuan zakua.
Eta arria jasotzen errez nagusitu zan gure Mendizabal. Besteak bi eskuekin bezin errez jasotzen zuan arek esku batekin, naiz arri traketsa izan. Ari begira gustora egoten nintzan ni. Jaten baņo nayago izaten zuan arek arriarekin borrokan ibili.
Aizkora-apustua izan zan gogor xamarra. Gure konpaņiko mutilla Bidani-koa zan, Jose Iraola, lenago apustu bat jokatua gerra baņo lenago, mutil aundia eta indartsua gaņera. Baņan egun batzuk bazeramaizkian gaxo ta makal xamar. Berak etzuan atera nai plazara, baņan agintariak esan zioten mesedez ateratzeko, etzegoala beste aizkolaririk eta. Ala, atera zan kolore txuri-txuriarekin.
Nik ez det ikusi iņun an bezela dirua jokatzen. Soldaduak ere poliki, baņan bi konpaņietako agintariak, batak bestearen kontra, Tolosa-ko zezen-plazan baserritarrak baņo beroago eginda. Baņan danak pakean, anayak bezela, beste festetara alaitsu eta paketsu jarraituaz.
Jokatzen asi baņo lenago, gure batalloiko komandante Ollo-k esan zuan, etzala libre aizkolariai laguntzea iņolako moduz, berak bakarrik jardun bear zutela.
Gaņerakoan oso gizon jatorra zan komandante Ollo au. Baserritar baten antza ematen nion nik. Bera gizon moztaka zabal bat zan, bota oriak, traje panazkoa, lepoko paņuelua eta bere txapel aundiarekin. Soldaduakin itzegiteko ere, edozein kabok baņo inportantzi gutxiago ematen zion bere buruari.
Baņan jokatzen asi ziranean, bera zan okerrena. Bereala asi zan makilla batekin ezpalak kentzen naparrari; Ollo au bera ere naparra baitzan. Eta botillarekin botatzen zion patarra ere lepotik beera, mesede egitearren.
Bidani-koak egin zituan alegiņak, baņan erdi gaxo ta bakar-bakarrik aritu zan eta oso gutxiz naparrak irabazi zuan.
Bertsolariak ere izan ziran. Polliki xamar kantatzen zutenak baziran. Ez naiz gogoratzen an zer bertso kantatu ziran eta bertsolariak zein erritakoak ziran, baņan badakit gipuzkoarrak zirala. Neroni ere jarduten nintzan zerbait kantatzen, eta umore ederra pasatzen genduan. Baziran bertsolaritza gustatzen zitzayen napar-euskaldunak ere. Ondo xamar kantatu ezkero beintzat, gauza atsegiņa baita sayo eder bat entzutea.
Kantoreak zortzi edo amar laguneko taldea egin zuten, eta orfeoi moduan antolatzen zituzten beren kantuak. Kantore-talde au bi konpaņietako soldaduak osatzen zuten, eta bai ederki kantatu ere naiz eleizako kantuak eta naiz beste edozein ere. Gu beintzat gustara asko egon giņan abei entzuten.
Baziran solistak edo bakarka kantatzen zutenak ere, baņan an etzan gure kamillero Orta baņo ederragorik.
Mutil bikaņa zan, napar-erdalduna, larogei bat kilotik gora pisatzen zituana, rubiyo antzekoa.
Kanturako gogoa eta abildade aparta zuan. Bere eztarriak organua zirudian. Guk zenbait garaitan izaten genduan pixka bat alaitzeko premia, eta bagenduan aren bearra. Ura kantuan asten zanean, gure biotzak pixka bat xuxpertzen ziran. Izan ere alakoa zan ura! Beti arpegi alaya ikusten genion.
Urrutira ere ezagutzen genduan kantari ari bazan. Iņoiz, agintariai baimena eskatuta, joan izan zan mendi batetik bestera, beste batalloi batean zebiltzan bere napar lagunetara, eta, andik zetorrenean, nabaitzen genduan ederki. Baita kontrarioak ere, nabaituko zuten noski, bere kantu alayak kantatuaz nola zetorren.
Oso gogozkoak zituan jota aragonesak, baņan, bera nola baitzan naparra, jota navarrak kantatzen zituan asko. Bein asi ezkero, bukaerarik etzuan. Quisiera volverme hiedra, Pamplona tiene cadenas, A las orillas del Arga ta oyek danak kantatzen zituan. Beste auxe zan askotan kantatzen zuana:
Segadora, segadora,
Ąqué aborrecida te ves!;
todo el día en el rastrojo,
agua no puedes beber. |
Dima-ko festetan ere, beste kantore-talde batekin kantatu zuan, baņa aren eztarria besteengandik nabarmena zan.
Ura zan gure penak aztu eta gu alaitzen giņuna, eta orrelako gizonak ez luteke beiņere il bear!
Erri ontako jendearekin oso lagun egin giņan guztiok. Izan ere ain leyalak ziran. Berak jan bear zuten ogia, besteri emango zioten. Alakoak danak. Arropak ere emakumeak garbitzen zizkiguten. Danak famili batekoak bagiņa bezela bizitu giņan an egon giņan denboran, eta baziran negar egiten zutenak guk andik aldegin genduanean.
Erri ontan etxe asko zegoan utsik, eta abetan lo egiten genduan.
Pena gauza batek ematen zidan neri: ez genduala ikusten erri ontan gure kideko mutillik. Nunbait gure kontrarioekin joanak ziran, eta bertan zegoan jendea, umeak, zar xamarrak eta emakumeak ziran.
Pesta ayetan genbiltzala, beste amets trakets eta beldurgarri bat zetorren nere burura: laister joan bearko genduala, alegia, berriro zerutik inpernura.
Bukatu zan gure deskantsua, eta nere amets maltzur ura egitazko biurtu zan.
|