|
Sebastian Salaberria. Neronek tirako nizkin
XXI
Ez dakit Dima-tik nora eraman giñuzten, bañan, uste dedanez, andik atera eta ibilli-aldi izugarriak egin giñun, kontrarioak atzera eta gu aurrera.
Gogoratzen naiz, egun batez iya arratsalde guztian korrika ibili giñala joan da joan, eta tiro askorik egin gabe gañera; bañan tarteka gogor xamar egiten ziguten.
Arboldegi aundi batera iritxi giñan eta emen ortzak erakutsi zizkiguten. Berak arbolen atzetik guri tiroka, eta gu ere beste arbola batzuen atzetik. Gu beti, pixkabanaka, arbola baten paretik bestera aurrera joaten giñan, bañan berak etziran atzera joaten.
Orduan gure agintariak esan ziguten, bada ez bada ere bayonetak jartzeko fusillari, alakorik gertatzen bazan bayonetaz ari bearko zala-ta. Esan bezela, jarri giñun bayonetak fusillaren puntan, eta, gu ala ikusirik, iges egin zuten.
Ala gabiltzala, gure soldadu batzuk eritu zituzten. Bati beintzat eskuko beatz bat moztu zioten tiroz, eta nere artean esan nuan:
Orrek beintzat zauri ona izan dik. Orain ospitalera joango dek eta gutxienez beintzat oraingoz bizia salbatu dik!
Gero berriz ayek atzera eta gu aurrera. Alako batean, korrika goazela, mendi-txoko batean arkitu genduan kontrario erdeldun bat, sasi tartean gordeta zegoala. Nunbait munizioak bukatu zitzaizkan eta bera ere oso nekatuta zegoan, eta, ikusi zuanean ezin zala geyago ibili, bertan gorde zan. Ain zuzen gañera, gure tenienteak ikusi zuan nola zegoan gordeta, eta esan zion:
¿Qué haces ahí, muchacho? ¡Salte de ahí!
Ala, atera zan sasi tartetik, etorri zan tenientearengana, eta onek esan zion:
¡A ver cómo está ese fusil!
Eldu zion fusillari, eta, ikusirik artean ere bere kañoya bero-bero zegoala, esan zion:
¡Ah granuja! ¿Cuántos habrás matado?
Eta ura izan zan guk egun artan egin genduan prisionero bakarra.
Orrelaxen kilometro asko pasatu ondoren, mendi batean gogor xamar jarri ziran gure kontrarioak, eta larri giñan danok ere. Tiro asko tiratzen zuten berak, eta gu al genduan lekuan ezkutatzen asi giñan. Gure lagun asko trintxera-moduko pendiza baten atzean jarri ziran.
Ni ere an etzanda negoala, soldadu batek antxen bota zuan bere burua nere oñetara. Zein ote zan eta nere lagun maite bat zan, Domingo Erkizia, Donosti-ko Antigua-ko ballaran dagoan Urrizti baserrikoa. Aspaldian alkar ikusi ez genduanak, antxen besarkatu giñan, bi anai maite besarkatzen diran bezela.
Nik esan nion:
Zer moduz, Domingo?
Ementxen, motel, larri! Gaur arratsalde guztian korri ta korri gabiltzak iya batere gelditu gabe, eta orain, emen ikusten degunez, gure kontrario abek gogor jarri zaizkiguk, eta emen dituk komeriak!
Gu giñan Batallón de Montaña Sicilia n.º 8, eta Domingo, berriz, América 23, eta bi batalloyetako soldaduak nastuta genbiltzan.
Gero berriz ere gure agintariak ordenatu zituzten beren mutillak, eta mendi artan América 23 gelditu zan, eta guk eskubi aldera jarraitu genduan.
Egun artan ala gebiltzala, makiña bat aldiz gure anai Kaximiroz oroitu nintzan, nere modu esanaz:
Gure Kaximiro ere emen ibiliko dek ba nunbait! Au ere marka izango dek! Beti ain alkar maiteak izan gaituk eta orain emen alkarri okerren bat egin bear ote diogu?
Illunarekin batera iritxi giñan baserri zar baten ingurura. Orduantxen aldegiñak ziran gure kontrarioak. Etxe ondoan bazegoan zakar-meta bat, eta orduantxen ari zan ura ere erretzen.
Gure agintariak esan ziguten an gelditu bear genduala gaua pasatzen; zerbait jan eta baserri artan lo egin bear genduala. Jateko ez genduan gogo aundirik, egarri galanta baizik.
Batzuk jarri giñan kanpoan goardian eta gañontzekoak baserrian lo. Etzegoan oirik eta ezertxo ere, bañan ala ere lurrean etzanda gustora lo egin genduan, fusillaren gañean burua jarrita. Etzan tapatu bear aundirik ere. Kartutxerak ere min ematen ziguten, ez baigenduan kentzeko agindurik, bañan ala ere lo, batzuk ganbaran, beste batzuk gelatan, eta baziran gustora asko ukulluan etzan ziranak ere; ez baitzegoan ganadurik, eta lotarako premia galanta berriz.
Urrengo goizean, bostak aldean, gure agintariak otsegin ziguten, esanaz berriro aurrera jo bear genduala. Joan giñan berriz ere bide-puska batean batere tirorik egin gabe, eta alako batean ikusi genduan beste mendi-egal batean nola zeuden gure kontrarioak, eta agintariak esan ziguten:
Emen gelditu bear degu.
Eta bertan gelditu zan beste batalloi bat, eta gu an inguruko beste mendi batera joan giñan. Bigarren “linean” jarri giñuzten lasaitxeago egotearren.
Ala geundela, goiz batean baginjoazen gure tokitik arrantxeriko txabolara kafea artzeko asmuan, eta or ikusten degu aideplano bat urrutira, baña guregana zetorrela zuzen-zuzen.
Gu berari begira geundela, gure tenienteak begiratu zion katalejuakin eta ezagutu zuan kontrarioena zala. Bereala agindu zigun “¡Cuerpo a tierra!” esanaz, geren buruak botatzeko lurrera.
Erori giñan segituan, eta gu ala ere berari begira. Alako batean or ikusten ditugu goitikan bera bonbak zetoztela gure gañera. Zazpi bonba bertan bota zituan, bañan gure gañera etzan erori bat bakarrik ere. Gu baño pixka bat aurreraxeago zegoan arrantxeriko txabola, eta antxen sartu ziran bat edo bi, eta besteak urrutiago.
Eskerrak arrantxeruak ere korrika aldegin zuala, bestela bertan txikituko zuan. Guretzako eginda zeukan kafea, bere ontzi eta guzti, aidean joan zan, eta lenago ere bein baño geyagotan egin izan genduan barau, eta goiz artan ere bai. Inguru artako oteak eta larrak egin zuten gosari txikia gure partez, eta gaitz erdi bonba ayek etzutela guretako iñor jo.
Toki artan egun batzuk igaro ta gero, beste mendi batera pasatu giñan. Mendi orren beeko txokuan zabaldegi aundi bat zegoan, pago-zuaitz ederrez estalita, eta zuaitz aben tartean zeukaten gure artilleroak 15 y medio-ko kañoi bat, beste mando-mordo aundi bat ere bai, eta soldadu asko.
Kontrarioak etzituzten abek ikusten, bañan nunbait igarri zioten txoko artan jendea egongo zala, eta morteroakin tira zuten kañonazo bat. Gure kañoyaren ondoan lertu zan, eta zortzi edo bederatzi soldadu kristauaren itxurik gabe puskatu eta zuaitz gañetara bota zituan.
Guk egin genduan eskapada latza; gu ere txoko artara baginjoazen, eta gu iritxi baño lentxeago gertatu zan ori. Guk entzun genduan kañonazoa, eta bagendakigun antxen bertan sartu zala; eta, gu iritxi giñanean, orduantxen ari ziran ildakoen puskak kamilletan jartzen, zortzi edo bederatzi kamilla errenkadan. Arek ematen zuan tristura!
Guk aurrera segitu genduan mendi-gallurreraño, eta an zegoan beste batalloi bati erreleboa egin genion. Emen beste egun batzuk pasa giñun.
Emen gure kaboarena esango det. Gure eskuadrako lenengo kaboa Jose Llorente zan, napar erdelduna, eta au Gorbea-Txiki-ko burrukan il zan. Geroztik Alfredo Alegre Cedillo zan gure kabo egiten zuana, kazereñua bere izatez. Oso mutil fiña zan, eta, gerran gebiltzala, mendi batzuetan izaten giñun txabola koxkor batzuk lotarako, eta gure kabo au iya gauero negarrez egoten zan.
Goizean, esnatzen giñanean, nik esaten nion:
¿Qué te pasa, Alfredo, que toda la noche la pasas llorando?
¡Que me acuerdo mucho de mi familia, mi pare, mi mare y mi novia! ¡Estoy deseando marcharme a casa! ¡No sé cómo estará ya mi cortijo!
Eta gero, ni Pamplona-ko ospitalean erituta negoala, zerbaitetara joan nintzan gure kuartelera, eta an ikusi nuan gure kabo Alegre ori sarjento eginda zegoala, ofizialen gelan. An egon giñan izketan eta nik esan nion:
¡Hombre! ¿Tú también por aquí, Alfredo?
Eta erantzun zidan:
Sí; he ascendido a sargento y me va gustando cada vez más la vida militar y aquí estamos.
Lenago etxera joateko amorratzen zegoan, eta gero bertan “reengantxatu”.
|