22


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Salaberria Sebastian »  Neronek tirako nizkin »  22

Sebastian Salaberria. Neronek tirako nizkin

XXII


Gure agintariak esan ziguten bazegoala beste erri bat Yurre izena zuana, gure kontrarioen mende zegoana, eta uraxen artu bear genduala. Agintariak erabaki zuten gure konpañia zala erri ori artu bear zuana, eta ala erten giñan gu Yurre aldera.

Piñutegi aundi batzuetan barrena ginjoazen. Orta, gure kantore bikain ura, bidean kantari zijoan gizarajoa, eta kapitanak esan zion:

Oye, Orta: está bien que vayamos de buen humor, y lo mismo que a tus compañeros me encantan también a mi tus canciones, pero por si acaso más vale que vayamos callandito sin que nos sienta el enemigo.

Eta orrelaxen ixildu zan betiko.

Kapitanarekin gu amabost edo ogei bat euskaldun giñan aurren xamar ginjoazenak. Mayatzaren ogei ta laua zan, eta bero ikaragarria gañera.

Bide erdian bezela, arkitu genduan irurogei ta zortzi edo amar bat urte zituan gizon zar bat, euskaldun bizkaitarra, andikan onera bidez-bide zetorrena.

Kapitanak zenbat eta zer jende zegoan jakin nai zuan, eta asi zitzayon zer edo zer galdetzen. Bañan aitona zar arek etzekien erderaz mintzatzen, eta gure kapitanak ere ez euskeraz, eta ola esan zigun orduan:

¡A este no se le entiende nada! ¡A ver si hay algún vasco que pueda hablar con este señor!

Orduan guk galdetu genion:

Zer degu, aitona? Nora zoaz?

Eta erantzun zigun:

Onera zuengana! Or ez dago bizitzerik! Or ez dago bizitzerik!

Zer ba?

Zer ba? Beste askori bezela, neri ere ostu dizkidate etxean nituan beyak, txalak, olloak eta gauza guztiak! Aspertu naiz jende orrekin bizitzen eta zuengana nator!

Kapitanak esan zigun galdetzeko ia Yurre erri artan jende asko zegoan, eta gizon zar arek erantzun zigun:

Ez dago iñor erri ortan! Aldegin dute danak, beren kañoi eta gerrarako tresna guztiak artuta beste mendiaren atzera! Pake ederra utzi dute!

Aitona zar arek ernegatuta bezela erantzuten zuan, bañan ala ere gure kapitanak etzituan sinisten arek esandako gauza guztiak, eta etzuan arrazoyaren paltarik. Guri esan zigun gerra-denboran tranpa asko izaten zala, eta galdetzeko berriro:

Hay que preguntarle de nuevo.

Ala, berriz aiton orri galdetu genion:

Aizu, aitona: ia egia dan zuk esaten dezuna, or ez dagoala iñor erri ortan.

Orixe! Etzerate piyatzen? Etzerate piyatzen? Neu joango naz aurretik! Ez bazerate piyatzen nik esandakoakin eta erri ortara bazoazte, neroni jarriko naz zuen aurretik, eta erakutsi eta lagunduko dizuet!

Kapitanari esan genion, eta arek:

¡Muy bien! ¡Que se ponga!

Etzitzayon gaizki iruditu gizon ori gure aurretik jartzea. Esan zigun orrelaxen joango giñala ederki, gizon arek jakingo zuaIa ango berri, eta beti ere mesede egingo zigula.

Orrelaxen joan giñan bide guztian: gizon zar ori gu baño amar bat metro aurrerago zala, eta gu fusilla bizkarrean konfiantza osoan.

Bañan baserri bat zegoan errira iritxi baño pixka bat lentxeago. Emen nabaitu genduan eiz-zakur bat zaunkaz ari zala. Ateak eta leyoak itxita zeuden, eta nik esan nien nere lagunai:

Mutillak: siñale txarra dek au! Emen eztagoala iñor, e? Zakur onen nagusia etxe ontatik joan izan balitz, eiztariak ain maite izaten duan bere txakurra, etzuan etxe barruan aztuta utziko!

Erri guzia ixil-ixilik zegoan, eta, errian sartzen asi giñan momentuan, aiton ori rau!, ezkutatu egin zitzaigun erriaren sarreran zegoan etxe batean.

Eta ura ezkutatu zanean, zabaldu ziran erri guztiko leyo-zuloak, eta danak fusillakin eta ametralladorakin ikusi genituan. “Oraintxe egin diagu lan ederra!”, esan genduan.

Ekin zioten alde guztietatik gure kontra tiroka. Balazoak kazkabarra bezela zetozten. Gu danak bistan giñan, eta bakoitzak al zuan tokira ezkutatzen asi giñan.

Mayatzaren bukaera zan eta erri onek bazeukan bere inguruan gari-sail aundi bat, eta gure soldadu-lagun asko eta asko gari-tarte ontara sartu ziran, kontrarioak ez ikustearren.

Bañan abek ederki ikusten zuten gari-sail ura nola ari zan jendez betetzen, eta alako batean asi ziran ametralladorakin tiroka. Gari guztia segarekin bezelaxen moztu zuten, eta antxen gelditu ziran nere lagun asko ilda. Bertan egon bear izan zuten ogei ta bi egunean, ez gure aldekoak eta ez bestekoak artzerik izan etzalako.

Batzuk erri inguruan zabaldu ziran, eta beste batzuk berriz etxe baten atzean gorde giñan. Batzuek esaten zuten:

Emen gaizki gaudek, eta atera egin bear diagu emendik!

Bañan bein andik atera ezkero, etzegoan ezeren babesik, dana garbi baitzegoan; eta ateratzen ziran danak, an il edo eritzen ziran. Eta jakiña: ayek ala ikusi ta besteak bertan gelditu giñan.

Bañan gure sarjentoa ere an zegoan, eta ala esan zigun bere pistola aundia erakutsiaz:

Hala, muchachos! ¡Hay que salir de aquí en seguida a luchar!

Ala, pentsaturik antxen izango zala nere azken ordua, Jaungoikoari otoitz egiten asi nintzan:

Jesus, Jesus! Lagun zaiguzu ordu larri ontan!

Ori esanaz atera nintzan ni andik. Ikusi nuan etxetik amabost bat metrora nola zegoan aran-arbol zar bat, eta arentxen ipurdian gorde nuan nere burua. Burua maite, noski!

Nik tiro bat tira nuan, ez dakit nora, bañan oñak nunbait bistan gelditu ziran, eta berealaxen eman zidaten tak! oin batean. Begira jarri nintzan, eta tak! bestean.

Tiro batekin, nola baitzan “bala explosiva” izenekoa, ezkerreko oñaren erdia puskatu eta zintzilik utzi zidaten; beste tiroarekin eskubiko zankoan ebaki edo zauri luze bat egin zidaten.

Segituan abiatu nintzan ipurdiaren gañean, arrastaka-arrastaka eta fusillaren arrimuan, odol-arrasto aundia lurrean egiten nuala.

Ez dakit bitartean zenbat bala sartuko zan nere inguruan. Arropa guztiak lurrez bete zizkidaten beintzat. Milagrua dala dirudi, bañan nunbait Jaungoikoak ez nai eta ez niñuten geyago jo.

Ta deadarra egiten nuan esanaz:

Ez al dago iñor ni emendik aterako naunik? Ez al dago iñor ni emendik aterako naunik?

Deadarra euskeraz egiten nuan. Orduan ez nintzan oroitzen erdera zanik ere.

Ta kapitanak oju aundi bat egin zien kamilleroai, esanaz:

¡A ver: ese muchacho está muy mal y llevadlo allí arriba!

Etorri ziran korrika Orta kantorea eta Agorreta zeritzayon beste bat. Artu eta jarri niñuten kamillan. Bañan altxatzen asi ziranean, ayetako bat, Orta, jo zuan bala batek kopetean eta bertan gelditu zan ilda, ai! bat ere esan gabe.

Agorreta-k, ori ikusi zuanean, azkar aldegin zuan korrika al zuan tokira, ni bertan utzita.

Neri beldurrik aundiena ematen zidan, kontrarioak ari zirala etxeetatik ateratzen, eta pentsatzen nuan abek arrapatzen baniñuten bizia ere kenduko zidatela. Berriro ere deadar egiten nuan:

Ez al zerate or iñor ni aterako nazutenik?

Ontan etorri zan korrika sarjento bat, ondarrutarra, mutil aundi hat, eta esan zidan:

Zer egin ditek, Salaverria?

Ez naizela gauza ibiltzeko eta emen dirala!

Nik eramango aut!

Artu niñun bizkarrean eta abiatu zan. Piñutegira iritxi bitartean, atzetik tira ta tira aritu zitzaizkiguten, bañan ez giñuzten jo.

Nik odol-ixuri aundia neukan nere zaurietatik eta bere arropak nere odolarekin zikindu nizkion, bañan etzan asarretzen, eta berari zor diot bizia.









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org