|
Sebastian Salaberria. Neronek tirako nizkin
XXIII
Piņutegi artan arkitu genduan kapellau bat, eta arek egin zidan lendabiziko sendaketa.
Gero kamillan artu eta goiko tontorrera igotzen asi niņuten. Ala, piņutegi artan beetikan gora ginjoazela, guri laguntzera zetorren beste konpaņi bat topatu genduan.
Kontrarioak, ordea, tira zuten kaņonazo bat, eta soldadu asko zegoan tokira erori zan granada, eta soldadu asko il zituan, mandoak ere bai. Gizonen puskak arbolen gaņean ikusten ziran, eta beste asko erituta karraxika. Ematen zuan azken juizioko eguna zala. Bazter guztiak erretzen ari ziran eta lurra berriz illez eta erituz estalia.
Gure konpaņikoak gutxi izan ziran bizirik geldituak. Geyenak il egin ziran, eta bizirik gelditu giņanak ere erituta.
Beste konpaņi geyago ere etorri ziran gure aldekoak, eta egun guztia tiroka jardun ondoren illunabarrean ixildu omen zan tiroteoa, eta antxen egon ziran makiņa bat egunean ixil-ixilik, kontrarioak errian eta gureak piņutegian. Gero, agintariak erri ori artzea pentsatu zutenean, tiro bat ere egin gabe artu zutean. Ez omen zegoan iņor erri ortan. Danak aldegiņak omen ziran.
Goiko tontorrera iritxi giņan eta emen zegoan Puesto de sanidad deritzayona. Emen zeuden medikuak eta danak.
Mando-mordo bat ere bazegoan, eta teniente mediku batek esan zuan, gutxieneko iru edo lau ordu bear zirala beeko kamiyora jeixteko, eta mando oyetako baten gaņean jarri eta jetxiko niņutela. Onelaxen esan zuan:
A éste que le bajen en un mulo.
Ta nik erantzun nion mediku ari:
Perdone, mi teniente: todavía quiero vivir. He perdido mucha sangre y si me ponen en un mulo me quedaré sin nada.
Alegia: barkatzeko mesedez, baņan oraindik bizi egin nai nuala al bazan, eta ez nintzala mandoaren gaņean jarriko; lenago odol asko ixuri nuala, baņan mandoaren gaņean jartzen banintzan, dinbili-danbala ibilliko zala mandoa, eta gelditzen zitzaizkidan odol-pizarrak zaurietatik bereala aterako zirala, eta neroni batere konturatu gabe ilda geldituko nintzala.
Orduan jarri zizkidaten bi kamillero. Artu niņuten kamillan eta gomarekin oso estu lotu zizkidaten oņak, zauriak baņo goraxeagotik, odolik erten etzedin.
Baņan mendi oyetan zear neramatela, aguantatu ezin alako miņa ematen zidaten goma ayek. Nik pixka bat askatu edo lasaitu egiten nituan, eta orduan berriro asten zan odola erteten.
Kamilleroak, asarreturik, errietan eman eta lotu egiten zidaten, esanez:
Goma oyek askatzen badituk, ilda geldituko aiz odol dana galduta!
Min ederra ematen zidaten, baņan ez nuan geyago gomarik ikutu.
Nik ez dakit egun artan bero aundia egiten zualako edo nere zauriak ematen zidaten eriotz-larritasunagatik edo zergatik, baņa nik egarri ikaragarria nuan.
Mendi ayetan nun-nai zegoan ur ederra, eta nik beti nere kamilleruai ura eskatzen nien. Ontzi bat bazuten kantinflora izenekoa, gerrian zintzilik ibiltzen zutena, eta antxen ematen zidaten. Pozik asko edaten nuan!
Mendi-bide ayetan ginjoazela, gure kontrarioak tiratzen zituzten kaņonazoak 15 y medio izeneko kaņoyarekin, eta baziran gure buruaren gaņetik urruti gabe pasatzen ziran granadak. Alakoetan kamilleroak plast! lurrera botatzen niņuten nere kamilla eta guzti, eta berak ere gurdi-bidearen txokoan etzaten ziran, granadak jotzeko beldurrez.
Gero berriz ere artu eta segi egiten zuten, beeko kamiyora iritxi giņan arte.
Emen egon giņan anbulantziko kotxe bat etorri arte. Kamiyo ontan bazegoan soldadu- mordo bat, eta aben artean nere lagun oyartzuar bat, beste konpaņi bateko arrantxeroa. Ni ala erituta ikusi niņunean, arriturik galdetu zidan:
Zer egin ditek, motel?
Oņak elbarritu zizkidatek eta zutik ezin nauk egon.
Eta gizarajoak, nitzaz urrikaldurik, esan zidan:
Zerbait jateko gogoa bai al daukak? Bazeuzkat lukainka, urdai-azpiko, arrautzak, aragia, kafea, koņak eta danetik.
Baņan nik beti gauza bat eskatzen nuan: ura. Nere erantzuna auxen izan zan:
Emaidak mesedez ura!
Eta alaxen ekarri zidan botilla batean ur fresko ederra eta gustora asko edan nuan; uraxen bakarra baitzan une artan nere gorputzak eskatzen zuana.
|